"Hermes" periferiako aldizkari liberaleko urriko alean Xabier Zabaltzak idatzitako artikuluari erantzuteko idatziko ditut honako lerrook. Hala ere, lehenengo, zorionak eman aldizkariari eta Zabaltzari polemika sortzeko kemena erakutsi dutelako. Kritikak kritika, bedi nire errespetua Zabaltza jaunak duen iritziarenganako! Eta barka iezadan antzeko titulua ipintzeagatik. Erdara berba aldatu dut eta gaztelania hitz zaharra ipini, antzeko gauzen gainean idatziko dudalako ondoko lerrootan.
Greko, latin eta ingelesarekin gertatu den bezalaxe, bistan da euskarak eta gaztelaniak bakezko elkarbizitza eduki ahal izan dutela. Orain ere berdin gerta daiteke ingelesarekin Boloniako prozesuan. Izan dira ikasleak, Boloniako prozesua ingelesaren garaipen bezala kontsideratu dutenak, eta beraz, hezkuntzan ingelesaren nagusitasunaren kontra agertu direnak; eta alderantziz, ingelesaren erabilera eta ikaskuntza aberasgarritasunezko zerbait bezala bizitu egin dutenak. Bakoitzak du irizpide desberdina eta hori ohikoa da gizartean. Egungo euskaldun gehienok ez gara damutzen elebidun edo eleaniztun izateagatik... nik uste. Euskara seguraski elkarbizitza baketsuan egongo zen harik eta 1512 urte ingurura. Orduantxe hasi zen Nafar Erresumaren gainbeherakada. Amaiurko guda galduta, bistan da euskarak zenbat sufritu duen Nafarroan... Hegoaldeko beste herrialdeetan sufritu duen bezala, Euskadiko hiru probintzietan Gaztelarekiko menpekotasuna ezagutu dugulako. Historian, bakezko denborak ahanzkorrak dira... gatazkatsuak, ostera, gogoangarriak. Gizaki eta berriemaileen legea dateke hori.
Soziolinguistei galdetu beharko lieke Zabaltza tuterarrak jakiteko bi hizkuntza elkarbizitzen direnean eta diglosia dagoenean zer-nolako prozesuak gertatzen diren. Non eta Bizkaian ere zenbat borroka dialektiko erabili behar izan dugu batzuek ezkontzak euskaraz lortzeko! Hemen dugun Justizia gaztelaniaz mintzo da eta hori bakezko prozesua dela pentsa dezake batek. Baina kontrakoa ere penstatzen duenik bada izan. Euskaldunok gure herrialdeetan pairatu behar izan dugu desoreka hori, aukerarik ematen ez digutelako... Seguraski aukera gutxiago egungo Nafarroan, ekialdeko Nafarroako Erresumaren antzinako herrialdeetan baino. Horrexegatik harritu naute zure hitzek.
Bestalde esaten du Zabaltza jaunak gure eliteek gaztelania erabili dutela eta abertzaleok kexu garela euskararen galtzea dela-eta. Bere iritziak azaltzeko “baskoi guztiak ez zirela euskaldunak eta euskaldun guztiak ez zirela baskoiak” esaldi ospetsua aipatzen du, Koldo Mitxelenaren ahotik aterea. Eta diot nik, abertzale ez den batek ezin du egin euskararen alde, nahiz eta euskaraz jakin ez (euzkotar deitzen zion horri Sabin Aranak). Gaztelan hainbat pertsona ezagutzen ditut, euskara jakin gabe, euskararen presentzia ondo ikusten dutenak, euskara hizkuntza menperatzailea ez dela izan ezagutzen dutelako. Hortan datza diferentzia. Nire gurasoek ez zekiten euskaraz, baina euskal konzientzia zuten eta jakin bazekiten diktadura baten menpean geundela. Errioxan ere ezagutzen ditut euskal konzientzia dutenak, hau da, Nafarrroako erresumaren parte izan zirela jakitun direnak. Eta Athletic futbol taldeak aparte utzi behar ote ditu errioxarrak, euskara galdu zutelako aspaldi? Ondotxo dakizu Xabier, zenbat arrasto utzi duen euskarak Errioxan, Enkarterrietan eta Pirinioetan Andorraraino. Baskoniako herri asko lo egon arren, historia ezin alda daiteke. Jakin badakigu euskara Burgos ondoko herrietara heldu zela. Eta antzinako Baskonian konzientzia hori duen baten bat baldin badago, ondo hartu behar dugu euskaldunok magalean. Euskal selekzioaren alde egin nahi duten errioxarrak onartzen ez duten abertzaleei nazionalismo abegikorra atxikitzeko eskatu behar diegu, egiten dutena onesta ez delako.
Zabaltzak dioenez, Nafarroak ez du izan estaturik (ez horixe! dio).. Baina geroago: “XIX. mendera arte nafar gehienak euskaldunak baziren ere, Nafarroa erdal estatu bat izan zen”. Zertan da egiatik hurbilen dagoena? Xabier Zabaltzak dioenaren arabera, Irlandar Errepublika ez da irlandesa gobernuak plazaratzen dituen paperak irlandesez ez daudelako (bistan da, ia paper guztiak ingelesez argitaratzen dituztela). Hizkuntzaren garapenaren kontra doaz ideia horiek eta Irlandan ere ikusi da hori noraino heldu den aurten: bigarren alderdia, Fine Gael zentrista-liberal demokristauak eta garai batean fazisten aldekoa izan zenak gaeliko hizkuntza irlandesa unibertsitaterako probetatik kentzeko eskatu berri du. Hori dela-eta, ez dut pentsatu nahi horren alde dagoenik Zabaltza jauna. Adibideak baino ez dira.
Hizkuntzen erabileraren mekanismoak oso konplexuak izan daitezke. Hortaz, badira irakasleak, esaterako, euskararen arerioak direnak, eta ingelesez ikasten hasteko gauza direnak munduko hizkuntza nagusiari atxikiz, gure herrian bizi izan arren. Beraientzat, ingelesarekin ez dago gatazkarik; bai, ordea, euskararekin. Eta nik dakidala, pertsonaia horiek ez dira abertzaileak. Hizkuntza gatazketan, beroenak, bertako pertsonak omen dira, eta horiek laguntza eskatzen dute kanpoan; edota, kanpora doaz bizitzera euskarari buruz gaizki mintzoz, Rosa Díez enkarterritar espainiarrak egin duen bezala.
Unibertsitatean egun dugun joerak iraunez gero, hemendik zenbait hamarkadatara ikerkuntza artikulu gehienak, guztiak ez badira, ingelesez egongo dira. Eta diot nik, baten batek erabiliko ote du hori euskal unibertsitatean euskarak eta gaztelaniak presentziarik ez dutela erraiteko? Nafarroako Gorteen dokumentuak azken mendeetan euskaraz ez izateak hain balio handia eduki behar ote du? Makina bat dokumentu idatzi dute gure abadeek latinez azken mendeetan! Bestalde, “Nafarroaren erdalduntzea Nafarroaren barrutik gertatu dela, ez Gaztelak edo Espainiak beharturik” dio Zabaltzak. Baina, hori ez da, ez berria ez egia osoa. Herri konzientzia suntsitzeko barruko kalapita sortu behar dukezu. Historialari gehienek uste dukete horrela. Bistan da Sabin Arana edo Arturo Kanpion euskaltzaileen iritzien kontra zaudela erabat, baita nire aburuaren aurka ere. Eta hori azaltzeko istorio bat (historia pasarte bat, hobe) kontatuko dut. Bazen behin Lerin-go kontea, Fernando errege katolikoaren zerbitzupean maltzurki nafar erregeen aurka egin zuena.
Beamondarrak izan zituen lagun Leringoak eta garai hartan Isabel katolikoa hila zen jada. Nafarroako pendoiak zortziko izarra zuen (edo kateak, nahi izanez gero) eta Lys-ko loreak ere bai. Amaiur eta Noain-go guden ostean, euskaldunon historia badakigu jakin nolakoa izan den. Nafarroa Gaztelaren menpe geratu zen eta liberalismoak, geroago, espainiaren kontzeptu geografikoa politikok bilakatu zuen. Nafar boterea orduz geroztik, eta batez ere Francorekin sarraskiak egin zituztenetik, badakigu jakin noren esku egon diren. Euskara maite ote du egungo gobernu nafarrak? Ala gorroto? Arrazoi duzu, Xabier! Ezagun ditugun nafarrek bultzatu dute euskara iparralderantz egiten. Horretan bat nator zurekin. Baina ez nahastu abertzaleok horretan, arren!
Bistan da, euskara ez dela katalana bezalakoa eta hemengo burgeseriaren indarra oso txikia izan dela. Gainera, erlijio katolikoaren eragin handia izan da, hugonoteen eraginarekin konparaturik. Faktore guzti horiek eta liberalismo ekonomizista batuzale eta muga-apurtzailearen indarra nahiko izan ziren gure herriaren konzientzia apaltzeko. Arturo Kanpionek aipatu bezala, liberalismo gaztelauak sortu zuen espainiolismoa. Eta garai batean Espainia berba, geografikoa zena, kontzeptu politikoa izatera pasatu zen. Gaztela hitza indarra galduz joan zen horrela, Ameriketako hustiatze enpresak horretarako asko lagundu zuelarik. Kanpion-ek esan bezala, beamondarrak ez ziren espainiolistak garai hartan espainiolismoa sortua ez zelako. Espainiolismoa, Gaztelako Erresumatik eta menpekoetatik (beraz, gure herritar batzuek bultzatua ere bai) sortua da eta liberalismoak finkatu zuen.
Nafarroa, orain den bezalakoa da, baina gerra zibilean, faszistek zenbat jende hil zuten eta zelako exodoa ikusi behar izan genuen! Orain, Nafarroan espainiera da nagusi, baina hori abertzaleon eragina izan denik ez dut uste nik. Lingua navarrorum erromantzea zela diozu, baina horri ni baino adituagoak diren beste ikerlari batzuek erantzun diote. Alferrik da nik gehiago erraitea horren gainean. Lingua navarrorum baskoien hizkuntza dateke oraindik ere, baskoien hizkuntza erromantzea edo euskara izan... edo zergatik ez, elebidunak: erromantzedunak eta euskaldunak; baina argi dagoena ondokoa da: gaztelania ez zen beraien hizkuntza.
2008/12/16
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario