2009/03/28

Nafarroa 1210. urtean

1210. urtean iberiar erresumak zein diren ageri da ingelesezko mapa honetan. Gaztelak Nafarroari egungo EAE kendu osteko mapa da, bistan denez. Diego Lopez Harokoak ederki egin zuen traizioa. Mapan klik egindakoan, tamaina handian ikusi ahal da iberiar penintsularen mapa hau.

Nafarrok non erosi

Nafarrok euskara dugu hizkuntza. Eta bidaiak-eta egiten ditugunean zergatik ez kontsumitu BAI EUSKARARI ziurtagiria duten enpresetan. Nik, bidaiatu aurretik, BAI EUSKARARI zigilua duten enpresak bilatzen ditut: jatetxeak, tabernak, kinkiladendak... Nafarrok gure hizkuntza sustatzen duten dendetan erosi ahal dugu... Nafarroaren aldeko ekintza da, solidarioa eta komunitatea sortzen duena. Euskara, Bakea eta Nafarroa maite ditugulako.

Iruñeko hiribarnearen mapa

Hemen duzue Iruñeko hiribarrenaren mapa. Inoiz Iruñera joanez gero, lekuak topatzen lagunduko duelakoan, egizue klik eta tamaina handiagoan ikusi. Eta oraindik handiago ikusi ahal izateko, egizue hau: "ctrl" tekla eta "+" tekla batera sakatu birritan edo hirutan eta handiki ikusiren duzue. Tamaina normalera bueltatzeko, berdin egin baina "+" tekla jo ordez, "-" tekla jo.
Bestalde, Koldo Mitxelenak Iruñea toponimo eta nola deklinatu behar den azaltzeko artikulu ederra idatzi zuen behin. PDF formatuan duzue Euskaltzaindiaren gunean.

2009/03/09

Nafarroa berriaren mapa

Gaur, bandera mapa hau aurkezten dizuet, abertzaleei ohiko bihurtu behar zaiena. Bertan Nafarroa berria ageri da. Nafarroako sei herrialde historikoak honakoak dira: Nafarroa Zaharra (Garaia eta Beherekoa), Bizkaia, Gipuzkoa, Araba, Lapurdi eta Zuberoa. Hala ere, Nafarroa historikoa handiagoa da, Landeta, Errioxa eta beste barne dituela (hori ez dugu ahantzi behar). Zabal dezagun mapa gorria, euskaldunon bandera nafarrarekin. Egizue klik mapa eta tamaina handian gorde.

Bretainia osoa, eta Nafarroa noiz?

Frantses Estatuak aldaketa batzuk eginen ditu antolamendu politiko eta administratiboan. Bazen garaia. Breizh edo bretainiar nazioak aurki lortuko duke batasuna. Arras ona notizia euskaldun ororentzat. Nafarroak ere noizbait antzina lez batasuna erdietsiren duke. Hala biz. Egizue klik mapan eta Nantes edo Naoned (bretoieraz) hiria eta gaizki deitutako Loira-Atlantikoa departamentua (Bro Naoned) ikusiko duzue mapan, Breizh osoa ageri delako, prefosta. Ea laster guk ere lortzen dugun nafar estatuaren mapa zabaltzea.

2009/03/08

Angel Rekalde Estatu Nafarraz mintzo

Bergaran egindako mintzaldia, nafar subiranotasunaz. Angel Rekaldek Gipuzkoako mugako zenbait herriri buruz eta nafar estatuaz hitz egiten digu.

2009/03/07

Nafarroako erregearen izena

Pierres II, Pierre Désiré La Motte-Messemé herritarra, egun Nizan bizi dena. Austrian jaio zen orain 85 urte. Lehenago, beste erregegai bat ukan genuen: Timothy de Foix Carmain, 46 urteko estatubatuarra Foixtarren leinukoa. Hala ere, Timothy-k uko egin zion erregegaitzari, Pierres IIaren mesedetan.

Eneko DC-k eginiko mapa historikoa

Saldise jaun agramontes ondratuaren bidez jakin dut ondoko mapa honetaz. Eneko del Castillo-k lan itzela burutu du Baskonia zaharra, edo hobeto esanda, Nafarroako Erresumaren independentziaren mapa koloreztatuz eta dataz hornituz. Zorionak.

Egizu klik eta tamaina handiz ikusi ahalko duzue. Gero, markoa jarri eta zabal ezazue Nafarroako Erresuma osoan zehar... Santoñatik Foixeraino, Pallars-tik Burebaraino.

2009/03/05

Agramontesak eta beaumontesak Ertaroan

Mikel Sorauren irakasleak emandako esplikazioa Nafarroako Erresumako agramondar eta beaumondarren arteko lehiak azaltzeko.

2009/03/01

Banderak, bandoak eta bandoleroak (eta II)

Anakleto Ortueta olabeagarrak uste bezalatsu, Mendebaldeko Nafarroan idatzi diren historia liburuak irakurriaren irakurriaz, gero eta konbentzituago nago euskal abertzaletasunak non duen zauria. Tamalez, bandoak eduki ditugu oinaztar eta ganboatarren garatitik hona eta oraindik ere ez diogu uko egin gure gaitzari, baldin eta kontsideratzen bada gaitza dela euskaldunak administratiboki bereizirik egotea, jakina. Ni baiezkoan nago, euskara duten herrialdeak baturik egotea euskal mintzaira bera sendotzeko baliagarria izan daitekeelako. Mendebaldeko Nafarroak pairatzen duen gaitza eta euskararenganako gorrotoarekin bukatu beharra dago. Euskaldunok politikoki sakabanaturik gaude eta sakabanatze horrek sortzen du gure historiaren galbidea, baita gure hizkuntza eta kulturarena ere. Ahantzi egin dute euskaldun ez-alfabetatu askok zeintzuk diren gure banderak, zein den gure historia krudela 1512. urteaz geroztik. Horretan lan franko egin behar da harik eta 2012. urtean Nafarroako Erresumaren konkistaren urtemuga gogoratu arte. Intelektualek lideratu behar dute nafar kulturalizazio itzultze hori. Herritarrek ikastoletan eta eskoletan irakatsi ez dietenaz jakitun egon behar dute: Bizkaiko Enkarterrietatik Tutera herriraino nafarrak bizi direla. Nafarrak eta euskal herritarrak, jakina. Euskara Nafar Erresumaren hizkuntza jatorrizkoa delako.

Bandotan bizi gara euskaldunok, bando politiko zenbaitetan, eta politika gehiegi egiten dugu, kultura azkarki bultzatu ordez. Federico Krutwig jakintsuak ere aipatu zuen bere azken liburuetan. Kulturari emandako pertsonak behar ditugu, historian adituak, euskaren herria birpizteko. Nafarroako mendebaldean bizi garenok erantzukizun handia dugu: euskal nafartasuna aldarrikatzea lau herrialdeen arteko loturak ageriak jartzeko. Hori eginez gero, Ekialdeko nafarrek traumarik gabe onartuko dute auzolana benetako batasunaren hazia ereiteko.

Ganboatarrak eta agramondarrak izan ziren aski fidelki eta irmoki Nafarroako erregeen alde egin zutenak antzinako denboretan. Ganboatarrek Bizkaiko Biltzar Etxean ere errepresentazio handia ukan zuten, oinaztarrek bezainbat. Baina denboraren poderioz, oinaztarrak nagusitu ziren, Gaztelakoaren aldekoak, alegia. Oraindik Espainia nazio bezala existitzen ez zen garaian. Bandera gorriari uko egin zioten Mendebaldeko Nafarroan, nafartasuna ahanzteraino helduz. Ahanztura hain handia izan zen ezen Sabin Aranaren abertzaletasunak ere ez zuen aintzat hartu. Orain, berriz, abertzaletasun hori aprobetxatu behar dugu agramondar eta ganboatarren sinbolo eta ikurrak onartzeko. Zerbait izan bada gure herria, Nafarroako Erresumaren garaian izan da. Europan estimatua, Shakespeare-k aipatua eta bandera gorriaren gerizpean.

Euskaldunon hizkuntza larri dago Unesco-k erran bezala. Iparraldean eta Ekialdeko Nafarroan status txarrean. Euskara mesprezatua da eta garai batean hori kanpoan baino gertatzen ez bazen, egun etxean bertan jazotzen da. Euskararen erabilera ere arras eskasa da Mendebaldeko herrialdeetan, nahiz eta politikari askok kontrakoa soilik ikusi nahi... Abagunea da, izan ere, egoerari buelta emateko. Kulturalizazio prozesua gure hizkuntzaren erabileratik eta nafar historiaren berreskuratzetik abiatu behar da.

Bandoleroek herrialdeen arteko loturak eta kulturak aldentzen segiko dute, Herri Katalanetan egin duten bezala. Bandoleroek euskal denominazio, sema eta esangura batzuen aurka egiten segiko dute. Garai batean, Euskadi eta Euzkadi hitzen kontra zeuden. Aspaldi honetan, Euskal Herria denominazioaren aurka ari dira. Bandolero horiek honakoak errateko eran daude: valentziarrak katalanak ez diren bezala, nafarrak ez dira euskaldunak eta mendebaldeko euskaldunak ez dira nafarrak... Horiek dira premisak, jendea nahasteko eta kultur erreferentziak ezabatzeko. Hortaz, Mendebaldeko Nafarroan abertzale asko ere ahaztuta daude amankomuneko historiaz, Nafarroako Erresuma Baskonia zaharreko oinordeko zeneko garaiaz. Agramondarren esku eta nafar kulturalizazio prozesua burutzeko euskal unibertsitatea sortu beharko da gure askazia gal ez dadin. Intelektualek kulturan gehiago pentsatu beharko dute politikan eta gatazkan baino. Arturo Kanpion euskaltzale intelektual handiaren izena eraman beharko litzatekeen unibertsitatea sortzea ongarria dateke, unibertsitate hori birtuala soilik izanik ere.