2009/11/15

Iraganak berretsi egiten digu egungo ideologia: nafarrak gara.

Aingeru Epaltza herkide goinafarrari Berria kazetan egindako elkarrizketa irakurri ostean, out izan zitzaidan artikulu honen titulua. Iraganaren berrirakurketa egin behar izan dudalako Bizkaiaren nafartasuna aldarrikatzeko. Aldarrikapen hori ez dut nik soilik egiten, gero eta bizkaitar gehiago ezagutzen dudalako iraganaren historian ikertutakoan, nafarzaletasunaren aldarria egiten dutenak.

Anacleto Ortueta Juan de Ajuriagerra jeltzale ospetsuaren agintari militarra izan zen Santoñako Ituna izan zeneko garaian. Ortueta fededun katolikoa oso azkarra zen eta denboraren joanean eta herbestean zegoela, gauza garrantzitsu batetaz konturatu zen: abertzaleen planteamendu historiografikoa ez zen bere gustokoa. Ondoren azalduko dut hori, Ortuetaren ideiak neure egiten ditudalako. Egun biziko balitz Ortueta bizkaitarra, nafarra zela esango luke seguraski. Bizkaiko euskaltzale batzuek ere horixe diote egun.

Abertzaletasunak euskal nazio konzientzia piztu arren, foralismoaren ikuskera historikoa bere egin zuen eta euskal lurraldeen konfederakundea izan du helburu, herrialde guztiak parekatuz eta guztion identitate nafarrari uko eginez. Abertzaletasunak euskaldunon herriak izaera edo antolamendu politikoa gauzatzeko eskubidea genuela erakutsi zigun. Sabin Aranak garai hartako planteamendu etnizistak bere eginez Bizkaia independientea, Euzkadi kontzeptua eta euzkera berria aldarrikatu eta gauzatu ere gauzatu zituen. Inork gutxik pentsatuko zuen garai hartan Arana Goiriren ideiek mugimendu politiko zabala sortuko zutela eta hala ere sortu ere sortu zen mugimendua Arana anaiek lan eskerga egin zutelako arlo politikoan. Aranak bere garaiko beste euskaltzale batzuek ez bezala, ez zuen kontutan hartu Nafarroako erresumaren ibilbidea. Arana Goiri Gaztelapeko Bizkaiko jaunen herriaren historia zuen buruan, Esteban de Garibay durangarraren historia, Gaztelapeko jaun bizkaitarren historia, foruzaleen historia, oinaztarrek bultzaturiko historia, preseski. Eta horiek apropos zuten ahaztuta Nafar Erresumaren presentzia Mendebaldeko euskal herrialdeetan. Horrela izan behar zen irabazleek komeni zaiena soilik kontatzen dutelakotz; azken finean, Garibay-k Gaztelako erregearentzat lan egin zuen.

Balizko Euzkadi batuak zazpi herrialde baino ez zituen edukiko eta Nafarroa residual edo zokoratua (Nafarroa Garaia, egun) beste herrialdeen pareko bilakatuko zen. Errioxa eta Landeta, baita Pirinioetatik haratago nafarrok eduki genituen lurrak ahantziak izan ziren. Ordutik hona, abertzaleentzat, Euzkadi edo Euskadi-k Bizkaian izan du zentralitatea. Bizkai aberatsa eta populatua aberriaren zentralitatea izan eta, gudaroste eta izparringiaren euzkera zail eta asmatua mintzaira berritua bilakatu behar zen. Hizkuntza zaharra zaildu zuten horrela abertzale hiperbizkaitarrek eta egungo hizkuntz egoera kaskarra hein batean horri esker gertatu da. Horregatik, beren burua abertzaletzat duten asko egun gaztelaniara pasatzen dira nafarron hizkuntza nazionala albo batera utziz. Ideia horiek, izan ere, erabateko planteamendu iraulketa ekarri zuten eta esfera politikoan joera berria sortu zen fuerismo autonomista, espainiarzaletasun eta frantziazaletasunarekin lehian hasteko. Abertzalismoa sortua zen eta Campion eta gainerakoen ideiak ahantzi xamar geratu ziren, abertzalismoa indar handiak hartzen ari zelako Bizkaian.

Bistan da Arturo Campion euskaltzaleak ez zituela Sabin Aranaren planteamendu historikoak. Goinafarraren ustez, euskaldun ororen historia Nafar Estatuan zentratzen zen, Nafar Erresuman hain zuzen ere. Campionek, Iturraldek, Pedro Nabaskotzek eta hainbat euskaltzalek euskal nazioa kulturan eta historian oinarritu nahi zuten, zentralitatea Nafarroako Estatuan jarriz; euskaldunok inoiz estatua izan badute Nafarroako erregeekin gertatu baita hori.

Baina, tamalez, Campion-eta kultur jendea zen ororen gainetik eta liburu ederrak eta hunkigarriak idatzi arren, abertzaleen ikuskera berria nagusitu zen. Ordutik hona, urteak pasatu dira eta nabarrismoa berriz ere indartzen ari da historialari nafar batzuei esker. Ideia zaharkituak direla erranen dute batzuek, baina hori diotenek argiro ikusten dute Euzkadi kontzeptuarekin zer gertatu den. Euzkadi hori, hedabideek aireratzen dutena ez da inondik inora abertzaleek nahiko luketena. Eta Goi Nafarroan, errespetu handirik ez dute ukan euskaltzale goinafarrekin. Hori dela-eta, gauzak aldatzea ez litzateke txarra izango.

Noiz eta Bizkaiko politikariek Lopez Harokoaren estatua kentzen baitute eta gure errege nafarren oroikarriak jartzen baitituzte, orduantxe sinetsiko diegu abertzaleei hertzaleok. Abertzaleek bandera nafar gorria EAEn, hots, Mendebaldeko Nafarroan ez erabiltzea goinafar euskaltzale askorenganako afruntu edo laidoa dateke. Batzuek aberrian sinesten dukete, nik herrian soilik, nafarren herrian, ganboatarren eta agramondarren herrian. Abertzaleek espainiar eta frantsesek bezala, mugak eta trabak jarri dituzte kultura amankomunean oinarrituz Mendebaldeko Nafarroak, Goi Nafarroak eta gainerako lurraldeek euskaltzaletasuna aldarrika dezaten. Iraganak berresten du gure ideologia. Libertatea, errespetua eta iragan lapurtuaren berreskuratzea gogoan eduki ezik, Villanueva Edo, García de Cortázar eta enparauek kontatzen diguten historiaren bertsiotik ez dira irtengo gure seme-alabak. Abertzalismotik hertzaletasunerako pausoa eman behar dugu eta inteligentziatik sortu Federico Krutwig, Alfonso Irigoien, Esarte, Sorauren, Urzainki eta hainbat intelektualek egin bezala gure kultura eta historia ikusteko molde berria.

Hasteko lehen oinarria ipinita dago: zer eta Nafarroa Batuaren mapa historikoa. ETBren mapa berriak ongisko adierazten du nafarroi traizioz eta armaz konkistatutako lurraldeak zein diren. Inperialistak izateke, eta errioxarrak atzerritartzat dituzten abertzale horiek ez bezala, nabarrismoak politikarako saltoa eman behar duke. Baiezkoan nago eta ongarria litzateke abertzaletasunaren bilakaera edota haustura, baldin eta nafarrok politikoki benetan batzea nahi izanez gero. Gero eta gehiago dira basko eta nafar sinonimotzat dutenak. Iruñea ez da soilik Goi Nafarroako hiriburua, Iruñeak zentralitatea errepresentatzen du nafartzat sentitzen garen askorentzat.

Historiaren logika hautsi egiten da askotan, onerako zein txarrerako. Nafarroaren kasuan, txarrerako izan da azken 800 urte honetan. Mendebaldeko Nafarroako lurrak Gaztelaren menpe geratu ostean, nafarrok Pirinioetatik haratago irautea suertatu zitzaigun Frantziarekin botore politikoa galdu arte. Data esanguratsua ere izan genuen: 1512. urtea, Gaztelapeko oinaztar-beamondarrek gure kontra egin zutenekoa Iruñea armaz konkistatuz. Laster beteko da horren urtemuga eta abertzale batzuek horri ez diote erreparatuko segurik. Baina hertzale nafarrek bai, gogoan izango dute data hori, gure herriak baturik irautea nahi dugulako. Nafarroa Batua ukan behar du helburu hertzaleak; abertzaleak, ostera, euskal komunitateren baten independentzian baino ez du pentsatzen, herrialdeen status quo-a arazo nagusia ez delako uste baitu. Ganboatarrontzat Nafarroa oraindik existitzen da Bizkaiko lurretan, baita Gipuzkoan eta Araba osoan ere. Nire arbasoak nafarrak ziren, Araban eta Bizkaian bizi izan arren. Nafar adjektiboaren erabilera paradigma aldaketaren gauzatzea da. Nabarralde-k, SUBO-k, Nafartarrak elkarteak eta gainerako elkarte kulturalak paradigma aldaketaren hazia eta pizgarri dira, politikarako saltoa ez da gertatu baina. Kulturatik abiatzen diren mugimendu politikoak ongi etorriak bitez! Krutwig-ek hamaika aldiz eskatutakoa lortzeko gauza izango ote gara euskaldunok: kulturan oinarritutako Baskonia Zaharraren berritzea.

Logika, historian, status quo-aren aldaketagabeko bidea baino ez da. Eta herritarrok maiz aldaketak eskatzen ditugu gaizki eginak salatu egin behar direlako. Nabarrismoak EAEn arrakasta edukitzea litzateke mugarri ederra, abertzale eta espainizale askok ongi ikusiko ez dutena, azken buruan, abertzale zein espainiar nazionalista batzuen zentralitatea Madrilen eta Vocento-ren produktuetan baitago oraindino.

Iragana geratzen da eta iragan horren gaineko egia berreskuratu behar dugu, nahi dugunok eta sinestunak. Fedegabekoak ere ez dira mugituko eta status quoarekin kontent izango dira. Baina, nabarrismoak egiten duen bezala, hobe da ezker-eskuin eta ideologia guztietatik heltzen diren kritikei erantzutea egia historikoa berreskuratu ahal izateko.


Artikulu hau Creative Commons 3.0 aitortza lizentziaduna da. Beraz, nahikoa da egilearen datuak hauek jartzea edonon argitaratu ahal izateko:

Jakobe Palazioberri
Leioa [Mendebaldeko Nafarroa]

2009/08/30

Elhuyar entziklopediaren ikuskera traketsa, Nafarroarena


Elhuyar-en hiztegi entziklopedikoak ondoko eran dakar 'Nafarroa' sarrera:
'Euskal Herriko lurralde historikoa. 1530.az geroztik bitan zatituta dago... Nafarroa Garaiaren izen ofiziala Nafarroa da. Hortaz, gaur egun, Nafarroa aipatzen denean, Nafarroa Garaia bakarrik aipatzen ari dela ulertu ohi da... Aragoako Fernandok Nafarroa eta Frantziako erresumei gerra egin zien (1512). Haren tropen gidari Albako dukea zela, Nafarroa osoa hartu zuen... Ondorioz, Nafarroako erregeak Pabera erbesteratu behar izan zuen...'

Definizio hori dela-eta, zenbait gogoeta egingo ditut ondoko lerroetan gure jakintza entziklopedikoaren gezurrak agerian uzteko, Mendebaldeko Nafarroako Bizkaitik ere salatu behar dugulako gure seme-alabek testuetan topatzen dutena. Horrez gain, zilegi bekit Euskal Herria eta Nafarroa hitzak bereiztea, hori baita nire aburua.

Lehenik, 'Nafarroa' termino politikoa da oroz gain, euskal estatu bakarra adierazteko erabili dena hainbat mendetan. Beraz, hasteko, 'Nafarroa' Euskal Herriko estatuaren izena da batez ere, eta ez abertzale eta espainiarrek nahi duten moduan, probintzia edo herrialdea. Europaren historia ikasi duen edonork daki Nafarroak erresuma ukan duela, baita armada, zergak eta gainerakoak ere... eta herri edota estatua izan dela. Kanpoko adituek ezagutzen dutena, zergatik ez dute zenbait abertzalek ezagutzen? Hori da galdera.
Bigarrenik, gezur galanta da Albako dukeak Nafarroa osoa hartu zuela. Nafarroa kontinentalak independentziarekin segitu baitzuen hainbat urtez Ipar Nafarroan... testu hori idatzi duen historialariaren Nafarroa ez da historian izan den benetako Nafarroa, hau da, Nafarroa residualetik haratago dauden lurrak ere kontsideratu behar baititugu nafartzat (kronologian, behintzat). Tamalez, bertoko historialari abertzale askok ez dute ikasi Nafar Erresumaren lurrak non izan diren.

Hirugarrenik, larria iruditzen zait Albako duke traidorearen izena agertzea eta ez aipatzea Enrike II nafar erregea. Euskal historia nazionala desitxuratzea da hori. Are gehiago kontutan hartzen badugu entziklopediak aipatzen duela Fernando erregeak 'gerra egin ziola' Nafarroari, konkistatzeko asmoa aipatzeke. Fernando erregeak idatziko zuen bezalaxe idatzi dukete Elhuyar kultur taldekoek pasarte hori.

'Historia garaileek idazten dute' eta Mendebaldeko Nafarroako hiru probintzietan ederki irentsi dute amu hori azken mendeetan. Batzuek ahantzi egiten dute Bigorra eta Pabe nafarrak izan zirela, Akize eta Gaskoniako (edo Baskoniako) hainbat herri bezala. Errua Toledoko historiografian eta Aranismoan aurkitzen dugu. Abertzaletasunaren esparruan Euskal Herriko Euskal Estatu independienteen paradigmak min handia egin dio gure nazioari. Sabin Aranaren ikuskera hori oztopo nagusia bilakatu da euskaldunon benetako historia zabaltzeko, Nafarroaren benetako historia gure seme-alabei pasatzeko. Anakleto Ortuetak aipatu eta Tomas Urzainki goinafarrak jasotzen duen bezala, gure herriaren arerioek geuretzat bailitzan ikusmolde hori sartu nahi izan digute Euskal Estatu independienteen hipotesiaren bidez.

Horrez gain, entziklopediako sarreraren ondoko mapan Nafarroaren gerakinak islatzen dira abertzaletasunak sortutako ikuskerari esker: Goi Nafarroako merindadeak baino ez dira ageri; ez dago Mendebaldeko Nafarroaren arrasto bat ere. Ez Labraza (Oion), ez Tolosaldea, ezta Durangalde nafarra ere. Sarreran ez da igartzen Nafarroaren historiaren euskal ikuskera eta Gaztelako konkista odoltsua 'Albako konteak Nafarroa osoa hartu zuen' leloarekin azaltzen da, 'konkista' hitza bazter utzita. Beamondarrek ez zuten hobeto idatziko gure herriaren historia desitxuratua, halafede! Nafarroak, ordea, bestelako historia du, Ahaide Nagusien borroken garaitik datorkiguna, ganboatar eta agramontesek idatzi behar izan dutena euskaldunen nafar instituzioak eta historia nazionala zabaltzearren. Ez da horrela izan, eta orain lan eskerga egin beharko dugu galtzaileen egia historikoa gure herriari kontatzeko.

Horixe da ikastoletan eta gainerako euskal eskoletan euskaldunek jasotzen duten historia gure herriaz. Abertzaletasunak, tamalez, ikusmolde espainiar eta gaztelautik bere egin du euskal lurren historia. Gaztelak konkistatutako herria ukatua da oraindik abertzale askoren ahotan. Nafar guztion historia desitxuratu egin da eta abertzaletasuna egiaz haratago joan da Irungo desfilea bezalako ekitaldiak bultzatuz eta bere eginez. Euskal lur guztien batasuna bazter lagatu da euskal abertzaletasunaren ideologoen artean jakintasun eza nabaria izan delako/zelako. Esteban de Garibay, Larramendi eta Arana izan dira karlismoaren oinordeko izandako abertzaletasunaren aitapontekoak (edo maiz aipatuak eta goretsiak). Eta tamalez diot, zeren Campion, Iturralde, Nabaskoitze, Moret eta beste ikerlari eta aditu batzuek gure historiaren ikuskera zuzenagoa baitzuten eta ahantziak izan dira.

Nafarzaletasunaren aldekook erronka handia dugu aurrean. 'Euskal Herria' hitza toponimoa da eta ni ez naiz nor esateko topononimo geografikoa baino ez dela. Euskal Herria hitza politikaren arlora pasatu dute batzuek eta seguraski ez zaie arrazoia falta hori egiteko. Nik, hala ere, ez nuke inola ere egingo, gure herria izendatzeko Nafarroa hitza lehenetsiz. Euskal estatuaren izena Nafarroa da eta abertzaleek erabilitako Euzkadi eta Euskadi terminoak ez ditut gogoko. Azken buruan, gure herria zatikatzeko baino ez dute balio izan. Egun, seguraski EAJko kide erdiek onartzen dute Euskadi-ren erreferentzia hiru probintziei buruzko aipamenak soilik egiteko eta kontent dira horrekin Goi Nafarroa eta gainerako lurrak arrotzak bailiran joz. Goi Nafarroa bertze gauza bat bezala ikusten dute eta mendebaldeko abertzaleek gutxiegi egin dute hori gerta ez zedin. Getxon, turismo sailak erabiltzen duen mapa Mendebaldeko Nafarroako hiru probientziena da, zenbait batzokitan Nafarroa edo Euskal Herri osoko mapak ikusi ordez, Gaztelapeko hiru probintziena soilik ageri da. Abertzaletasunetik harantzago pauso bat gehiago emateko ordua heldu da. Hego Euskal Herriko bi komunitateak batu barik, zaila izanen da abertzaleek zerbait lortzea. Benetako abertzaleek ez dute nazionalista espainiarren beldurrik eduki behar eta mundu horretan ere arrantzan egin behar dute. PSOEko askok harro erran ohi dute aberririk ez dutela eta eznazionalistatzat dute beren burua. Horiek izan daitezke gure historia, egiazko historia ikasi ahal dutenak, baita alderdi abertzaleetako politikari asko ere. Horiek buruan, nafarzaletasuna zabaldu nahian, euskaldunoi kontatu dizkiguten gezurrak agerian jarri behar. Horrela, Nafarroako bandera gorria, gure himno nafarra, gure gazteluen gaineko informazioa, geure Ahaide Nagusien arteko borrokak... dena agerian jarri behar dugu euskaldunen belaunaldi berriak gezurren gainean bizi ez daitezen. Eta inoiz aipatzekotan, 'Goi Nafarroa' izenaz aipatu Nafarroako Foru Komunitatea deritzona, inola ere ez Nafarroa izen soilaz, Nafarroa gure herriaren estatuaren izena delako. Eskerrak izen hori beren burua nafartzat duten bizkaitar, arabar eta gipuzkoar askoren bihotzean dagoen oraindik ere. 1200 eta 1512tik oraindino dirau ganboatar eta agramondarren suak.

Jakobe Palazioberri. Irakaslea. Leioa (Mendebaldeko Nafarroa)

Artikulu honek CC 3.0 (egiletza, berdin partekatu) lizentzia du (copyleft). Beraz, ez da beharrezkoa baimenik eskatzea beste nonbait argitaratzeko. Mapa edo irudia ere lizentzia horren pean dago.

2009/08/10

Ibañetako borrokak eta egungo Nafarroa

Orreagako gudua Ibañetako mendatean gertatu zen 778. urtean, abuztuaren 15ean. Orreaga eta Luzaide artean, Pirinioetan, nafarrak soldadu trebeak zirela eta historian hatza uzteko gai zirela erakutsi zuten. Ibañetan, Carolus Handiaren armadaren atzeguardia garaitua izan zen Iruñetik bueltan, seguraski nafarren haserrea piztutakoan Iruñeko harresia suntsitzeagatik. Roland ospetsua, Carolus enperadorearen iloba zena, bertan garaitu zuten Eneko Haritzaren soldadu nafarrek. Eta nafarrak zirela diodanean uler dezagun euskaldunak, hots, akitaniarrak, Mendebaldeko Nafarroako leinukoak (autrigoiak, karistiarrak eta barduliarrak) eta baskoiak. Denak nafarrak, denak euskaldunak eta denak baturik euskaldunon etxea defenditzearren. Guti gorabehera, ETBko eguraldi mapa berrian agertzen diren lurretan ziren nafarrak. Eta lur guztietatik batu ziren euskal lurrak defenditzearren.

Gure historian lar inportantziarik ez diogu eman gertaera horri eta, aldiz, gehiegi eman zaio Toledoko historiografiatik datorren historiaren ikusmoldeari. Aranismoak espainiar historiografia onartu zuen, Hegoaldeko lau herrialdeak bereiztea naturaltzat-edo joz; eta oraindik horretan ari da orohar. T amalez, ezer guti egin dute Mendebaldeko Nafarroan bizi diren abertzaleek Goi Nafarroakoekiko anaitasuna egiazki errealitate bihurtzeko. Eta hortixek dator abertzale batzuen pentsamoldea euskal herrialdeak erabat bereiztuz independienteak balira bezala. Toledoko historialariek, García de Cortázar eta enparauek maisuki nabarmendu dute euskaldunok elkarrengandik banatzeko izan diren gertakariak, batzekoak izan direnak gutitan aipatuz edo ezkutatuz. Ederki aireratu dute erromatarrak nonahi izan zirela euskal lurraldeetan, benetan esan gabe 'erromatarrak' kontzeptua bi moldetara uler daitekeela: jatorri latindarra duena, arraza latindarrekoa alegia; edo bertoko euskalduna kulturalki kultura erromatarra duena. Hortixek hasi behar dute historialariek egungo herritarrok ez nahastearren. Veleiako bisita ulertzeko ezinbesteko argibidea, nire ustez; eta nik behintzat ez nuen bertan entzun.

Moret jesuitak ez bezala, aranistek ez dute topatu historian euskaldunon batasuna. Hori dela-eta, erreferentzia historikoak nahiko modernoak izan dira eta Orreagako batailarena edo 1200 inguruko Bizkaiko lur zenbaiten galerari ez diote garrantzirik eman. Hortik ondoriozta daiteke Mendebaldeko Nafarroa eta Goi Nafarroa bereizteari inportantzia handirik ez ematea. 'Euzkadi' termino berria usteltzeraino ere heldu dira aranista batzuk, Euskadi Mendebaldeko Nafarroako hiru herrialdeei soil-soilik egokituz. Horri atxikiz, orain beste argudio bat darabilte sasiabertzale horiek: demokrazian herrialde bakoitzak erabaki dezala lurralde horretan gehienek nahi dutena. Sabin Aranaren printzipioetan arraza da nonahiko argudioa, eta again horrexegatik egon zen hain makal historiaren esparruan.

Abertzaleek terminologia eta historiaren ikuskera aldatzea mende honetako zeregina izango da. Hizkuntza komunikazio tresna denez gero, semantikak garrantzi handa du. Hitzak nola darabiltzagun ausnartu behar dugu. Hitzen esangura ondo pentsaturik plazaratu behar ditugu gure ideiak. Baina ipin ditzadan adibideak. Nik Goi Nafarroako erreferentziak izendatzeko 'Goi Nafarroa' edo 'Nafarroa Garaia' terminoak darabiltzat; inoiz ez 'Nafarroa', onoma hori euskaldunon lurra politikoki izendatzeko uzten dudalako. Toponimo izatetik haratago dago 'Nafarroa' berba. Nafarroa Euskal Herriaren sehaska eta erresuma izan den aldetik, termino politikoa da. Bizkaia, Gipuzkoa edo Araba, niretzat jada ez dira lehen mailako termino politikoak, 'Mendebaldeko Nafarroa' terminoaz ordezkatzen ditudalako edo beraien alboan ipintzen beti. 'Euskal Herri' terminoa geografikoa eta neutroa den bezala, toponimoa alegia, egun 'Nafarroa' termino politiko iraultzailea bilakatu zaigu, Euskal Herriaren aurka daudenek ongisko dakiten bezala. UPN euskal nabarrismoaren beldurrago da aranismoaren baino beldurrago apika, azken honi kontra egiteko aski argudio daude-eta. UPN-k, jatorri frankista duen partidua izanik, jende guti konbentzi dezake baldin eta benetako historia plazaratzen badugu... UPNko kide askok ez dakite zein izan den Goi Nafarroaren historia eta historia hori dakitenak manipulatzen trebeak izan dira. Aranismotik zein alderdi nazionalista espainiarretatik abiaturik, herritarrek Nafarroaren historia zein izan den jakin behar dute.

Karlismotik abertzaletasunerako pausoa eman zen bezalaxe, ongarria litzateke abertzaletasunaren gabeziak eta erruak ezagutzeko eta gure lehentasunak euskal lurren nafar batasunean jartzeko. Ni, bizkaitarra izanik, nafarra ere banaiz, Menndebaldeko Nafarroakoa, bizkaitarren antzinako lehen jauna tenente nafarra izan zelako, Lopez Haroko leinuaren arbasoa, 1200 urte inguruan ekialdeko nafar erregeari traizio egin ziona. Bizkaia erregio bihurtu zen karlismoaren garaian eta abertzaletasun joera batek ere erregio espainiar bihurtu du Nafarroa osoa. Pausoa emateko unea heldu da. Nafarroa Batua aldarrikatzeko unea da eta Mendebaldeko Nafarroan partidu politiko nafarra sortzeko. Norbaitek egin behar duke eta abertzaletasun antzuarekiko harremanak apurtu paradigma berria sortzeko. Gu-geu gara nafarrok, Euskal Herriaren sena gordetzearren senperrenak egiteko prest gaudenok, intelektualki hain aberatsak izan ziren Arturo Campion, Iturralde, Ortueta eta enparauen lana ongi zabaldu ez zelako. Garai berrien zain, Orreagan, abuztuaren 15ean, Gora Nafarroa Batua!

Artikulu hau Creative Commons 3.0 aitortza lizentziaduna da. Beraz, nahikoa da egilearen datu hauek jartzea edonon argitaratu ahal izateko:

Jakobe Palazioberri
Leioa (Mendebaldeko Nafarroa)

2009/06/29

Ziraukiko alkatearen hitzak Noain 09 ekitaldian

Pedro Apeztegia Ziraukiko alkate independientearen partehartzea ikus dezakezue ondoko bideo honetan.

Atarribiko alkatearen hitzak Noain 09 ekitaldian

Nafarroa Bai koalizioko Pello Gurbindo alkate atarrabiarraren mintzaldia ikus daiteke ondoko bideoan. Getze herrian grabatu nuen Nabarralde Kultur Elkarteak antolatutako Noain 09 ibilaldian.

Noain 09, Bergarako alkatesaren hitzak

Noain 2009 ekitaldian Nafarroa osoko hiru alkatek parte hartu zuten atzo. Bideo honetan, Agurne Barruso alkatesa bergararraren partehartzea ikusi ahal da. Igandeko ekitaldiko fotografiak ikusitakoan, oraingo honetan mintzaldien txanda da. Mirari Bereziartuak Bergarako alkatesari ematen dio txanda. Bideoa Goi Kalitatean (SVCD) ikus daiteke beheko HQ botoia sakatuz gero.

2009/06/28

Noain 2009 argazkitan

Nafarroa Garaiko Galar herrian (Getze izenarekin ere ezagutua) Noain 2009 ekitaldia burutu da gaur. Bideo hau egin dut nafarren himnoa jarriz. 120 foto inguru erabili ditut ikusentzunezko bideoa burutzeko. Gaur gure oihua Gora Nafarroa Batua eta Askatua (ez "askatuta") izan da, Noaingo ordokietan 1521ean hildako 5000 nafarrak oroituz. Flickr gunean dituzue argazkiak, baita foto-pasea ere.

2009/06/27

Bizardunak taldea Nafarroari kantuka

Bizardunak taldeak Nafarroari kantatzen dio bideo polit honetan

2009/06/23

Noaingo guda oroituz

Noaingo guda

Noain-en, Nafarroa Garaian, euskaldunok independentzia galdu genuen. Nafarroako erregeak ezin izan zuen berreskuratu Nafarroa Garaia, erresumaren parte handiena Gaztela-Aragoako koroaren menpe utziz. Noaingo zelaietan buruz buru izan genituen bi armada. Tamalez, Nafarroako erregearen aldekoek galdu zuten, Espainiako tropen artean Nafarroako Mendebaldeko hainbat euskaldun egonik. Beamondarrak nagusitu ziren agramondarren aurka. Hori gogoan, aurten ere ekitaldi batzuk prestatu dira Nabarralde Kultur Elkartearen bidez. Iñigo Saldise-k artikulu ederra dauka gaian gehiago sakondu nahi izanez gero. Goiko irudian, Noaingo oroikarria ageri da, eta bertan batzartuko dira hain zuzen ere Nafarroako herrialde guztietatik etorritako agramontes eta ganboatar berriak Nafarroaren batasuna eta subiranotasuna aldarrikatzeko. Mendebaldeko Nafarroatik ere (Bizkai, Gipuzkoa eta Arabatik) igaz baino herritar gehiago espero dira igandeko ospakizunean. Hitzaldiak ere prestatu dira 24, 25 eta 26rako. Hona hemen, Nabarraldek prestatutako iragarkia:

2009/05/24

Mikel Sorauren Wikipedian

Historialari ona, jatorra eta Nafarroaren historia (Euskal Herriarena, alegia) ulertzeko eta zabaltzeko irakasle paregabea: Mikel Sorauren. Nabarralde-kidea da eta Wikipedian bere biografia falta zen orain arte. Horri ekion nion atzo. Emaitza, Mikel Soraurenen beraren gustokoa izatea espero dut:

Lingua navarrorum:
http://eu.wikipedia.org/wiki/Mikel_Sorauren

Roman paladino:
http://es.wikipedia.org/wiki/Mikel_Sorauren


2009/05/21

Wikirioja-k Gartzia Naiarakoa erregearen nafartasuna ezkutatzen du

Errioxako autonomi elkarteko Wikirioja entziklopedia egiten dihardute Nafarroako lurralde horretan. Gaur Nafarroako errege izandako Gartzia Naiarakoaz dagoen informazioa eskuratu nahirik, bertan murgildu naiz. Harri eta zur geratu naiz informazioa jaso dudanean. Nafarroa edo nafar hitzak behin ere ez dira ageri testuan. Gartzia Naiarakoa erregea Errioxakoa zela ematen dute aditzera. Naiara hirian jaioa eta errege ere Naiarakoa, Nafarroa existitu ez balitz bezala. Imagina dezagun une batez, Juan Carlos erregea espainiarra nor den azaltzeko Andaluziako erregea dela idazten dugula entziklopedian Espainia behin ere aipatu gabe. Gartzia Naiarakoa Santxo Nagusiaren semea izan zen. Tamalez, errioxar espainiar askok ukatu egiten dute egun lur horien nafartasuna, baita benetako historia ezkutatuz ere. Hona hemen testu polemikoa:

El rey García de Nájera: su neta condición de riojano y najerino la expresa Yepes con estas palabras: ”Este rey nació en Nájera, crióse en Nájera, tuvo su corte en Nájera y está enterrado en Nájera, y así generalmente le llaman don García de Nájera”.

Era hijo primogénito del gran rey Sancho el Mayor, por lo que heredó el trono de Nájera el año 1035. Contrajo matrimonio con la infanta doña Estefanía Berenguer de Fox, hija de los condes de Barcelona. Tuvieron diez hijos, de los que seis fueron varones y cuatro mujeres.

Las crónicas lo consideran como “el mejor guerrero de la época”, y Gonzalo de Berceo lo describe como “un firme caballero, noble campeador”. Conquistó a los moros la plaza de Calahorra, “siella de bispalia”, como anota Gonzalo de Berceo, en el año 1045, yendo personalmente con la reina al año siguiente a celebrar la fiesta de san Emeterio y san Celedonio, como se representa en un gran mural de la capilla de los mártires, dentro de la actual catedral. Se le considera el fundador del monasterio de San Millán de Yuso o de Abajo, aunque lo realizó su hijo y sucesor Sancho IV. Yendo de caza y persiguiendo la presa, encontró en la santa cueva una imagen de la Virgen, con una campana y una paloma a sus pies. En recuerdo de este hecho mandó construir en aquel lugar el monasterio de Santa María la Real de Nájera, de tanta resonancia en la historia de España. El propio rey con su familia introdujo la costumbre de la Salve sabatina, de donde pasó a la Casa Real Española y a la devoción universal de todos los cristianos. Por cuestión de fronteras, guerreó con su hermano Fernando I, rey de Castilla (el primero) y de León, quien le venció en la batalla de Atapuerca en el año 1054, donde desgraciadamente murió don García. Su cadáver fue traído a Nájera y enterrado en el monasterio de Santa María la Real, inaugurado solemnemente dos años antes. Desde entonces se convirtió el monasterio en panteón de los reyes (después de El Escorial, es quizá el principal de España) y de nobles caballeros.