2009/05/24

Mikel Sorauren Wikipedian

Historialari ona, jatorra eta Nafarroaren historia (Euskal Herriarena, alegia) ulertzeko eta zabaltzeko irakasle paregabea: Mikel Sorauren. Nabarralde-kidea da eta Wikipedian bere biografia falta zen orain arte. Horri ekion nion atzo. Emaitza, Mikel Soraurenen beraren gustokoa izatea espero dut:

Lingua navarrorum:
http://eu.wikipedia.org/wiki/Mikel_Sorauren

Roman paladino:
http://es.wikipedia.org/wiki/Mikel_Sorauren


2009/05/21

Wikirioja-k Gartzia Naiarakoa erregearen nafartasuna ezkutatzen du

Errioxako autonomi elkarteko Wikirioja entziklopedia egiten dihardute Nafarroako lurralde horretan. Gaur Nafarroako errege izandako Gartzia Naiarakoaz dagoen informazioa eskuratu nahirik, bertan murgildu naiz. Harri eta zur geratu naiz informazioa jaso dudanean. Nafarroa edo nafar hitzak behin ere ez dira ageri testuan. Gartzia Naiarakoa erregea Errioxakoa zela ematen dute aditzera. Naiara hirian jaioa eta errege ere Naiarakoa, Nafarroa existitu ez balitz bezala. Imagina dezagun une batez, Juan Carlos erregea espainiarra nor den azaltzeko Andaluziako erregea dela idazten dugula entziklopedian Espainia behin ere aipatu gabe. Gartzia Naiarakoa Santxo Nagusiaren semea izan zen. Tamalez, errioxar espainiar askok ukatu egiten dute egun lur horien nafartasuna, baita benetako historia ezkutatuz ere. Hona hemen testu polemikoa:

El rey García de Nájera: su neta condición de riojano y najerino la expresa Yepes con estas palabras: ”Este rey nació en Nájera, crióse en Nájera, tuvo su corte en Nájera y está enterrado en Nájera, y así generalmente le llaman don García de Nájera”.

Era hijo primogénito del gran rey Sancho el Mayor, por lo que heredó el trono de Nájera el año 1035. Contrajo matrimonio con la infanta doña Estefanía Berenguer de Fox, hija de los condes de Barcelona. Tuvieron diez hijos, de los que seis fueron varones y cuatro mujeres.

Las crónicas lo consideran como “el mejor guerrero de la época”, y Gonzalo de Berceo lo describe como “un firme caballero, noble campeador”. Conquistó a los moros la plaza de Calahorra, “siella de bispalia”, como anota Gonzalo de Berceo, en el año 1045, yendo personalmente con la reina al año siguiente a celebrar la fiesta de san Emeterio y san Celedonio, como se representa en un gran mural de la capilla de los mártires, dentro de la actual catedral. Se le considera el fundador del monasterio de San Millán de Yuso o de Abajo, aunque lo realizó su hijo y sucesor Sancho IV. Yendo de caza y persiguiendo la presa, encontró en la santa cueva una imagen de la Virgen, con una campana y una paloma a sus pies. En recuerdo de este hecho mandó construir en aquel lugar el monasterio de Santa María la Real de Nájera, de tanta resonancia en la historia de España. El propio rey con su familia introdujo la costumbre de la Salve sabatina, de donde pasó a la Casa Real Española y a la devoción universal de todos los cristianos. Por cuestión de fronteras, guerreó con su hermano Fernando I, rey de Castilla (el primero) y de León, quien le venció en la batalla de Atapuerca en el año 1054, donde desgraciadamente murió don García. Su cadáver fue traído a Nájera y enterrado en el monasterio de Santa María la Real, inaugurado solemnemente dos años antes. Desde entonces se convirtió el monasterio en panteón de los reyes (después de El Escorial, es quizá el principal de España) y de nobles caballeros.

2009/05/10

Nafarren hizkuntza nazionalari nola eutsi diosku Mattin Irigoienek

Nahi nuke Nafarroa Garaiko eta Euskal Autonomi Elkarteko kultur kontseilariek ikustea bertoko bideo laburrok. Behe Nafarroan, Hegokoan bezain egoera kezkagarria dugu euskarari gagozkiola. Konponbideak behar direnez gero, euskaltzale batzuk hasi dira gogoeta eta proposamenak plazaratzen, kontseilari politikoen zain egon barik. Euskararen egoera oso ondo marrazten du Mattin Irigoienek, Nafarroa Behereko Garaziri dagokionez eta historian barna murgilduz.
Honako hiru bideo hauek Mattin Irigoien idazle eta euskaltzaleak Bilboko Plaza Barrian eginiko mintzaldian grabatu ditut. Oso gai inportantea euskararen transmisiorako jorratu du Irigoien behenafarrak. Euskara kinka larrian da maleruski, Unesco erakundeak txosten batean gogoratu digun bezala. Txepetx-en teorien aplikatzea du aipu Irigoien idazle eta laborariak. Mendebalde Kultura Alkarteak eginiko XIII. jardunaldietan izan da da Mattin Irigoien idazlearen mintzaldia. Bideo bakoitza 8 minutu ingurukoa da.



2009/05/05

Arturo Campion bezalako euskal esnaleak behar

Arturo Campión Iruñeko semea XIX. mendearen bigarren erdian bizi izan zen. Campionen aitaren familia italiarra zen eta, seguraski, dakizuen bezala, politikari, historialari, euskaltzale eta idazle trebea izan zen Sabin Arana Goiri-ren garaikidea. Euskararen Akademiaren edo Euskaltzaindia izenekoaren sortzaileetarikoa ere izan zen. Euskarazko Wikipedian artikulu ederra daukazu Arturoren erreferentzia gehiago edukitzeko. Gogoan dut Federico Krutwig-ek nola esaten zigun Arturo Campion ondo gogoratua izan behar zela Nafarroa Osoan lan batengatik: Gramática de los cuatro dialectos literarios de la lengua euskara deritzon liburuagatik, hain zuzen ere. Nik, orduz geroztik, liburua erosi eta behin baino gehiagotan kontsultatu dut. Liburu ederra, ongi idatzia gaztelaniaz eta erreferentzia ona euskaltzale guztientzat. Tamalez, behar beste apreziatua ez da izan liburu hori. Baina lerro hauek idazten ditut bere figura aldarrikatzeko eta zuei bertze liburu baten erreferentzia emateko. Arturo Campionek historia liburu inportante baten aitzinsolasa egin zuen: Amaiur, los últimos nabarros. Azken liburu hori Txalaparta argitaletxeak plazaratu du berriz ere eta Miguel de Orreaga (Pedro Nabaskotze, alegia) da egilea. Bi autore handiri irakurtzeko parada ezin hobea da Amaiur, los últimos nabarros, los últimos nabarros liburua irakurtzea. Bertan, oso gazte hil zen Miguel de Orreaga historialari-ikerlariaren lana topatuko duzu, neutro utziko ez zaituztena. Nafar paradigmaren liburu garrantzitsuenetakoa, zalantzarik gabe. Gure historiaren, hau da, Nafarroa Osoaren historiaren garai garrantzitsuenera eramanen zaitu liburuak. Batzuek karlismoan edota frankismoan edota abertzaletasunean jartzen dute enfasia... Historia komeni zaien fokatze historikoaren garaira garamatzate sarri irakurlea konturatzeke. Baina benetan zein eta parekoagorik ez dago fokatze historikoa, baldin eta ez badugu zentratzen gaia Amaiur gazteluko batailan eta Noaingo gerran. 1512. urteaz geroztik gure herriak subiranotasuna galdu zuen Euskal Herri penintsularrean. Nafarroako Erresumak iraun egin zuen urte gehiagoz, baina zegoeneko, larri eta zauriturik. Donapaleutik eta Pabetik Nafarroako Erresumak aro kalbinistan emaitza ederrak lortu zituen, baina bi estatu handiren artean mehatxaturik eta burumakur. Horixe izan da gure historia. Guk Amaiur ukan dugu, gaztelauek Cid Campeador eta Augustina Aragoakoa ukan duten bezalaxe. Hemengo historialari eta politikariei dagokie gure herriak ukan duen subiranotasuna aldarrikatzea. Independentzia bertze herri batzuentzat da, Nafarroak subiranotasuna behar du, baita batasuna ere, jakina. Arturo Campion euskaltzalea Euskal Esnalea Elkarteko buru izan zen bezala, oraingo denboretan ere horrelako figura bat behar dugu lo dagoen gizarte hau esnatzeko. Esnaleak topatzeko, alabaina, gure historia ondo zabaldu behar dugu, liburuak hautatu, mintzaldiak aukeratu, fokatze historiko desberdinetara garamatzatelako batzuek eta besteek. Euskal esnaleak behar ditugu Lur Nafarrak berriz ere batzeko.

Oharra: artikukulu hau argitaratzeko ez da baimenik behar. Creative Commons lizentziapean dago. Egilearen autoretza agertaraztea baino ez da behar.

Jakobe Palazioberri
Irakaslea
Getxo [Bizkaia, Mendebaldeko Nafarroa]

2009/05/04

Nafarroako bandera abertzalea

Hauxe duzue Luis Aranak proposatutako bandera Nafarroa Garai eta Beherekorako. Euzkadi konfederazio bezala ikusten zuten Arana anaiek. Ikurriña, azken finean, Bizkaiko bandera bezala sortu zuten Arana Goiri anaiek 1894. urtean. Ikurriña, hots, Bizkaiko bandera, Bilboko Euskeldun Batzokija-n jaso zen lehenengo biderrez 1894ko uztailaren 14an. Kolore gorriak Bizkaiko herria (arraza) adierazten du; kurutze berdeak Lege Zaharrak; eta guztien ganean, kurutze zuria, Jaungoikoaren seinale. Eusko Alderdi Jeltzaleak bere egin zuen ikurriña 1895ean, eta 1933an Euskal Herriaren ikurtzat hartu.

2009/05/03

Nafarroaren bandera, Xahok asmatua

Kantabriako nafarren bandera. 1838. urtekoa. Euskal nazionalismoaren aintzindaria izan omen zan Agosti Xaho (Atharratze, 1811-1858). Zuberoako politikari eta kazetariak Euskal Herrirako asmaturiko bandera duzu honakoa. Gorria eta beltza da bandera. Gorria Nafarroako banderatik hartuko zuen seguraski.

2009/05/01

Toponimo politikoak, Nafarroa eta euskal lurren batasuna (eta II)

Nafar guztien antzinako jatorria Ebro ibaiaren ondoan kokatzen da eta ibarreko herritar ginen hastapenean nafarrok. Bizkaiko eta Kantabriako baserritarren eta isolatzearen mitoak min handia egin du gure herrian sakabanaketa politikoa eragiteko aiko-maikoa izanik. Bizkaiko lurretan, Gipuzkoan legez, oinaztarrak eta ganboatarrak egon ziren eta ez da kasualitatea ganboatar gehiago bizitzea hiribilduetan mendian baino. Nik bizkargoenagatarrak deitzen diet isolaturik bizi direnei; hiribilduetakoei, ostera, ganboatarrak dira, deiturak berak adierazten duen bezala (ganboa edo kanboa gaztelaniaz campo da). Eta gure herria menpean edukitzeko planifikazioan hainbat toponimo erabili dira semantikaz esangurak aldatuz edo sinestaraziz geografikoak direla batzuk eta ez politikoak. Hermeneutak izaten irakatsi digute euskaldun askori, halafede!

Egun, euskal prentsan eta Nafarroa osoko erdarazko hedabideetan hermeneutika aplikatu behar da hitzen adierak interpretatzeko. Euskadi berba esateak oraindik ez du zehazten esangura zehatza baldin eta esatariari eta hedabideari erreparatzen ez badiegu. Gure herrian hermeneutika aplikatuz bizi beharko dukegu luzaro. Euskadi hitzak, maleruski, ez darama zehazpen geografikorik testuingurutik eta esatariaren pentsakeratik at. Kontzeptuoi, gizakiok ematen diegu adiera.

Perotxategi, Arana eta areago Larramendiren garaian aski zabalduta zeuden hipotesi historizistak, jatorria aurkitzeko gaia zernahi zen ere. Errusia toponimo nagusiaren jatorria azaltzeko vikingoen erroak aipatzen ziren, Gartzia euskal deitura petoaren jatorria godoen hizkuntzatik zetorrela zabaltzen hasi ziren esangura adierazteko istorio zelebreak asmaturik: “bere amorantearen zain zegoen gizona” (nik-neuk ikusia Gaztelan duela urte batzuk). Lekuzko toponimo soilen jatorritik erakartzea esangurak gaizki ikusten zuten sasiaditu askok. Denari bilatu behar zitzaion istorioren bat: Tubal, mitoak, helenoen ekia... Unibertsitateko urteetan nik barre asko egiten nuen Perotxategiren hipotesiak irakurtzean. Herrialde edo nazio baten izenak historia eduki behar zuen. Hortaz, istorioak asmatu behar ziren berbak hobeto janztearren. Errusia hitza “Rus” toponimotik eratortzea lar sinplea zen; eta horregatik vikingoen istorioaren hipotesia erabili zuten askok Rus hitzaren erroaren esangura zabaltzeko. Garcia deituraren esangura euskarazko “gaztea” izatea edo Euskal Herria bezala erran/esan aditzaren antzinako formatik zetorrela aldarrikatzea sinpleegia zen. Pitokeriatzat kontsideratuko zuten horrelako hipotesi bat. Mendialdeko jendeek zein hiribilduetakoek (gehiago lehenengoak, jakina) errazago irensten omen zituzten hipotesi historizistak toponimoei karga mistikoei emanez.

Ahaide Nagusien gerrak ere prozesio batean kandelak non eraman zioagatik sortuak izanen zirelako hipotesia ere zabaldu zen garai batean eta entziklopedien garaia etorri arte erraz askoan irentsi zuten herritarrek teoria bailitzan, zinez hipotesi ganorabakoa zena. Nafar estatuaren historia horrelakoa izan da. Euskaltzale handiak eduki ditugu, Arana eta Kanpion kasu, baina bistan denez, epe historiko batean bizi izan ziren. Egun ere, seguraski, bai batak, bai besteak, problemarik ez zuten ikusiko Euskadi ala Nafarroa izeneztapena atxiki ordez Euskal Herria terminoa zabaltzeko. Toponimoak eta exotoponimoak, bakoitzak bere marka darama. Bizkaia toponimoak ere aranismoan marka eduki duen bezala. Termino politikoa Mendebaldeko Nafarroako eskualde batzuk izendatzeko, baita Bizkaiko karlistentzat ere, nola ez. Nik Bizkaia toponimoa entzuten dudanean zenbait testuingurutan termino politikotzat dut. Beraz, Bizkaia toponimoak ere izan du eta eduki badauka oraindik biko esangura: geografikoa eta politikoa. Nik sekula ez dut ikusi zergatik herriak izendatzeko bereizi behar diren terminoak, edo asmatu berriak. Toponimoak historia eta politika liburuetan ageri dira, geografiazkoetan bezalaxe. Beraz, uste dut egungo idazle asko oraindik bizi direla Arana eta Kanpion-en aroan, konturatzeke berben adierak desberdinak direla jasotzailearen pentsamoldearen arabera. Ni ez naiz inor oinaztar baten pentsamoldea aldarazteko, baldin ez bada hitzen kalipua erabiliz. Eta horixe egiten saiatuko naiz, ganboatarren Nafarroa, ostera, desagaertuz joanen da denboraren poderioz horrela segituz gero. Agramontes-ganboatarrek ez dute jakin gure historia eta jakituria herritarrei helarazten, politikan ere gero eta indar gutiagorekin ikusten ditugu, sakabanturik, euskal lurra bezala. Agramontes askok gainera naturaltasunez dakusate Nafarroa Garaiko hiriburutik Zaragozara joanen den abiada handiko trenaren ukaitea, Mendebaldeko hiriburuekiko tren lotura eztabaidaren zentrora ekarriz... Gerra tikietan itsu, handiez ahantzirik... horixe da gure gazte askoren patua. Nafarroa batua lortzea ez da helburua abertzale askorentzat; batzuek diru erraza eta arina nahiago, besteek gerra tiki antzuetan sartzea nahiago. Egoera horrek dirauen bitartean Nafarroa Garaian eta Mendebaldekoan abertzale askok jai dute. Eta horrela segituz gero, paradigma nafarra ukanen duen alderdi politiko berria sortzeko hazia ereiten hasiko gara. Amaiurko seme-alaben aroaren zain adi egonen gara.

Beraz, toponimoak dira oro: Nafarroa, Euskadi, Euskal Herria, Landeta, Akitania, Bizkaia... Eta azken mendeetan zehar Mendebaldeko Nafarroako kostaldeko mendietara bizitzera etorritako ibarreko herritarren arbasoen oinordekoak libertatea eduki behar dugu herriak-eta nahi bezala izendatzeko, baina beti ere kontutan hartuta termino geografikoak politiko bihurtzen direla eta politikoak toponimo. Asmatuak izaten dira errotzeko problemak ematen dituzten toponimoak, zeren eta neologismoak defentsako mugimendu nazionalistetan soilik gailentzen baitira. Nafarroa eta Euskal Herria sinonimotzat hartzea egoki ikusten dut, baina inork ez dezala aldarrika toponimoen adiera ezpolitikoa edo geografikoa antagonian. Munduko herrien izenak onoma toponimikoetarik sortu dira eskuarki, eta herri izenak bereiztea ez da bat ere ona nazio txikien kasuan, behintzat.

Bizkaia politikoa zordun dago Nafarroa geografikoarekin, sarri erabili dugulako bizkaitarrok kontzeptu politiko soiltzat Nafarroarena. Gutako arbaso batzuek horrela erabili dute eta abertzaletasunaren paradigmarekin bizi izandako familietako kideok esfortzu handia egin beharko dugu entitate politiko pluralak sustatzeko beste paradigma baten aroan. Nafarroako Mendebaldeko herrialdea, egungoa, oinaztarrak eta beamondarrak nagusi diren monarkia demokratikoa da eta naturaltasunez eta dolorerik gabe aldatzeko jakintza behar da armen ordez, Krutwig-ek erraiten zuen bezala. Eta egin beza irakurleak hermeneutika apur bat demokrazia hitzarekin, esangura grekoak argiro adierazten baitu antzinatean kutsu negatiboa zeukala (arras negatiboa, apika), zeren “demoa” erraz manipulatu ahal baita arerioen kontra. Abertzale askok ez dute aldarrikatzen gure herriaren batasuna, hots, Nafarroa Garaia eta Mendebaldeko Nafarroako komunitatearena, berdintasunean (alderdi politiko batek ere ez du egin azken hauteskundeetan) oraindik paradigma nafarra errotu ez delako. Ez Mendebaldeko EAEn, ezta Nafarroa Garaian ere. Oraindik, diot. Geroa gorriz kolorezta daitekeelako edozein unetan, bandera nafarrak geure ere eginez Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban. Aranismoak hutsetik dena mendialdeko bizkaitarren independentziaz mukurutu zuenean bezala, paradigma berriak sor daitezke eta arrakasta lortu. Nork erranen zuen XXI. mendean paradigma aranistaren oinordekoak gehienak (ez nagusi, baina) izanen zirela Mendebaldeko Nafarroako hiru herrialde historikoetan.

Oharra:
Artikulu hau Creative Commons 3.0 aitortza lizentziapean dago. Beraz, nahikoa da egilearen datu hauek jartzea edonon argitaratu ahal izateko:

Jakobe Palazioberri
Getxo [Mendebaldeko Nafarroa]

Toponimo politikoak, Nafarroa eta euskal lurren batasuna (I)

Fredi Paia bertsolari getxoztarrari nire arbaso batek erran ziezaiokeen beste garai batean “Euzkadin bizi naiz, hiribilduan eta Bizkaia dut aberri”. Hark Bizkaia zuen nazio edo jatorri, abertzale izanik, eta harentzat nafartasuna reketea izatea zen, sotanaz jantzitako apez salatari armatua... Ene aitite maitea lantokitik bota zuten Gerra Zibila amaitutakoan eta hiribildu bateko mariñela zen; ez zen lekutako baserrian bizi. Aititerentzat, nafarrak, ibarreko jendeak zein mendialdeko herritarrak izan, berdin ziren... guztiak ziren susmagarri. Izua handia zen oso... Arbasoek bazekiten euskal herritarrak zirela, baina historian ez zeuden oso jantzita, Nafarroako erresumako parte izan ginela ez zekitelako. Nafarrak gaiztoak ziren. Nafarroako rekete eta ultraeleizkoiek jende asko akatu zuten Espainiako azken gerran. Milaka. Nafarroa, alabaina, termino geografikoa ere izan da eta bada oraindik. Nik etxekoei toponimoak geografikoak ere badirela azaltzen saiatu naiz noiz edo noiz. Horrela Nafarroa hitzari kutsu negatiboa kentzen saiatuko nintzela uste nuen. Esaterako, Nafarroa Garaia hitza erabiltzea nahiago izan dut beti; beste batzuek, ostera, Nafarroa termino soila nahiago, Nafarroako Erresumatik Hegoaldean geratu dena izendatzeko.

Terminoak geografikoak eta politikoak izaten dira normalean; batak eta besteak, alegia. Geografikoak izan direnek poltikoak izateko bidea egiten dute denboraren poderioz baldin eta herritarrek praktika politikoan horrela erabakitzen badute. Tamalez, Fredi Paiak, Iñaki Anasagastik eta hainbat idazlek, Sabino Arana eta Arturo Kanpion-en arteko eztabaida berriz ere plazaratu dute orain dela ez askorik, termino politikoak eta geografikoak banatuz ezinbestez. Ni ez naiz iritzi horretakoa, horrek galtzen gaituelako euskaldunok. Baina azal dezadan hobeto.

Abertzalezaletasunak “Euzkadi” termino politikoa ekarri zuen ezerez edo hutsetik; eta herriak praxi politikora eraman zuen, denboraren joanean terminoak kutsu politikoa eta geografiko finkoa hartu duelarik. Oraindik orain, behinik behin, horixe ikusi dugu edonon. Zabal eta ezker-eskuin, abertzale orok onartu zuen oraintsura arte Sabin Aranaren termino politikoa, grafia Euskadi zein Euzkadi izanik. Baina, geroago ezker abertzaleko alderdiek (sozialdemokraziatik ezkerreko muturreraino) Euskal Herria hitza zabaldu zuten esparru geografikotik atera nahian eta zelanbait Euskadik gaur egun errepresentatzen duenetik itzuriz-edo. Hortxe hasi zen “eztabaida intelektuala” gure herria izendatzeko. EAJk boto ederrak galdu zituen seguraski Euskal Herria hitzaren kontra egiteagatik EAEko futbol selekzioa izendatzeko ustetan. Abertzale askok, alta, uste izan zuten Euskadigatik hildako gudarien omenez, Euskadi hitzak iraun behar zuela. Hori justifikatuz, toponimoak geografikoak eta politikoak direla sinestarazi nahi izan digute. Euskadi, Baskonia, Nafarroa eta Euskal Herria toponimoak, antza, desberdinak dira erabileran. Betiko bereizketa: berba bat geografiarako, eta bestea politikarako. Horrexegatik ere Sabin Aranak uste izan zuen hitzak asmatu behar zirela... gure nazio edo herriak ere izen potolo eta egokia behar zuela. Eta horri segituz, neologismoak barra-barra sortu behar izan zituen kontzeptu geografikoak politikoetarik desberdintzeko “onoma” diferenteak erabiliz. Horrek min handia egin dio euskarari, hizkuntza erraztu beharrean, zaildu egin duelako. Finlandia/Suomin gertatutakoa gure herrira ekarri genuen, maleruski. Eta Kanpion-ek ere Nafarroa izanik euskal estatu bakarra, Nafarroa Euskal Herria terminotik bereiztu zuen geografikotasuna eta politika bereiztu nahian-edo. Inork ez du, alta, aldarrikatu bereizketa horren desegokitasuna. Eta horrek ez du esan nahi Nafarroa toponimoa Euskal Herriaren kaltetan derrigorrez zokoratu behar dugunik. Ni ez naiz inor izenak inposatzeko, baina praxia dut eta Nafarroa gero eta gehiagotan erabiltzen dut zelanbait alderdi abertzaleek klarki aldarrikatzen ez duten komunitate desberdinen arteko batasunaren alde egitearren.

Gaur egun, Euskadi neotoponimoak toponimo izaera ere badauka eduki. Ikustea baino ez da zenbat mapa eta liburutan agertzen den eta ikastoletan nola sarri erabiltzen duten. Adibide garbia da egun nola hitz asmatu bat toponimo bihur daitekeen. Oraindik gogoratzen dut nola Leioako Eleizalde izendatzeko kazetari batzuk Vencoster terminoa hasi ziren erabiltzen duela ez urte askorik, Vencoster inmobiliaria zegoelako bertan; edota, nola Itsubaltzeta toponimoa Romo-k ordezkatu zuen Getxo herrian. Antza, idazle batzuek ahantzi egiten dute Nafarroa ere toponimoa dela, Bizkaia bezalaxe. Vencoster hitza ere toponimo bihurtuko zen errotu izan balitz. Aranak eta Kanpion-ek ahaztu zuten toponimo soil eta zaharrak ere erabil daitezkeela politikan. Beste garai batzuk ziren. Euskal Herria hitza kutsu politikotik salbatzea aitzakia ederra izan zitekeen zelanbait Euskal Herria terminoa eztabaida politikoetatik aparte egoteko. Baina, tamalez hori ez da gertatu eta herritar batzuek pentsa dezakete termino politikoak eta geografiko hutsak desberdintzeak ez duela ganora handirik. Nik, behintzat, horixe uste dut. Nik toponimo tradizionalak nahiago ditut eta ikerketaren bidez adituek sustatzen dituztenak. Horretan, ia kasu guztietan bat nator Euskararen Akademiak ematen dituen irizpideekin; ez beti, alta, toponimoak idazteko eta ahoskatzeko tradizio desberdinak egon direlako. Eta kasu batzuetan hobe da grafia biak onartzea.

Oharra:
Artikulu hau Creative Commons 3.0 aitortza lizentziapean dago. Beraz, nahikoa da egilearen datu hauek jartzea edonon argitaratu ahal izateko:

Jakobe Palazioberri
Irakaslea. Getxo [Mendebaldeko Nafarroa]