Euskaldunon herrian bizi garenok problema kultural eta politiko latza dugu, herria zeharo banaturik daukagulako. Bere buruari izena emateko orduan ados ipintzen ez den herriak, mugak non dituen zalatzan dagoen herriak, sistema politiko desberdinak dituenak egoera larria bizi du. Tamalez, horixe da gure herria. Hala ere, estatudun herria da, Nafarroa izena duena.
Batzuek historiatik askatzeko gomendioa ematen dute, baita hizkuntza nazionala albo batera uzteko ere... betikoa da, euskara eta historia gorrotatzen dituzte herritar batzuen iritziz beren inperioa inportanteagoa delako euskal lurrak baino. Historiatik askatzeko diote abertzale batzuek, konturatzeke historia eta hizkuntza direla herri honen altxorrik preziatuenak eta zutabeak. Hori diote eta aldi berean gaztelaniaz edo frantsesez egiten dute inolako lotsarik gabe. Beren estatuaren historia ez dute irakurri eta seguraski asmorik ere ez. Temati eta sutsu batzuk, baina abertzale zintzoek ondo ulertuko dute zein den bidea.
Euskadi, Euskal Herria eta Nafarroa, hiru izen eta entitate bakarra banaka batzuentzat. ETBk plazaratzen duen terminologiak hiru izen horiek desberdintzen erakusten digun arren, historia nafarra irakurri eta barneratu dugunok, alta, ez dugu amorerik emanen. Aimeric Picaud-en garaian bezalatsu (orain ia mila urte) nafarrak eta euskaldunak berdinak dira; enda berekoak, euskaraz mintzo direnak dira, lurralde nafar okupatuetan bizi direnak.
Abertzaleen sineskeriak albo batera utzi behar ditugu: euskal herrialde edo tenentzia nafarren independentzia banakakoa, heraldika gaztelaua, Espainiak eta Frantziak finkatutako ikusmolde historiko garibaizalea, Esteban de Garibaytik datorkiguna... Espainiarrek Diego Lopez Haroko traidorea gur dezakete, baina ez herritar nafarrek, gipuzkoar espainiarrek Irungo desfilearen esanahia atsegin dezakete, baina ez Mendebaldeko Nafarroako ganboatarrok. Gure herrian gauzak aldatuz joan behar dugu, nafartasunaren konzientzia pizteko. Ikastolek egin ez duten lana baten batek egin beharko du, eta orain da abagunea pertsona jakintsu batzuen belaunaldia etorri zaigulako, Federico Krutwig-en emaria berreskuratu ahal izateko: Urzainqui, Esarte, Sorauren, Asiron, Ariznabarreta, Anabitarte, Mtez Garate, Recio, Rekalde, Unzueta... hainbat dira intelektualak, gure herriaren historia hankaz gora jarri dutenak, egia historikoaren alde eginez. Nafarroaren okupazio edo konkistaren V. mendeurrenean, abertzale eta nafar estatalista asko batu dira historia nafarra aldarrikatzeko. Gero eta gehiago gara eta aldarri berbera daramagu: nafar estatua kulturalki antolatzea.
Estatu zahar eta iraunkorra dugu nafarrok, historian zehar iraun duena eta egun Foix-Albret errege etxean datzana harik eta herriak azken hitza esan ahal izan arte. Errepublikazale nafarrek eta euskaldunek seguraski erreparoak jarriko dizkiote horri, erregetzen baitan sinesten ez dutelako; baina beraiek badakite jakin Espainia erresuma sistema dela eta bertan errepublikazale gehienak kontent direla. Kontua herriari boza ematea, baina ez boz espainiarra edo frantsesa, baizik eta boz nafarra. Eta bide horretan, arazoa ez dago Nafarroa Garaian ikurriña eta euskaltasuna finkatzean soilik, baizik eta arazoa Mendebaldeko Nafarroako lurraldeetan nafartasuna piztean. Horregatik batzen gara nafar estatalistok Orreagako bataila oroitzeko abuztuaren 15ean, Askatasunaren Egunean.
Artikulu hau Creative Commons 3.0 aitortza lizentziaduna da. Beraz, nahikoa da egilearen datuak hauek jartzea edonon argitaratu ahal izateko: Jakobe Palazioberri Leioa [Nafarroa]
Suscribirse a:
Entradas (Atom)