2010/04/22

Abertzaletasuna eta nafarzaletasuna aurrez-aurre Gasteizen


Gasteizen, nafarzaletasuna eta abertzaletasuna izan dira mintzagai Fernando Santxez Aranaz eta Rafael Larreinaren hitzaldietan. 56 minutu orotara eta behin beren partehartzea amaitutakoan, entzuleen txanda izan da. Hikateneo elkargunean izan da eztabaida 2010eko apirilaren 21ean. Data historikoa lehen aldiz Arana eta Campionen garaitik egiten delako horrelako eztabaida bat, errespetuz egina. Hitzaldia grabatzen egon naiz beste nafarzale handi batekin batera. Hemen uzten dizuet bi partehartzeak osorik (bi hitzaldien deskarga MP3 formatuan; 45 MB). Fitxategiak CC lizentzia librea du (aipamena eta berdin partekatu). Raul Arkaia kazetari gazteak maisuki gidatu du eztabaida behin hizlariek amatitu ostean eta ederki egin du presentazioa. Informazio gehiago nahi izanez gero, ZuZeu.com gunean duzue.

2010/04/19

Navarra toponimoaren forma euskaraz

Zelan idatz lezake Mendebaldeko nafar batek Nafarroa hitza euskaraz? Ba bistan da Joanna Albretekoak eta Joannes Leizarragak erabili bezala, lingua navarrorum-ez Nafarroa (Naparroa) beti erabili delako, edo ia beti, zeren batzuek orain lingua navarrorum-ez Nabarra toponimoa erabili nahi baitute. 'Nabarra' terminoa Arturo Campion-ek eta Pedro Nabaskotzek erabili dute gaztelaniaz beti ere Nafarroa berbaren ordain gisa, Campionek bere lan ederrenak, baita Euskararen Gramatika ere espainieraz idatzi baitzituen.

Ondoren, nik kontsultatutako hiztegi guztiak dakartzat lerro honetara, nafartarrak edo nafarrak kontura daitezen beren herriaren izena euskaraz, hots, lingua navarrorum-ez nola erraiten den. Euskaraz Nabarra hitza erabiltzen dutenak, edo espainiarrak dira hizkuntzaz edota euskarara pasatu nahi dute espainierazko forma euskarazkoa delakoan. Bestalde, Francoren garaian, euskaldun kolonizatuek ere euskaraz egiten zutenean ere erabiltzen zuten Nabarra, Nabarratik, Nabarrako eta antzeko forma arbuiagarriak. Espainieraz erabil daiteke Nabarra eta ondo dakusat hori, baina nafarren hizkuntzak badu onoma amankomun bat gaur egun eta Albret erreginaren garaian ere: Nafarroa. Bestalde, erakunde batek Nabarrako forma atzizkiduna erabiltzen badu, onoma hori edukiko du, baina sekula ezin da inposatu beste batek onoma hori azaltzeko beste hitz batzuk erabiltzen baditu. Nafarroako terminoa erabiltzea, Sanchez-Santxez formekin gertatzen den bezala, herritarren hautuan geratzen da, eta hori ez erabiltzea erabakitzen badu batek nik onartzen dut beti ere izendapen bezala, ez beste arrazoirengatik. Tamalez, Nafarroan batzuek beti pentsatu dute Gartzia edo Santxez bezalako deiturak ezin direla idatzi lingua navarrorumez, euskal grafiaz alegia, eta ez dira konturatzen Sanchez eta García erdal grafiaz egindako formak direla. Nik hori erreibindikatzen dut eta errespetatzen dut grafia arrotzaz idatzitakoa, baina herritarrek libertatea ukan behar dute nahi bezala idazteko. Bestela jai dugu. Herritarrak beren obrengatik dira ezagunak, eta nafarzaleak ere horretan ezagutuko dituzue. Niri berdin zait nire deitura nola idazten duten lagunek, garrantzitsuena nondik datorren jakitea baita, euskarak molde asko eman baitio gaztelaniari antzinako denboreetatik. Baina natorren harira eta jar dezadan hiztegiek zer dioten euskaraz Nabarra edo Navarra onomaz:

Leizarragaren Testamentu berriaren liburuan (Leizarraga, 1506-1601)
:
GUZIZKO ANDRE NOBLE Ioana Albrete Nafarroako Regina Bearnoko Andre gehien
Iainkoak deitzen baitzaitu hala zure Nafarroako resuman ere...

Euskararen Errege Akademia (Euskaltzaindia, alegia):
Navarra: Nafarroa

Plácido Mugicaren hiztegia:
Navarra: Nafarroa, Naparroa
navarro: nafar, napar, napartar

Morris hiztegia
Navarre: Nafarroa

Azkue-ren hiztegia:
Navarra: Nafarroa, Nafarroa Garaia, Nafarroa Beherea (Alta, Baja)
nafar: navarroa

Luis M. Mujikaren hiztegia:
Navarra: Nafarroa

Wikipedia EU:
Navarra: Nafarroa

Etcheberri Ziburua (1636):
nafar: navarro

Euskal hiztegia:
navarro: nafar, nafartar

Harluxet entziklopedia:
Navarra: Nafarroa
Nabarra: Euzko Jaurlaritzaren itsas armadaren bou armatua; bi kanoiz hornitutako bakailao-untzia zen. 1937an, beste hiru bourekin, Euzko Jaurlaritzako Galdames posta-untziaren eskolta-lanetan ari zela, nazionalen Canarias gurutzuntziak eraso zien; posta-untzia laino artean ezkutatu zen. Nabarrak gogor eutsi zion erasoari ia hondoratu zen arte. Tripulazioaren erdia hil eta gainerakoak preso hartu zituzten.

Ez dut hiztegi bat bera ere ezagutzen, Nabarra forma euskaraz dakarrenik, -oa lekuzko lokatiboa falta zaiolako benetako euskal toponimo sena edukitzeko.

2010/04/13

"Euskal Herria Nafarroa da" liburua salgai jada

Dagoeneko plazan dago eta bitartekaririk gabe argitaratu dut, edo du hobeto apika, Lulu.com onlineko argitarazlearen bidez ikusi baitu argia. Enpresa argitarazleen baitan sinisten ez duen nafar honek horrelaxe egin du mezua bitartekaririk gabekoa izatea nahi duelakotz.

Liburuari dagokionez, titulua da gehien atsegin dudana: "Euskal Herria Nafarroa da". Ez alderantziz, halafede!

Bere historiaz ezer gutxi dakien herria noraezean dabilke eta ezinbestez hilzorian egonen da laster baldin eta geure historiaz paso egiten segituz gero. Munduko edozein politikarik ezagutzen du bere herriaren historia, salbu eta gure herrian seguraski.

Euskal Herria izen etnikotzat izan du gure herriak, euskaldunon herriak alegia; eta gure estatuak Nafarroa berbaz izendatu dugu harik eta Gaztela-Aragoako armadek oinaztarren laguntzaz konkistatu arte.

XXI. mendean jada armarriak, banderak eta himnoak asmatzen eta finkatzen dabilen herria gaixorik dagoke. Baina panorama horretan, nafarzaletasuna hedatzea dugu sendabide. Titulua ezin izan "Nafarroa Euskal Herria da", Nafarroa eta Euskal Herria termino desberdinak direlako. Etnia magiarreko hungariarrak bezala, etniaz teutonak diren alemanak legez, Frantziako galoak legetxez, Finlandiako suomitarrak bezalaxe... asko dira izan bi izen dituzten herriak; eta euskaldunok ez gara salbuespena. Gure herriaren izen politikoa eta estatala Nafarroa da; izen etnikoa, ostera, Euskal Herria. Abertzaletasunak eta espainiartasunak bi hitzak nahastu dituzte, tamalez, Mendebaldeko Nafarroako tenentziak oinaztarren esku egon direlako. Orain da abagunea historiaren okerrak zuzentzeko. Eta horren bila doa nire liburu txiki hau.

Urzainki, Sorauren, Esarte, Adot, Ortueta, Krutwig, Campion, Moret, Lakarra... hainbat nafarzale intelektual izan ditu gure herriak, historia argiro erakutsi digutenak. Preziatuak izan daitezen beren lanak! guztion onerako izan bitez! Eta orain, ixil nadin liburuaren egilea ni-neu naiz-eta.

Armarriak aldakorrak izaten dira. Kanoirik ez Nafarroan!

Artikulu honetan Andoni Esparzak apirilaren 10ean Berrian idatzitako artikuluari erantzuna eman nahi diot. Gipuzkoako Antzuola herriko armarriko kanoiak direla-eta sortutako polemikan Angel Rekalderen alde agertzen naiz heraldista bezala.


Apirilaren 10ean, Andoni Esparza Leibar heraldistak erantzun egin zion Angel Rekalde nafarzaleari Gipuzkoako eta Antzuolako armarrietako kanoiak direla-eta. Artikuluak Berria kazetan agertu dira eta polemika horren inguruan, nafarzaleok erantzun argia eman nahi diogu Esparza Leibar jaunari.

Lehenbizi, Andoni Esparza heraldistak Gipuzkoako armarrietako Belateko kanoien alde egiten du sinbolo zaharra gorde egin behar dela adieraziz. Kanoien presentzia eta jatorria, aldiz, ez du aipatu ere egiten. Hortaz, Angel Rekalde jaunak egindako argudioen kontra ezer gutxi aurkezten du artikuluan. Kanoiak armarrian zergatik jarri ziren eta nork egin zuen aipatzea ezinbestekoa da eztabaidan zirt edo zart egin ahal izateko. Heraldistak normalean kolore, ikur eta sinboloen peskizan gauzak nondik datozen eta zergatiak azaldu behar ditu, Angel Rekaldek egin bezala.

Bigarrenik, esan dezagun heraldikan aldakortasuna aski ohikoa dela. Armarriak aldatuz doaz eta heraldista askok hortik sosak ere irabazi dituzte, herritarrarengan, hau da, norbanakoaren baitan dagoelako armarrietan aldaketak egiteko hautua. Adibidez, Nafarroako armarria denboran zehar, mendetan barna, aldatuz joan da. Ikurrak aldatuz doaz sarri. Garai batean zortzi ertzeko izarra edo karbunklo irekia izan zena, bilakatuz joan zen eta karbunklo itxia bihurtu; eta gero, beste batzuk etorri ziren eta kateen itxura eman zioten karbunklo itxiari; edo behintzat aldaketa eragin zuten. Egun, ximenotar errege nafarren armarria ahantzirik dago zenbaitentzat, nahiz eta garai batean euskaldunon estatuaren sinboloa arranaoa izan (XI-XII mende inguruan, Peñalver Restauradorearen garaian).. Bandera eta estandartekin gauza bera gertatu da. Atzo arranoa, gero karbunkloa, orain sasikatea. Armarriak eta banderak joanaren joanean aldatuz doazela ezin uka; eta ematen du, Andoni Esparzak horrela ez duela pentsatzen. Bistan da berak basko-espainiarrek konkistaturiko kanoiak maite dituela. Bistan da ez duela gogoratu nahi, Rekalde jaunak egin bezala, norenak ziren kanoiak. Bistan da euskaldunon erregearen armadakoak zirela kanoiak eta horrek mintzen duke jende asko, are gehiago agian euskalduna izanez gero, Esparza jauna bezala. Tamalez, kanoiei buruz hitz egitekotan historian atzean egin behar dugu benetako tradizioa lortzekotan. Horrela Nafarroako estatua topatuko dugu eta euskaldunon erresuma, Nafarroa izena identifikatuz. Nafarroa izan da euskaldunon estatuaren izena eta basko edo euskaldun izenak izen etnikoak izan dira. Esparza jaunak tradizioa eta historia erreibindikatzen du, baina aldi berean Euskal Herria izenarekin inoiz existitu ez den estatu baten armarria asmatu nahi du (Berria, 2008-XII-31). Artikulu hartan Euskal Herriko blasoia finkatzeko beharraz mintzo da Esparza jauna eta Seiak Bat izeneko armarri pseudotradizionalistaren alde egiten du, Bizkaiko otsoak eta Gipuzkoako kanoiak marraztuz. Abertzaleek otsoak eta kanoiak ezabatzea ez du ondo ikusten Andoni Esparzak. Baina, ez dakiguna da, zergatik ez duen onartzen nafarren armarria... nafarren bandera gorria euskaldunon herriaren ikurra izan baitira Eneko Haritza lehen erregearengandik. Bistan da Andoni Esparzak bere egin duela gaztelarrek, espainiarrek eta euskaldun oinaztarrek kontatutako historia. Bistan da 1.200 eta 1512 data esanguratsuak hutsaren hurrengo direla. Euskal Herriak ez du zertan finkatu behar armarria, aspaldidanik duelako bat, gorria dena.

Bizkaiko herritar heraldista honen ustez, eta zilegi bekit horrela pentsatzea, Mendebaldeko Nafarroan ganboatarrok bizi gara oraindik, batzuen gogoaren kontra bada ere. Guk ez dugu kanoirik nahi Gipuzkoako armarrietan, ez Antzuolan, ezta Lizartzan edo Zizurkilen ere. Gu Mendebaldeko nafarrak gara eta hori dela-eta, salatu egiten dugu gure Estatuaren historia zapaldu dutenen heraldika. Eduki badauzkagu geure armarriak eta banderak. Euskal Herria gure herriaren izen kulturala eta etnikoa da, baina gure estatuak Nafarroa du izena. Ez ditzagun berbak nahastu eta heraldikaren eranskin zitalak sala ditzagun!