2009/12/21

Bizkaiko jaunak, Gaztelako zaldun

Artikulu honen titulua Antonio Villanueva Edo-ren liburu baten izenburua da. Bizkaiko jaun edo alferizak, Gaztelako zaldunak izan direla iradoki nahi izan du esaldiaren bidez Villanueva jaunak. Hortik, erraz uler daiteke Bizkaia Gaztelako erresumaren menpekoa izan dela, sekula ez duela estaturik eduki, bizkaitarrak Gaztelako erregeen menpeko alferiz eta soldadu leial eta fidelak izan direla. Horixe da Franquismoan kontatu ziguten historia eta foruzale askok zabaldu duten bertsioa. Karlisten Erregea, Foruak, Jainkoa eta Herria izeneko leloa ere Espainiako erregea aipatzen da, ez Nafarroakoa. Negazionismoak lelo hori euskal herritarren naziotasunaren pizgarria izan bailitzan aurkeztu dute liburu batean baino gehiagotan. Historia aldrebestu egin dute. Baina historia horrek badu egi-egia bat: EAEko euskal herrialdeetan sekula ez da estaturik egon, ez bada nafar jentilizioarekin. Hortaz, Bizkaian ez da estaturik egon Bizkaia estatu nafarraren parte izan zelako. Estatua nafarra zen, harik eta Lopez Harokoak traizio egin arte. Eta uler dezagun estatua moneta, zuzenbide propioa, administrazioa eta armada dituen herrialde antolatu baten erakunde lez.

Estanislao Jaime de Labayru-k, eta orduz geroztik beste historiagile batzuek ere, beti ukatu dute Bizkaiaren nafarkidetasuna. Bizkaia eta beste herrialde historikoak “Euskal Estatuak” bailiran presentatu dizkigute abertzaleek eta foruzaleek, baita liberal espainiarrek ere. Bizkaiko jaunen nafartasuna ezkutatu egin dute luzaro.

Eneko Lupiz Bizkaiko lehen jauna tenente nafarra zen. Garai hartan tenenteak eta gazteluak estatu eta erregeen oinarri inportanteak ziren lurraldeetan zer gertatzen zen jakiteko eta lurrak berak erresumaren barruan irauteko eta defendatzeko. Errege nafarrak Eneko Lupizi berari emandako dokumentuan Bizkaiko errege izendatzen du bere burua. Errege nafarra, beraz, Bizkaiko errege ere izanik, Gaztelako jaun edo alferiz baino lehenago. Eta Bizkaia, beti ere, Durangaldea kenduta, orduko Bizkaia ez baitzen egungoa bezain zabala. Egia da Lopez Harokoak gaztelar izatea nahiago izan zutela errege nafarrari traizio eginez, baina horrek ez du kentzen egia historikoa zein den. Familia batek lur berriak edukitzea eta dirua eta agindua nahiko erakargarria izango zen garai hartan, oraintxe izan ahal den bezalatsu. Horregatik aipatu behar da traizio hitza, nahiz eta batzuek nahiagoko duten “jario historiko” esamoldea erabili. Beraz, Anakleto Ortueta bizkaitarrak edo Urzainqui goinafarrak dioten bezala, nola arraio pentsa daiteke Bizkaiak pertsonalitate politiko burujabea eduki duela antzinako denboretatik? Hor hasten da euskaldunon bereiztea eta abertzaleek irentsi duten historia. Nafarroako estatua lurrez txikituz joan dira arerioak eta larriagoa dena, sinetsiaraziz nafar eta baskoen arteko bereizketa. Berdin gertatu da historian Aragoako goi lurrekin esaterako. Aragoako Iparraldeko bailaretan bizi izandako jendea nafar jatorrikoa da eta zen antzina. Baina senak edo izanak ahantzarazteko hori baino hoberik ez dago: semantikan sartu eta objektuen izenen esangura aldatu. Euzkadi kontzeptuarekin ere antzeko zerbait gertatu da, orain beste entitate bat bihurtu baitute, PPko jendeak ere onartzeraino. Pertsona talde batek erabakia hartzen duenean eta boterea baldin badu, gauza da garai batean ulergarria ez dena asmatzeko edo beste zentzu bat emateko. Baskoiak ziren nafarrak eta baskoiak ere Gaskuniakoak... Orain baskoak Nafarroako Mendebaldekoak soilik omen dira eta baskonafarrik ez dukete nahi Goi Nafarroan euskalzaletasunaren etsaiek.

Dokumentuek argiro erakusten dute Iruñeko errege Santxo Peñalen-goaren edo Gartzia Naiarakoaren garaian oraingo hiru herrialdeak: Araba, Bizkai osoa (Durangaldea eta Bizkaia) eta Gipuzkoa nafarrak zirela. 1076. urtean hasi zen egungo Bizkaiko parte baten traizioa. Eneko Lupiz, beraren seme Lope Iñigez eta beronen suegroa Diego Alvarez-en bitartez burutu zen traizioa Errioxako lur nafarretan. Tenentzia nafarrak hereditario bilakatu ahal izatea karamelu gozoegia zen tenente nafarrentzat, lege nafarrak desberdinak zirelako. Ez zitzaien inporta izan beren erregeari traizio egitea lurjabe aberatsak eta Gaztelapeko Bizkaiko jaun bilakatzeagatik. Hori da bizkaitar batzuek hainbeste estimatzen duten Lopez Haroko familiaren historia, Penintsula Iberikoan mairuak hiltzeagatik ere ospetsu bihurtu zena. Gure herkideek errazegi gurtu dute familia hori eta ez dute ikertu nahi izan beren iraganean, tamalez. Bizkaiko hiriburuan oroikarria du Diego Lopezek, Gaztelako alferizak.

Sabin Arana-k uko egiten die Arturo Campionen ideiei eta honela dio, Urzainquik jasotzen duen bezala: “Gipuzkoak eta Arabak Gaztelako erregea bera izendatu zuten erregetzat; lehenengoak 1200 urtean eta bigarrenak 1332.ean. Erregetzat batzuen arteko erlazioak baziren izan baina ez subjektu politiko berean; ez zegoen euskal estatuen arteko batasunik Estatu espainiarrarekikorik, ezta beraien artekorik ere... Nafarroa 1512an konkistatu zuen Espainiako erregeak, eta orduz geroztik horixe izan zen Nafarroako errege, Espainiako errege izateaz gain”

Arananismoak ez du bere egiten nafarkidetasunaren arazoa, foruzaleen ikuspegi historikoa daukalako, Labayru, Garibay eta enparauen ikusmoldeari arrazoi emanez. Dena zerotik hasi behar zen abertzaletasunaren garaian, herri hitzari a letra erantsi behar: euzkaldunon aberria Euzkadi da. Herri hitza, antza, jada ez zen nahikoa patria-ren kontzeptua adierazteko. Gotzain, garrantzi, axota, berebil eta horrelako makina bat hitz asmatu ziren. Hainbat gauza eta hipotesi asmatu ziren. Nazionalismoaren aroa zen eta historia maite zuen Arturo Campion jakintsuak ez zuen hainbesteko arrakastarik ukan, ez behintzat Mendebaldeko Nafarroan. Goi Nafarroan hasitako kultur eta historia eskola edo joera inportantea albo batera utzi zuten Mendebaldeko nafarrek. Orain, inoiz baino biziago dagoen eskola da: nabarrismoa. Abertzalismoak huts egin duela uste dute batzuek euskaldunon historiaren ikuskerari dagokionenean. Gaztelarren ikusmoldea bere egin du Aranak sortutako joera ideologikoak, goinafarrak eta gainerako herritar nafarrak batzea aldarrikapen estrategikotzat ez baitu ikusi, historiaren jarioko gertaera normala izan bailitzan, benetako arazoaren mamira jo ordez: gure historiaren bertsio fidelena aldarrikatzea. Orain, abagunea da Nafarroa osoaren historia gogoratzeko eta Mendebaldeko Nafarroako herrialdeetan gure nafarzaletasuna agertarazteko, lurralde baten edo besteren independentzia baino inportanteagoa da hori. Noiz eta Euskal Herriko Mendebaldean nafarzaletasuna aldarrikatzen baita, orduantxe hasiko gara zerbait izaten euskaldunok.


Artikulu hau Creative Commons 3.0 aitortza lizentziaduna da. Beraz, nahikoa da egilearen datuak hauek jartzea edonon argitaratu ahal izateko:

Jakobe Palazioberri
Getxo [Mendebaldeko Nafarroa]

No hay comentarios: