Elhuyar-en hiztegi entziklopedikoak ondoko eran dakar 'Nafarroa' sarrera:
'Euskal Herriko lurralde historikoa. 1530.az geroztik bitan zatituta dago... Nafarroa Garaiaren izen ofiziala Nafarroa da. Hortaz, gaur egun, Nafarroa aipatzen denean, Nafarroa Garaia bakarrik aipatzen ari dela ulertu ohi da... Aragoako Fernandok Nafarroa eta Frantziako erresumei gerra egin zien (1512). Haren tropen gidari Albako dukea zela, Nafarroa osoa hartu zuen... Ondorioz, Nafarroako erregeak Pabera erbesteratu behar izan zuen...'
Definizio hori dela-eta, zenbait gogoeta egingo ditut ondoko lerroetan gure jakintza entziklopedikoaren gezurrak agerian uzteko, Mendebaldeko Nafarroako Bizkaitik ere salatu behar dugulako gure seme-alabek testuetan topatzen dutena. Horrez gain, zilegi bekit Euskal Herria eta Nafarroa hitzak bereiztea, hori baita nire aburua.
Lehenik, 'Nafarroa' termino politikoa da oroz gain, euskal estatu bakarra adierazteko erabili dena hainbat mendetan. Beraz, hasteko, 'Nafarroa' Euskal Herriko estatuaren izena da batez ere, eta ez abertzale eta espainiarrek nahi duten moduan, probintzia edo herrialdea. Europaren historia ikasi duen edonork daki Nafarroak erresuma ukan duela, baita armada, zergak eta gainerakoak ere... eta herri edota estatua izan dela. Kanpoko adituek ezagutzen dutena, zergatik ez dute zenbait abertzalek ezagutzen? Hori da galdera.
Bigarrenik, gezur galanta da Albako dukeak Nafarroa osoa hartu zuela. Nafarroa kontinentalak independentziarekin segitu baitzuen hainbat urtez Ipar Nafarroan... testu hori idatzi duen historialariaren Nafarroa ez da historian izan den benetako Nafarroa, hau da, Nafarroa residualetik haratago dauden lurrak ere kontsideratu behar baititugu nafartzat (kronologian, behintzat). Tamalez, bertoko historialari abertzale askok ez dute ikasi Nafar Erresumaren lurrak non izan diren.
Hirugarrenik, larria iruditzen zait Albako duke traidorearen izena agertzea eta ez aipatzea Enrike II nafar erregea. Euskal historia nazionala desitxuratzea da hori. Are gehiago kontutan hartzen badugu entziklopediak aipatzen duela Fernando erregeak 'gerra egin ziola' Nafarroari, konkistatzeko asmoa aipatzeke. Fernando erregeak idatziko zuen bezalaxe idatzi dukete Elhuyar kultur taldekoek pasarte hori.
'Historia garaileek idazten dute' eta Mendebaldeko Nafarroako hiru probintzietan ederki irentsi dute amu hori azken mendeetan. Batzuek ahantzi egiten dute Bigorra eta Pabe nafarrak izan zirela, Akize eta Gaskoniako (edo Baskoniako) hainbat herri bezala. Errua Toledoko historiografian eta Aranismoan aurkitzen dugu. Abertzaletasunaren esparruan Euskal Herriko Euskal Estatu independienteen paradigmak min handia egin dio gure nazioari. Sabin Aranaren ikuskera hori oztopo nagusia bilakatu da euskaldunon benetako historia zabaltzeko, Nafarroaren benetako historia gure seme-alabei pasatzeko. Anakleto Ortuetak aipatu eta Tomas Urzainki goinafarrak jasotzen duen bezala, gure herriaren arerioek geuretzat bailitzan ikusmolde hori sartu nahi izan digute Euskal Estatu independienteen hipotesiaren bidez.
Horrez gain, entziklopediako sarreraren ondoko mapan Nafarroaren gerakinak islatzen dira abertzaletasunak sortutako ikuskerari esker: Goi Nafarroako merindadeak baino ez dira ageri; ez dago Mendebaldeko Nafarroaren arrasto bat ere. Ez Labraza (Oion), ez Tolosaldea, ezta Durangalde nafarra ere. Sarreran ez da igartzen Nafarroaren historiaren euskal ikuskera eta Gaztelako konkista odoltsua 'Albako konteak Nafarroa osoa hartu zuen' leloarekin azaltzen da, 'konkista' hitza bazter utzita. Beamondarrek ez zuten hobeto idatziko gure herriaren historia desitxuratua, halafede! Nafarroak, ordea, bestelako historia du, Ahaide Nagusien borroken garaitik datorkiguna, ganboatar eta agramontesek idatzi behar izan dutena euskaldunen nafar instituzioak eta historia nazionala zabaltzearren. Ez da horrela izan, eta orain lan eskerga egin beharko dugu galtzaileen egia historikoa gure herriari kontatzeko.
Horixe da ikastoletan eta gainerako euskal eskoletan euskaldunek jasotzen duten historia gure herriaz. Abertzaletasunak, tamalez, ikusmolde espainiar eta gaztelautik bere egin du euskal lurren historia. Gaztelak konkistatutako herria ukatua da oraindik abertzale askoren ahotan. Nafar guztion historia desitxuratu egin da eta abertzaletasuna egiaz haratago joan da Irungo desfilea bezalako ekitaldiak bultzatuz eta bere eginez. Euskal lur guztien batasuna bazter lagatu da euskal abertzaletasunaren ideologoen artean jakintasun eza nabaria izan delako/zelako. Esteban de Garibay, Larramendi eta Arana izan dira karlismoaren oinordeko izandako abertzaletasunaren aitapontekoak (edo maiz aipatuak eta goretsiak). Eta tamalez diot, zeren Campion, Iturralde, Nabaskoitze, Moret eta beste ikerlari eta aditu batzuek gure historiaren ikuskera zuzenagoa baitzuten eta ahantziak izan dira.
Nafarzaletasunaren aldekook erronka handia dugu aurrean. 'Euskal Herria' hitza toponimoa da eta ni ez naiz nor esateko topononimo geografikoa baino ez dela. Euskal Herria hitza politikaren arlora pasatu dute batzuek eta seguraski ez zaie arrazoia falta hori egiteko. Nik, hala ere, ez nuke inola ere egingo, gure herria izendatzeko Nafarroa hitza lehenetsiz. Euskal estatuaren izena Nafarroa da eta abertzaleek erabilitako Euzkadi eta Euskadi terminoak ez ditut gogoko. Azken buruan, gure herria zatikatzeko baino ez dute balio izan. Egun, seguraski EAJko kide erdiek onartzen dute Euskadi-ren erreferentzia hiru probintziei buruzko aipamenak soilik egiteko eta kontent dira horrekin Goi Nafarroa eta gainerako lurrak arrotzak bailiran joz. Goi Nafarroa bertze gauza bat bezala ikusten dute eta mendebaldeko abertzaleek gutxiegi egin dute hori gerta ez zedin. Getxon, turismo sailak erabiltzen duen mapa Mendebaldeko Nafarroako hiru probientziena da, zenbait batzokitan Nafarroa edo Euskal Herri osoko mapak ikusi ordez, Gaztelapeko hiru probintziena soilik ageri da. Abertzaletasunetik harantzago pauso bat gehiago emateko ordua heldu da. Hego Euskal Herriko bi komunitateak batu barik, zaila izanen da abertzaleek zerbait lortzea. Benetako abertzaleek ez dute nazionalista espainiarren beldurrik eduki behar eta mundu horretan ere arrantzan egin behar dute. PSOEko askok harro erran ohi dute aberririk ez dutela eta eznazionalistatzat dute beren burua. Horiek izan daitezke gure historia, egiazko historia ikasi ahal dutenak, baita alderdi abertzaleetako politikari asko ere. Horiek buruan, nafarzaletasuna zabaldu nahian, euskaldunoi kontatu dizkiguten gezurrak agerian jarri behar. Horrela, Nafarroako bandera gorria, gure himno nafarra, gure gazteluen gaineko informazioa, geure Ahaide Nagusien arteko borrokak... dena agerian jarri behar dugu euskaldunen belaunaldi berriak gezurren gainean bizi ez daitezen. Eta inoiz aipatzekotan, 'Goi Nafarroa' izenaz aipatu Nafarroako Foru Komunitatea deritzona, inola ere ez Nafarroa izen soilaz, Nafarroa gure herriaren estatuaren izena delako. Eskerrak izen hori beren burua nafartzat duten bizkaitar, arabar eta gipuzkoar askoren bihotzean dagoen oraindik ere. 1200 eta 1512tik oraindino dirau ganboatar eta agramondarren suak.
Jakobe Palazioberri. Irakaslea. Leioa (Mendebaldeko Nafarroa)
Artikulu honek CC 3.0 (egiletza, berdin partekatu) lizentzia du (copyleft). Beraz, ez da beharrezkoa baimenik eskatzea beste nonbait argitaratzeko. Mapa edo irudia ere lizentzia horren pean dago.