2010/01/03

Nabarralde elkartearen sorrera eta nabarrismoa

Leire Sasiain eta Leire Martijak egindako bideolan polit honetan Nabarralde elkartearen sorrera eta nabarrismoa zer den kontatzen digute.

2010/01/02

Nafarzaletasuna lehen eta orain, geroan ere ote?

Hona hemen Ekaitz Aranberrik eta Xabier Ibargurenek egindako bideolan ikusgarria Nafarzaletasunari buruz. Kontuz, datuekin, Nafarroako banderakoak ez baitira kateak zortzi ertzeko izarra baizik.

2010/01/01

Amaiurko gaztelua

Cristina Pascual eta Ainhoa Arrizabalagak egindako bideolan ederra Amaiurko gazteluaz. Geure historia ulertzeko lan pozgarria, ezbairik gabe.

2009/12/31

Erriberri herriko gaztelu nafar paregabea

Ainhoa Barandiaranek eta Izaskun Vazquezek egindako lan hau ikusitakoan, Erreberri edo Oliteko gazteluaren edertasunaz konturatuko zarete, baita gaztelu honen historiaz ere.

2009/12/30

Nafarroaren Eguna Baigorrin

Jone Bati Zabalak eta Jon Ferrer-ek egindako bideolan eder honetan nafarren festa dugu ikusgai.

2009/12/29

Nafarroaren historiazko gezurrak

Ikusgarria, benetan, Ibon Hernandok eta Mikel Peñak egindako bideolana Nafarroaren historiaz kontatutako gezurrak agerian jartzeko.

2009/12/28

Joane Albretekoa nafar erregina

Maider Lizarriturrik eta Nahikari Santanok egindako bideolan honetan Joane Albretekoa nor izan zen ikusiko duzue. Erregina kalbinista eta kulturaren aldekoa, zabala eta haundia euskaldun ororentzat, nahiz eta arerio euskaldunak ukan Mendebaldeko Nafarroan.

2009/12/21

Bizkaiko jaunak, Gaztelako zaldun

Artikulu honen titulua Antonio Villanueva Edo-ren liburu baten izenburua da. Bizkaiko jaun edo alferizak, Gaztelako zaldunak izan direla iradoki nahi izan du esaldiaren bidez Villanueva jaunak. Hortik, erraz uler daiteke Bizkaia Gaztelako erresumaren menpekoa izan dela, sekula ez duela estaturik eduki, bizkaitarrak Gaztelako erregeen menpeko alferiz eta soldadu leial eta fidelak izan direla. Horixe da Franquismoan kontatu ziguten historia eta foruzale askok zabaldu duten bertsioa. Karlisten Erregea, Foruak, Jainkoa eta Herria izeneko leloa ere Espainiako erregea aipatzen da, ez Nafarroakoa. Negazionismoak lelo hori euskal herritarren naziotasunaren pizgarria izan bailitzan aurkeztu dute liburu batean baino gehiagotan. Historia aldrebestu egin dute. Baina historia horrek badu egi-egia bat: EAEko euskal herrialdeetan sekula ez da estaturik egon, ez bada nafar jentilizioarekin. Hortaz, Bizkaian ez da estaturik egon Bizkaia estatu nafarraren parte izan zelako. Estatua nafarra zen, harik eta Lopez Harokoak traizio egin arte. Eta uler dezagun estatua moneta, zuzenbide propioa, administrazioa eta armada dituen herrialde antolatu baten erakunde lez.

Estanislao Jaime de Labayru-k, eta orduz geroztik beste historiagile batzuek ere, beti ukatu dute Bizkaiaren nafarkidetasuna. Bizkaia eta beste herrialde historikoak “Euskal Estatuak” bailiran presentatu dizkigute abertzaleek eta foruzaleek, baita liberal espainiarrek ere. Bizkaiko jaunen nafartasuna ezkutatu egin dute luzaro.

Eneko Lupiz Bizkaiko lehen jauna tenente nafarra zen. Garai hartan tenenteak eta gazteluak estatu eta erregeen oinarri inportanteak ziren lurraldeetan zer gertatzen zen jakiteko eta lurrak berak erresumaren barruan irauteko eta defendatzeko. Errege nafarrak Eneko Lupizi berari emandako dokumentuan Bizkaiko errege izendatzen du bere burua. Errege nafarra, beraz, Bizkaiko errege ere izanik, Gaztelako jaun edo alferiz baino lehenago. Eta Bizkaia, beti ere, Durangaldea kenduta, orduko Bizkaia ez baitzen egungoa bezain zabala. Egia da Lopez Harokoak gaztelar izatea nahiago izan zutela errege nafarrari traizio eginez, baina horrek ez du kentzen egia historikoa zein den. Familia batek lur berriak edukitzea eta dirua eta agindua nahiko erakargarria izango zen garai hartan, oraintxe izan ahal den bezalatsu. Horregatik aipatu behar da traizio hitza, nahiz eta batzuek nahiagoko duten “jario historiko” esamoldea erabili. Beraz, Anakleto Ortueta bizkaitarrak edo Urzainqui goinafarrak dioten bezala, nola arraio pentsa daiteke Bizkaiak pertsonalitate politiko burujabea eduki duela antzinako denboretatik? Hor hasten da euskaldunon bereiztea eta abertzaleek irentsi duten historia. Nafarroako estatua lurrez txikituz joan dira arerioak eta larriagoa dena, sinetsiaraziz nafar eta baskoen arteko bereizketa. Berdin gertatu da historian Aragoako goi lurrekin esaterako. Aragoako Iparraldeko bailaretan bizi izandako jendea nafar jatorrikoa da eta zen antzina. Baina senak edo izanak ahantzarazteko hori baino hoberik ez dago: semantikan sartu eta objektuen izenen esangura aldatu. Euzkadi kontzeptuarekin ere antzeko zerbait gertatu da, orain beste entitate bat bihurtu baitute, PPko jendeak ere onartzeraino. Pertsona talde batek erabakia hartzen duenean eta boterea baldin badu, gauza da garai batean ulergarria ez dena asmatzeko edo beste zentzu bat emateko. Baskoiak ziren nafarrak eta baskoiak ere Gaskuniakoak... Orain baskoak Nafarroako Mendebaldekoak soilik omen dira eta baskonafarrik ez dukete nahi Goi Nafarroan euskalzaletasunaren etsaiek.

Dokumentuek argiro erakusten dute Iruñeko errege Santxo Peñalen-goaren edo Gartzia Naiarakoaren garaian oraingo hiru herrialdeak: Araba, Bizkai osoa (Durangaldea eta Bizkaia) eta Gipuzkoa nafarrak zirela. 1076. urtean hasi zen egungo Bizkaiko parte baten traizioa. Eneko Lupiz, beraren seme Lope Iñigez eta beronen suegroa Diego Alvarez-en bitartez burutu zen traizioa Errioxako lur nafarretan. Tenentzia nafarrak hereditario bilakatu ahal izatea karamelu gozoegia zen tenente nafarrentzat, lege nafarrak desberdinak zirelako. Ez zitzaien inporta izan beren erregeari traizio egitea lurjabe aberatsak eta Gaztelapeko Bizkaiko jaun bilakatzeagatik. Hori da bizkaitar batzuek hainbeste estimatzen duten Lopez Haroko familiaren historia, Penintsula Iberikoan mairuak hiltzeagatik ere ospetsu bihurtu zena. Gure herkideek errazegi gurtu dute familia hori eta ez dute ikertu nahi izan beren iraganean, tamalez. Bizkaiko hiriburuan oroikarria du Diego Lopezek, Gaztelako alferizak.

Sabin Arana-k uko egiten die Arturo Campionen ideiei eta honela dio, Urzainquik jasotzen duen bezala: “Gipuzkoak eta Arabak Gaztelako erregea bera izendatu zuten erregetzat; lehenengoak 1200 urtean eta bigarrenak 1332.ean. Erregetzat batzuen arteko erlazioak baziren izan baina ez subjektu politiko berean; ez zegoen euskal estatuen arteko batasunik Estatu espainiarrarekikorik, ezta beraien artekorik ere... Nafarroa 1512an konkistatu zuen Espainiako erregeak, eta orduz geroztik horixe izan zen Nafarroako errege, Espainiako errege izateaz gain”

Arananismoak ez du bere egiten nafarkidetasunaren arazoa, foruzaleen ikuspegi historikoa daukalako, Labayru, Garibay eta enparauen ikusmoldeari arrazoi emanez. Dena zerotik hasi behar zen abertzaletasunaren garaian, herri hitzari a letra erantsi behar: euzkaldunon aberria Euzkadi da. Herri hitza, antza, jada ez zen nahikoa patria-ren kontzeptua adierazteko. Gotzain, garrantzi, axota, berebil eta horrelako makina bat hitz asmatu ziren. Hainbat gauza eta hipotesi asmatu ziren. Nazionalismoaren aroa zen eta historia maite zuen Arturo Campion jakintsuak ez zuen hainbesteko arrakastarik ukan, ez behintzat Mendebaldeko Nafarroan. Goi Nafarroan hasitako kultur eta historia eskola edo joera inportantea albo batera utzi zuten Mendebaldeko nafarrek. Orain, inoiz baino biziago dagoen eskola da: nabarrismoa. Abertzalismoak huts egin duela uste dute batzuek euskaldunon historiaren ikuskerari dagokionenean. Gaztelarren ikusmoldea bere egin du Aranak sortutako joera ideologikoak, goinafarrak eta gainerako herritar nafarrak batzea aldarrikapen estrategikotzat ez baitu ikusi, historiaren jarioko gertaera normala izan bailitzan, benetako arazoaren mamira jo ordez: gure historiaren bertsio fidelena aldarrikatzea. Orain, abagunea da Nafarroa osoaren historia gogoratzeko eta Mendebaldeko Nafarroako herrialdeetan gure nafarzaletasuna agertarazteko, lurralde baten edo besteren independentzia baino inportanteagoa da hori. Noiz eta Euskal Herriko Mendebaldean nafarzaletasuna aldarrikatzen baita, orduantxe hasiko gara zerbait izaten euskaldunok.


Artikulu hau Creative Commons 3.0 aitortza lizentziaduna da. Beraz, nahikoa da egilearen datuak hauek jartzea edonon argitaratu ahal izateko:

Jakobe Palazioberri
Getxo [Mendebaldeko Nafarroa]

2009/11/15

Iraganak berretsi egiten digu egungo ideologia: nafarrak gara.

Aingeru Epaltza herkide goinafarrari Berria kazetan egindako elkarrizketa irakurri ostean, out izan zitzaidan artikulu honen titulua. Iraganaren berrirakurketa egin behar izan dudalako Bizkaiaren nafartasuna aldarrikatzeko. Aldarrikapen hori ez dut nik soilik egiten, gero eta bizkaitar gehiago ezagutzen dudalako iraganaren historian ikertutakoan, nafarzaletasunaren aldarria egiten dutenak.

Anacleto Ortueta Juan de Ajuriagerra jeltzale ospetsuaren agintari militarra izan zen Santoñako Ituna izan zeneko garaian. Ortueta fededun katolikoa oso azkarra zen eta denboraren joanean eta herbestean zegoela, gauza garrantzitsu batetaz konturatu zen: abertzaleen planteamendu historiografikoa ez zen bere gustokoa. Ondoren azalduko dut hori, Ortuetaren ideiak neure egiten ditudalako. Egun biziko balitz Ortueta bizkaitarra, nafarra zela esango luke seguraski. Bizkaiko euskaltzale batzuek ere horixe diote egun.

Abertzaletasunak euskal nazio konzientzia piztu arren, foralismoaren ikuskera historikoa bere egin zuen eta euskal lurraldeen konfederakundea izan du helburu, herrialde guztiak parekatuz eta guztion identitate nafarrari uko eginez. Abertzaletasunak euskaldunon herriak izaera edo antolamendu politikoa gauzatzeko eskubidea genuela erakutsi zigun. Sabin Aranak garai hartako planteamendu etnizistak bere eginez Bizkaia independientea, Euzkadi kontzeptua eta euzkera berria aldarrikatu eta gauzatu ere gauzatu zituen. Inork gutxik pentsatuko zuen garai hartan Arana Goiriren ideiek mugimendu politiko zabala sortuko zutela eta hala ere sortu ere sortu zen mugimendua Arana anaiek lan eskerga egin zutelako arlo politikoan. Aranak bere garaiko beste euskaltzale batzuek ez bezala, ez zuen kontutan hartu Nafarroako erresumaren ibilbidea. Arana Goiri Gaztelapeko Bizkaiko jaunen herriaren historia zuen buruan, Esteban de Garibay durangarraren historia, Gaztelapeko jaun bizkaitarren historia, foruzaleen historia, oinaztarrek bultzaturiko historia, preseski. Eta horiek apropos zuten ahaztuta Nafar Erresumaren presentzia Mendebaldeko euskal herrialdeetan. Horrela izan behar zen irabazleek komeni zaiena soilik kontatzen dutelakotz; azken finean, Garibay-k Gaztelako erregearentzat lan egin zuen.

Balizko Euzkadi batuak zazpi herrialde baino ez zituen edukiko eta Nafarroa residual edo zokoratua (Nafarroa Garaia, egun) beste herrialdeen pareko bilakatuko zen. Errioxa eta Landeta, baita Pirinioetatik haratago nafarrok eduki genituen lurrak ahantziak izan ziren. Ordutik hona, abertzaleentzat, Euzkadi edo Euskadi-k Bizkaian izan du zentralitatea. Bizkai aberatsa eta populatua aberriaren zentralitatea izan eta, gudaroste eta izparringiaren euzkera zail eta asmatua mintzaira berritua bilakatu behar zen. Hizkuntza zaharra zaildu zuten horrela abertzale hiperbizkaitarrek eta egungo hizkuntz egoera kaskarra hein batean horri esker gertatu da. Horregatik, beren burua abertzaletzat duten asko egun gaztelaniara pasatzen dira nafarron hizkuntza nazionala albo batera utziz. Ideia horiek, izan ere, erabateko planteamendu iraulketa ekarri zuten eta esfera politikoan joera berria sortu zen fuerismo autonomista, espainiarzaletasun eta frantziazaletasunarekin lehian hasteko. Abertzalismoa sortua zen eta Campion eta gainerakoen ideiak ahantzi xamar geratu ziren, abertzalismoa indar handiak hartzen ari zelako Bizkaian.

Bistan da Arturo Campion euskaltzaleak ez zituela Sabin Aranaren planteamendu historikoak. Goinafarraren ustez, euskaldun ororen historia Nafar Estatuan zentratzen zen, Nafar Erresuman hain zuzen ere. Campionek, Iturraldek, Pedro Nabaskotzek eta hainbat euskaltzalek euskal nazioa kulturan eta historian oinarritu nahi zuten, zentralitatea Nafarroako Estatuan jarriz; euskaldunok inoiz estatua izan badute Nafarroako erregeekin gertatu baita hori.

Baina, tamalez, Campion-eta kultur jendea zen ororen gainetik eta liburu ederrak eta hunkigarriak idatzi arren, abertzaleen ikuskera berria nagusitu zen. Ordutik hona, urteak pasatu dira eta nabarrismoa berriz ere indartzen ari da historialari nafar batzuei esker. Ideia zaharkituak direla erranen dute batzuek, baina hori diotenek argiro ikusten dute Euzkadi kontzeptuarekin zer gertatu den. Euzkadi hori, hedabideek aireratzen dutena ez da inondik inora abertzaleek nahiko luketena. Eta Goi Nafarroan, errespetu handirik ez dute ukan euskaltzale goinafarrekin. Hori dela-eta, gauzak aldatzea ez litzateke txarra izango.

Noiz eta Bizkaiko politikariek Lopez Harokoaren estatua kentzen baitute eta gure errege nafarren oroikarriak jartzen baitituzte, orduantxe sinetsiko diegu abertzaleei hertzaleok. Abertzaleek bandera nafar gorria EAEn, hots, Mendebaldeko Nafarroan ez erabiltzea goinafar euskaltzale askorenganako afruntu edo laidoa dateke. Batzuek aberrian sinesten dukete, nik herrian soilik, nafarren herrian, ganboatarren eta agramondarren herrian. Abertzaleek espainiar eta frantsesek bezala, mugak eta trabak jarri dituzte kultura amankomunean oinarrituz Mendebaldeko Nafarroak, Goi Nafarroak eta gainerako lurraldeek euskaltzaletasuna aldarrika dezaten. Iraganak berresten du gure ideologia. Libertatea, errespetua eta iragan lapurtuaren berreskuratzea gogoan eduki ezik, Villanueva Edo, García de Cortázar eta enparauek kontatzen diguten historiaren bertsiotik ez dira irtengo gure seme-alabak. Abertzalismotik hertzaletasunerako pausoa eman behar dugu eta inteligentziatik sortu Federico Krutwig, Alfonso Irigoien, Esarte, Sorauren, Urzainki eta hainbat intelektualek egin bezala gure kultura eta historia ikusteko molde berria.

Hasteko lehen oinarria ipinita dago: zer eta Nafarroa Batuaren mapa historikoa. ETBren mapa berriak ongisko adierazten du nafarroi traizioz eta armaz konkistatutako lurraldeak zein diren. Inperialistak izateke, eta errioxarrak atzerritartzat dituzten abertzale horiek ez bezala, nabarrismoak politikarako saltoa eman behar duke. Baiezkoan nago eta ongarria litzateke abertzaletasunaren bilakaera edota haustura, baldin eta nafarrok politikoki benetan batzea nahi izanez gero. Gero eta gehiago dira basko eta nafar sinonimotzat dutenak. Iruñea ez da soilik Goi Nafarroako hiriburua, Iruñeak zentralitatea errepresentatzen du nafartzat sentitzen garen askorentzat.

Historiaren logika hautsi egiten da askotan, onerako zein txarrerako. Nafarroaren kasuan, txarrerako izan da azken 800 urte honetan. Mendebaldeko Nafarroako lurrak Gaztelaren menpe geratu ostean, nafarrok Pirinioetatik haratago irautea suertatu zitzaigun Frantziarekin botore politikoa galdu arte. Data esanguratsua ere izan genuen: 1512. urtea, Gaztelapeko oinaztar-beamondarrek gure kontra egin zutenekoa Iruñea armaz konkistatuz. Laster beteko da horren urtemuga eta abertzale batzuek horri ez diote erreparatuko segurik. Baina hertzale nafarrek bai, gogoan izango dute data hori, gure herriak baturik irautea nahi dugulako. Nafarroa Batua ukan behar du helburu hertzaleak; abertzaleak, ostera, euskal komunitateren baten independentzian baino ez du pentsatzen, herrialdeen status quo-a arazo nagusia ez delako uste baitu. Ganboatarrontzat Nafarroa oraindik existitzen da Bizkaiko lurretan, baita Gipuzkoan eta Araba osoan ere. Nire arbasoak nafarrak ziren, Araban eta Bizkaian bizi izan arren. Nafar adjektiboaren erabilera paradigma aldaketaren gauzatzea da. Nabarralde-k, SUBO-k, Nafartarrak elkarteak eta gainerako elkarte kulturalak paradigma aldaketaren hazia eta pizgarri dira, politikarako saltoa ez da gertatu baina. Kulturatik abiatzen diren mugimendu politikoak ongi etorriak bitez! Krutwig-ek hamaika aldiz eskatutakoa lortzeko gauza izango ote gara euskaldunok: kulturan oinarritutako Baskonia Zaharraren berritzea.

Logika, historian, status quo-aren aldaketagabeko bidea baino ez da. Eta herritarrok maiz aldaketak eskatzen ditugu gaizki eginak salatu egin behar direlako. Nabarrismoak EAEn arrakasta edukitzea litzateke mugarri ederra, abertzale eta espainizale askok ongi ikusiko ez dutena, azken buruan, abertzale zein espainiar nazionalista batzuen zentralitatea Madrilen eta Vocento-ren produktuetan baitago oraindino.

Iragana geratzen da eta iragan horren gaineko egia berreskuratu behar dugu, nahi dugunok eta sinestunak. Fedegabekoak ere ez dira mugituko eta status quoarekin kontent izango dira. Baina, nabarrismoak egiten duen bezala, hobe da ezker-eskuin eta ideologia guztietatik heltzen diren kritikei erantzutea egia historikoa berreskuratu ahal izateko.


Artikulu hau Creative Commons 3.0 aitortza lizentziaduna da. Beraz, nahikoa da egilearen datuak hauek jartzea edonon argitaratu ahal izateko:

Jakobe Palazioberri
Leioa [Mendebaldeko Nafarroa]

2009/08/30

Elhuyar entziklopediaren ikuskera traketsa, Nafarroarena


Elhuyar-en hiztegi entziklopedikoak ondoko eran dakar 'Nafarroa' sarrera:
'Euskal Herriko lurralde historikoa. 1530.az geroztik bitan zatituta dago... Nafarroa Garaiaren izen ofiziala Nafarroa da. Hortaz, gaur egun, Nafarroa aipatzen denean, Nafarroa Garaia bakarrik aipatzen ari dela ulertu ohi da... Aragoako Fernandok Nafarroa eta Frantziako erresumei gerra egin zien (1512). Haren tropen gidari Albako dukea zela, Nafarroa osoa hartu zuen... Ondorioz, Nafarroako erregeak Pabera erbesteratu behar izan zuen...'

Definizio hori dela-eta, zenbait gogoeta egingo ditut ondoko lerroetan gure jakintza entziklopedikoaren gezurrak agerian uzteko, Mendebaldeko Nafarroako Bizkaitik ere salatu behar dugulako gure seme-alabek testuetan topatzen dutena. Horrez gain, zilegi bekit Euskal Herria eta Nafarroa hitzak bereiztea, hori baita nire aburua.

Lehenik, 'Nafarroa' termino politikoa da oroz gain, euskal estatu bakarra adierazteko erabili dena hainbat mendetan. Beraz, hasteko, 'Nafarroa' Euskal Herriko estatuaren izena da batez ere, eta ez abertzale eta espainiarrek nahi duten moduan, probintzia edo herrialdea. Europaren historia ikasi duen edonork daki Nafarroak erresuma ukan duela, baita armada, zergak eta gainerakoak ere... eta herri edota estatua izan dela. Kanpoko adituek ezagutzen dutena, zergatik ez dute zenbait abertzalek ezagutzen? Hori da galdera.
Bigarrenik, gezur galanta da Albako dukeak Nafarroa osoa hartu zuela. Nafarroa kontinentalak independentziarekin segitu baitzuen hainbat urtez Ipar Nafarroan... testu hori idatzi duen historialariaren Nafarroa ez da historian izan den benetako Nafarroa, hau da, Nafarroa residualetik haratago dauden lurrak ere kontsideratu behar baititugu nafartzat (kronologian, behintzat). Tamalez, bertoko historialari abertzale askok ez dute ikasi Nafar Erresumaren lurrak non izan diren.

Hirugarrenik, larria iruditzen zait Albako duke traidorearen izena agertzea eta ez aipatzea Enrike II nafar erregea. Euskal historia nazionala desitxuratzea da hori. Are gehiago kontutan hartzen badugu entziklopediak aipatzen duela Fernando erregeak 'gerra egin ziola' Nafarroari, konkistatzeko asmoa aipatzeke. Fernando erregeak idatziko zuen bezalaxe idatzi dukete Elhuyar kultur taldekoek pasarte hori.

'Historia garaileek idazten dute' eta Mendebaldeko Nafarroako hiru probintzietan ederki irentsi dute amu hori azken mendeetan. Batzuek ahantzi egiten dute Bigorra eta Pabe nafarrak izan zirela, Akize eta Gaskoniako (edo Baskoniako) hainbat herri bezala. Errua Toledoko historiografian eta Aranismoan aurkitzen dugu. Abertzaletasunaren esparruan Euskal Herriko Euskal Estatu independienteen paradigmak min handia egin dio gure nazioari. Sabin Aranaren ikuskera hori oztopo nagusia bilakatu da euskaldunon benetako historia zabaltzeko, Nafarroaren benetako historia gure seme-alabei pasatzeko. Anakleto Ortuetak aipatu eta Tomas Urzainki goinafarrak jasotzen duen bezala, gure herriaren arerioek geuretzat bailitzan ikusmolde hori sartu nahi izan digute Euskal Estatu independienteen hipotesiaren bidez.

Horrez gain, entziklopediako sarreraren ondoko mapan Nafarroaren gerakinak islatzen dira abertzaletasunak sortutako ikuskerari esker: Goi Nafarroako merindadeak baino ez dira ageri; ez dago Mendebaldeko Nafarroaren arrasto bat ere. Ez Labraza (Oion), ez Tolosaldea, ezta Durangalde nafarra ere. Sarreran ez da igartzen Nafarroaren historiaren euskal ikuskera eta Gaztelako konkista odoltsua 'Albako konteak Nafarroa osoa hartu zuen' leloarekin azaltzen da, 'konkista' hitza bazter utzita. Beamondarrek ez zuten hobeto idatziko gure herriaren historia desitxuratua, halafede! Nafarroak, ordea, bestelako historia du, Ahaide Nagusien borroken garaitik datorkiguna, ganboatar eta agramontesek idatzi behar izan dutena euskaldunen nafar instituzioak eta historia nazionala zabaltzearren. Ez da horrela izan, eta orain lan eskerga egin beharko dugu galtzaileen egia historikoa gure herriari kontatzeko.

Horixe da ikastoletan eta gainerako euskal eskoletan euskaldunek jasotzen duten historia gure herriaz. Abertzaletasunak, tamalez, ikusmolde espainiar eta gaztelautik bere egin du euskal lurren historia. Gaztelak konkistatutako herria ukatua da oraindik abertzale askoren ahotan. Nafar guztion historia desitxuratu egin da eta abertzaletasuna egiaz haratago joan da Irungo desfilea bezalako ekitaldiak bultzatuz eta bere eginez. Euskal lur guztien batasuna bazter lagatu da euskal abertzaletasunaren ideologoen artean jakintasun eza nabaria izan delako/zelako. Esteban de Garibay, Larramendi eta Arana izan dira karlismoaren oinordeko izandako abertzaletasunaren aitapontekoak (edo maiz aipatuak eta goretsiak). Eta tamalez diot, zeren Campion, Iturralde, Nabaskoitze, Moret eta beste ikerlari eta aditu batzuek gure historiaren ikuskera zuzenagoa baitzuten eta ahantziak izan dira.

Nafarzaletasunaren aldekook erronka handia dugu aurrean. 'Euskal Herria' hitza toponimoa da eta ni ez naiz nor esateko topononimo geografikoa baino ez dela. Euskal Herria hitza politikaren arlora pasatu dute batzuek eta seguraski ez zaie arrazoia falta hori egiteko. Nik, hala ere, ez nuke inola ere egingo, gure herria izendatzeko Nafarroa hitza lehenetsiz. Euskal estatuaren izena Nafarroa da eta abertzaleek erabilitako Euzkadi eta Euskadi terminoak ez ditut gogoko. Azken buruan, gure herria zatikatzeko baino ez dute balio izan. Egun, seguraski EAJko kide erdiek onartzen dute Euskadi-ren erreferentzia hiru probintziei buruzko aipamenak soilik egiteko eta kontent dira horrekin Goi Nafarroa eta gainerako lurrak arrotzak bailiran joz. Goi Nafarroa bertze gauza bat bezala ikusten dute eta mendebaldeko abertzaleek gutxiegi egin dute hori gerta ez zedin. Getxon, turismo sailak erabiltzen duen mapa Mendebaldeko Nafarroako hiru probientziena da, zenbait batzokitan Nafarroa edo Euskal Herri osoko mapak ikusi ordez, Gaztelapeko hiru probintziena soilik ageri da. Abertzaletasunetik harantzago pauso bat gehiago emateko ordua heldu da. Hego Euskal Herriko bi komunitateak batu barik, zaila izanen da abertzaleek zerbait lortzea. Benetako abertzaleek ez dute nazionalista espainiarren beldurrik eduki behar eta mundu horretan ere arrantzan egin behar dute. PSOEko askok harro erran ohi dute aberririk ez dutela eta eznazionalistatzat dute beren burua. Horiek izan daitezke gure historia, egiazko historia ikasi ahal dutenak, baita alderdi abertzaleetako politikari asko ere. Horiek buruan, nafarzaletasuna zabaldu nahian, euskaldunoi kontatu dizkiguten gezurrak agerian jarri behar. Horrela, Nafarroako bandera gorria, gure himno nafarra, gure gazteluen gaineko informazioa, geure Ahaide Nagusien arteko borrokak... dena agerian jarri behar dugu euskaldunen belaunaldi berriak gezurren gainean bizi ez daitezen. Eta inoiz aipatzekotan, 'Goi Nafarroa' izenaz aipatu Nafarroako Foru Komunitatea deritzona, inola ere ez Nafarroa izen soilaz, Nafarroa gure herriaren estatuaren izena delako. Eskerrak izen hori beren burua nafartzat duten bizkaitar, arabar eta gipuzkoar askoren bihotzean dagoen oraindik ere. 1200 eta 1512tik oraindino dirau ganboatar eta agramondarren suak.

Jakobe Palazioberri. Irakaslea. Leioa (Mendebaldeko Nafarroa)

Artikulu honek CC 3.0 (egiletza, berdin partekatu) lizentzia du (copyleft). Beraz, ez da beharrezkoa baimenik eskatzea beste nonbait argitaratzeko. Mapa edo irudia ere lizentzia horren pean dago.

2009/08/10

Ibañetako borrokak eta egungo Nafarroa

Orreagako gudua Ibañetako mendatean gertatu zen 778. urtean, abuztuaren 15ean. Orreaga eta Luzaide artean, Pirinioetan, nafarrak soldadu trebeak zirela eta historian hatza uzteko gai zirela erakutsi zuten. Ibañetan, Carolus Handiaren armadaren atzeguardia garaitua izan zen Iruñetik bueltan, seguraski nafarren haserrea piztutakoan Iruñeko harresia suntsitzeagatik. Roland ospetsua, Carolus enperadorearen iloba zena, bertan garaitu zuten Eneko Haritzaren soldadu nafarrek. Eta nafarrak zirela diodanean uler dezagun euskaldunak, hots, akitaniarrak, Mendebaldeko Nafarroako leinukoak (autrigoiak, karistiarrak eta barduliarrak) eta baskoiak. Denak nafarrak, denak euskaldunak eta denak baturik euskaldunon etxea defenditzearren. Guti gorabehera, ETBko eguraldi mapa berrian agertzen diren lurretan ziren nafarrak. Eta lur guztietatik batu ziren euskal lurrak defenditzearren.

Gure historian lar inportantziarik ez diogu eman gertaera horri eta, aldiz, gehiegi eman zaio Toledoko historiografiatik datorren historiaren ikusmoldeari. Aranismoak espainiar historiografia onartu zuen, Hegoaldeko lau herrialdeak bereiztea naturaltzat-edo joz; eta oraindik horretan ari da orohar. T amalez, ezer guti egin dute Mendebaldeko Nafarroan bizi diren abertzaleek Goi Nafarroakoekiko anaitasuna egiazki errealitate bihurtzeko. Eta hortixek dator abertzale batzuen pentsamoldea euskal herrialdeak erabat bereiztuz independienteak balira bezala. Toledoko historialariek, García de Cortázar eta enparauek maisuki nabarmendu dute euskaldunok elkarrengandik banatzeko izan diren gertakariak, batzekoak izan direnak gutitan aipatuz edo ezkutatuz. Ederki aireratu dute erromatarrak nonahi izan zirela euskal lurraldeetan, benetan esan gabe 'erromatarrak' kontzeptua bi moldetara uler daitekeela: jatorri latindarra duena, arraza latindarrekoa alegia; edo bertoko euskalduna kulturalki kultura erromatarra duena. Hortixek hasi behar dute historialariek egungo herritarrok ez nahastearren. Veleiako bisita ulertzeko ezinbesteko argibidea, nire ustez; eta nik behintzat ez nuen bertan entzun.

Moret jesuitak ez bezala, aranistek ez dute topatu historian euskaldunon batasuna. Hori dela-eta, erreferentzia historikoak nahiko modernoak izan dira eta Orreagako batailarena edo 1200 inguruko Bizkaiko lur zenbaiten galerari ez diote garrantzirik eman. Hortik ondoriozta daiteke Mendebaldeko Nafarroa eta Goi Nafarroa bereizteari inportantzia handirik ez ematea. 'Euzkadi' termino berria usteltzeraino ere heldu dira aranista batzuk, Euskadi Mendebaldeko Nafarroako hiru herrialdeei soil-soilik egokituz. Horri atxikiz, orain beste argudio bat darabilte sasiabertzale horiek: demokrazian herrialde bakoitzak erabaki dezala lurralde horretan gehienek nahi dutena. Sabin Aranaren printzipioetan arraza da nonahiko argudioa, eta again horrexegatik egon zen hain makal historiaren esparruan.

Abertzaleek terminologia eta historiaren ikuskera aldatzea mende honetako zeregina izango da. Hizkuntza komunikazio tresna denez gero, semantikak garrantzi handa du. Hitzak nola darabiltzagun ausnartu behar dugu. Hitzen esangura ondo pentsaturik plazaratu behar ditugu gure ideiak. Baina ipin ditzadan adibideak. Nik Goi Nafarroako erreferentziak izendatzeko 'Goi Nafarroa' edo 'Nafarroa Garaia' terminoak darabiltzat; inoiz ez 'Nafarroa', onoma hori euskaldunon lurra politikoki izendatzeko uzten dudalako. Toponimo izatetik haratago dago 'Nafarroa' berba. Nafarroa Euskal Herriaren sehaska eta erresuma izan den aldetik, termino politikoa da. Bizkaia, Gipuzkoa edo Araba, niretzat jada ez dira lehen mailako termino politikoak, 'Mendebaldeko Nafarroa' terminoaz ordezkatzen ditudalako edo beraien alboan ipintzen beti. 'Euskal Herri' terminoa geografikoa eta neutroa den bezala, toponimoa alegia, egun 'Nafarroa' termino politiko iraultzailea bilakatu zaigu, Euskal Herriaren aurka daudenek ongisko dakiten bezala. UPN euskal nabarrismoaren beldurrago da aranismoaren baino beldurrago apika, azken honi kontra egiteko aski argudio daude-eta. UPN-k, jatorri frankista duen partidua izanik, jende guti konbentzi dezake baldin eta benetako historia plazaratzen badugu... UPNko kide askok ez dakite zein izan den Goi Nafarroaren historia eta historia hori dakitenak manipulatzen trebeak izan dira. Aranismotik zein alderdi nazionalista espainiarretatik abiaturik, herritarrek Nafarroaren historia zein izan den jakin behar dute.

Karlismotik abertzaletasunerako pausoa eman zen bezalaxe, ongarria litzateke abertzaletasunaren gabeziak eta erruak ezagutzeko eta gure lehentasunak euskal lurren nafar batasunean jartzeko. Ni, bizkaitarra izanik, nafarra ere banaiz, Menndebaldeko Nafarroakoa, bizkaitarren antzinako lehen jauna tenente nafarra izan zelako, Lopez Haroko leinuaren arbasoa, 1200 urte inguruan ekialdeko nafar erregeari traizio egin ziona. Bizkaia erregio bihurtu zen karlismoaren garaian eta abertzaletasun joera batek ere erregio espainiar bihurtu du Nafarroa osoa. Pausoa emateko unea heldu da. Nafarroa Batua aldarrikatzeko unea da eta Mendebaldeko Nafarroan partidu politiko nafarra sortzeko. Norbaitek egin behar duke eta abertzaletasun antzuarekiko harremanak apurtu paradigma berria sortzeko. Gu-geu gara nafarrok, Euskal Herriaren sena gordetzearren senperrenak egiteko prest gaudenok, intelektualki hain aberatsak izan ziren Arturo Campion, Iturralde, Ortueta eta enparauen lana ongi zabaldu ez zelako. Garai berrien zain, Orreagan, abuztuaren 15ean, Gora Nafarroa Batua!

Artikulu hau Creative Commons 3.0 aitortza lizentziaduna da. Beraz, nahikoa da egilearen datu hauek jartzea edonon argitaratu ahal izateko:

Jakobe Palazioberri
Leioa (Mendebaldeko Nafarroa)