2010/08/07

Nafartasuna hedatu arte ez da konponduko euskal arazoa

Euskaldunon herrian bizi garenok problema kultural eta politiko latza dugu, herria zeharo banaturik daukagulako. Bere buruari izena emateko orduan ados ipintzen ez den herriak, mugak non dituen zalatzan dagoen herriak, sistema politiko desberdinak dituenak egoera larria bizi du. Tamalez, horixe da gure herria. Hala ere, estatudun herria da, Nafarroa izena duena.

Batzuek historiatik askatzeko gomendioa ematen dute, baita hizkuntza nazionala albo batera uzteko ere... betikoa da, euskara eta historia gorrotatzen dituzte herritar batzuen iritziz beren inperioa inportanteagoa delako euskal lurrak baino. Historiatik askatzeko diote abertzale batzuek, konturatzeke historia eta hizkuntza direla herri honen altxorrik preziatuenak eta zutabeak. Hori diote eta aldi berean gaztelaniaz edo frantsesez egiten dute inolako lotsarik gabe. Beren estatuaren historia ez dute irakurri eta seguraski asmorik ere ez. Temati eta sutsu batzuk, baina abertzale zintzoek ondo ulertuko dute zein den bidea.

Euskadi, Euskal Herria eta Nafarroa, hiru izen eta entitate bakarra banaka batzuentzat. ETBk plazaratzen duen terminologiak hiru izen horiek desberdintzen erakusten digun arren, historia nafarra irakurri eta barneratu dugunok, alta, ez dugu amorerik emanen. Aimeric Picaud-en garaian bezalatsu (orain ia mila urte) nafarrak eta euskaldunak berdinak dira; enda berekoak, euskaraz mintzo direnak dira, lurralde nafar okupatuetan bizi direnak.

Abertzaleen sineskeriak albo batera utzi behar ditugu: euskal herrialde edo tenentzia nafarren independentzia banakakoa, heraldika gaztelaua, Espainiak eta Frantziak finkatutako ikusmolde historiko garibaizalea, Esteban de Garibaytik datorkiguna... Espainiarrek Diego Lopez Haroko traidorea gur dezakete, baina ez herritar nafarrek, gipuzkoar espainiarrek Irungo desfilearen esanahia atsegin dezakete, baina ez Mendebaldeko Nafarroako ganboatarrok. Gure herrian gauzak aldatuz joan behar dugu, nafartasunaren konzientzia pizteko. Ikastolek egin ez duten lana baten batek egin beharko du, eta orain da abagunea pertsona jakintsu batzuen belaunaldia etorri zaigulako, Federico Krutwig-en emaria berreskuratu ahal izateko: Urzainqui, Esarte, Sorauren, Asiron, Ariznabarreta, Anabitarte, Mtez Garate, Recio, Rekalde, Unzueta... hainbat dira intelektualak, gure herriaren historia hankaz gora jarri dutenak, egia historikoaren alde eginez. Nafarroaren okupazio edo konkistaren V. mendeurrenean, abertzale eta nafar estatalista asko batu dira historia nafarra aldarrikatzeko. Gero eta gehiago gara eta aldarri berbera daramagu: nafar estatua kulturalki antolatzea.

Estatu zahar eta iraunkorra dugu nafarrok, historian zehar iraun duena eta egun Foix-Albret errege etxean datzana harik eta herriak azken hitza esan ahal izan arte. Errepublikazale nafarrek eta euskaldunek seguraski erreparoak jarriko dizkiote horri, erregetzen baitan sinesten ez dutelako; baina beraiek badakite jakin Espainia erresuma sistema dela eta bertan errepublikazale gehienak kontent direla. Kontua herriari boza ematea, baina ez boz espainiarra edo frantsesa, baizik eta boz nafarra. Eta bide horretan, arazoa ez dago Nafarroa Garaian ikurriña eta euskaltasuna finkatzean soilik, baizik eta arazoa Mendebaldeko Nafarroako lurraldeetan nafartasuna piztean. Horregatik batzen gara nafar estatalistok Orreagako bataila oroitzeko abuztuaren 15ean, Askatasunaren Egunean.

Artikulu hau Creative Commons 3.0 aitortza lizentziaduna da. Beraz, nahikoa da egilearen datuak hauek jartzea edonon argitaratu ahal izateko: Jakobe Palazioberri Leioa [Nafarroa]

2 comentarios:

makilakixki dijo...

Zorionak. Hunkitu egin nau zure idatziak, azken aldian burura etorri zaizkidan ideiak laburbiltzean.
Ikastolan ikasia naiz, baina gure historia berriki aurkitu dut liburuetan. Euskalduna naiz, baina funtsik gabeko mitologia batean oinarritzen zen, ahulki, nire euskaltzaletasuna. Eta nafarra naiz, Iruindarra, baina atzerritar gisa sentiarazten didate neure etxean.
Horixe baita nafarron madarikapena. Atzerritarrak ez izenik ez batasunik ez duen gure etxean eta nortasuna historiari bizkarra ematen dion fantasia sasi-mistikoetan oinarrituta. Horixe da gaztelarren erabateko garaipena.
Zuk esan bezala, nafartasuna hedatu arte ez ditugu euskaldunok gure nortasun eta herritartasun arazoak konponduko.
Zorionak berriz ere.

josetxo mikeo dijo...

Nabarra da nire herri ta nazio bakarra.
Gure herriaren egoera tamalgarria da, gure arteko esiak kontaezinak dira eta mota guzietakoak dira gainera, alako hauek tartean daudela; polikoak, lurraldekoak, gizartearenak, izkuntzakoak eta baita sikolojikoak.
Nire burujabetasuna aitortzeko eta aldarrikatzeko, eta ezagutzen ditudan talde edo erakunde politiko denak atzerriko konstituzioak onartzen dituztela ikusita eta ez dituztenak baztertuta daudenezkero, neronek nire bizitza eta nire izaera nire esku artzea erabaki dut.
Ortaz, notario batengana urbildu eta aitortuko dut nire herri eta nazio bakarra naparra dela eta, beraz, gure usadioak, ohiturak, legeak eta erakundeak besterik ez ditudala onartuko. Ondoren, aitormen hau gure lurraldeetan dauden talde eta erakunde guztiei bidaliko diet eta beraien erantzunaren zain geldituko nahiz. Beraien erantzunen arabera erabaki gehiago artuko bait dut.
Nire blogean ikusi ahal ditzakezute notarioan legitimatutako aitormena. Itzekin aspertuta nengoen eta ekiteko garaia heldu zaidala eta, neure nortasuna neronen esku artzea erabaki dut.

http://1.bp.blogspot.com/-YCVbIYgmp-M/UfeYq76yb-I/AAAAAAAAAAw/yxj8gRPU1Ho/s1600/documento.jpg

http://4.bp.blogspot.com/-LiumgOmPbts/UfeYql6RCiI/AAAAAAAAAAs/C5kiINmKjEw/s1600/documento1.jpg

http://naparradanireherriedonaziobakarra.blogspot.com.es/

Hemendik aurrera naparra besterik ez nahiz eta majo sentitzen nahiz.
Aupa Naparra ta lege zaharrak