2010/03/05

Beotibarko bataila

Orain dela urte asko, behin Mendebaldeko Nafarroako lurralde batzuk Gaztelara pasatu ostean, 1321eko irailaren 19an gertatu zen Beotibar aldean gertakari inportante bat nafar guztiontzat. Beotibarko bataila izena eman zioten eta bertan espainiarrek gipuzkoarren garaipena goraipatu dute euskaldun nafarren kontra. Gipuzkoarren Orreaga deitzera ere heldu dira espainiarrak lotsagabeki.

Gipuzkoako oinaztarrek, hots, Gaztelaren aldekoek, Gorriti hartu zuten. Tropa nafarrak erasoan abiatu ziren Gorritiko gertaera ikusitakoan eta Berastegi herria hartu ondoren Tolosaldera abiatu ziren Beotibarko ibarrean garaituak izanik. Anacleto Ortuetak esan zuen bezala, urte hartantxe jada ikusten da Tolosaldeko eta Mendebaldeko hainbat herritar euskaldunen nazio konzientzia eza. Oinaztarrek Gaztela nahiago zuten eta ez euskaldunen errege nafarrak. Berdin zitzaien beren anai-arrebak hiltzea eta beraiei gerra deklaratzea. Euskaldunak banaturik zeuden jada garai hartan. Eta oinaztarrek Tolosaldeko 800 soldadu bildu ziztuzten goi-nafarren kontra egiteko. Beotibarko gudan 60.000 soldadu nafarrek hartu zutela parte diote oraindik historialari batzuek, nahiz eta Arturo Campionek dioen bezala seguraski tropa nafar euskaldunak 2500 edo 3000 soilik izan. Beotibarko ibarrean Gil Lopez Oinaztarrak nafar-frantsesak garaitu zituztela diote batzuek. Frantses hitza sartzea atsegin izan dute beti historialari espainiar euskaldunek eta erdaldunek. Nafar euskaldunak frantsesak omen ziren. Gaskonak eta behe-nafarrak frantsesak omen ziren. Estakurua ederra da Mendebaldeko Nafarroako euskaldunen gogoak espainiartzeko.

Orreagako bataila nafarrentzako ikurra izan den bezala, diote espainiar batzuek, halaxe izan zen Beotibarko guda gipuzkoarrentzat. Gertakariak parekatuz, gezur historikoa zabaltzen da Ortuetak eta Campionek salatu zuten bezala. Orreagako gertakaria ez zen goi-nafarrentzako erreferentzia bakarrik; Orreagakoa euskaldun oroentzako erreferentzia izan zen. Beotibarkoa, ostera, euskaldunon arteko barne gudako episodioa izan zen.

Mendebaldeko Nafarroan bizi garen herritarrok aldarria egin behar dugu aspaldidanik Garibaik, Henao-k eta beste batzuek kontatutako historiaren bertsioa alde batera uzteko. Beotibarkoa euskal leinuen arteko beste barne guda bat izan zen. Ganboatarrek Nafarroa Garaiko euskaldunak herkidetzat zituztelako. Oinaztarrek, ostera, goi-nafarrak eta herkide gaskonak arerio ikusten zituzten eta Gaztelako erregea nahiago. Abertzalismoak apurtu nahi izan zuen hainbat gauzarekin, baina Garibairen hsitoria bereganatu zuen, tamalez.

Tolosako Santa Maria elizan XIX. mendera arte egon ziren artailuak edo koadroak Beotibarko bataila gogoratuz, nolabait gipuzkoarren garaipena goraipatuz tropa nafar euskaldunen aurka. Koadroak kendu egin ziren, euskaldun zintzoek horrelako gezur historikoen kontra egin behar dutelako. Tolosako Bordondantza ere aipatu dute historialari batzuek Beotibarko bataila ospatzeko egiten dela. Hala ere, aspaldidanik izan dira folklore adituak, hipotesi hori zalantzatan jarri dutenak, Fernando Rojok egin bezala.

Beotibarren egon ziren behenafarrak euskaldun zintzoentzat ez ziren frantsesak, baizik eta nafar euskaldunak. Beotibarko gertakarian zeuden frantses bakarrak Lizarrako merinoa Dru Saint-Paul eta Nafarroako erregeak izendatutako gobernadorea eta ezkutari batzuk. Horiek baino ez.