Anakleto Ortueta olabeagarrak uste bezalatsu, Mendebaldeko Nafarroan idatzi diren historia liburuak irakurriaren irakurriaz, gero eta konbentzituago nago euskal abertzaletasunak non duen zauria. Tamalez, bandoak eduki ditugu oinaztar eta ganboatarren garatitik hona eta oraindik ere ez diogu uko egin gure gaitzari, baldin eta kontsideratzen bada gaitza dela euskaldunak administratiboki bereizirik egotea, jakina. Ni baiezkoan nago, euskara duten herrialdeak baturik egotea euskal mintzaira bera sendotzeko baliagarria izan daitekeelako. Mendebaldeko Nafarroak pairatzen duen gaitza eta euskararenganako gorrotoarekin bukatu beharra dago. Euskaldunok politikoki sakabanaturik gaude eta sakabanatze horrek sortzen du gure historiaren galbidea, baita gure hizkuntza eta kulturarena ere. Ahantzi egin dute euskaldun ez-alfabetatu askok zeintzuk diren gure banderak, zein den gure historia krudela 1512. urteaz geroztik. Horretan lan franko egin behar da harik eta 2012. urtean Nafarroako Erresumaren konkistaren urtemuga gogoratu arte. Intelektualek lideratu behar dute nafar kulturalizazio itzultze hori. Herritarrek ikastoletan eta eskoletan irakatsi ez dietenaz jakitun egon behar dute: Bizkaiko Enkarterrietatik Tutera herriraino nafarrak bizi direla. Nafarrak eta euskal herritarrak, jakina. Euskara Nafar Erresumaren hizkuntza jatorrizkoa delako.
Bandotan bizi gara euskaldunok, bando politiko zenbaitetan, eta politika gehiegi egiten dugu, kultura azkarki bultzatu ordez. Federico Krutwig jakintsuak ere aipatu zuen bere azken liburuetan. Kulturari emandako pertsonak behar ditugu, historian adituak, euskaren herria birpizteko. Nafarroako mendebaldean bizi garenok erantzukizun handia dugu: euskal nafartasuna aldarrikatzea lau herrialdeen arteko loturak ageriak jartzeko. Hori eginez gero, Ekialdeko nafarrek traumarik gabe onartuko dute auzolana benetako batasunaren hazia ereiteko.
Ganboatarrak eta agramondarrak izan ziren aski fidelki eta irmoki Nafarroako erregeen alde egin zutenak antzinako denboretan. Ganboatarrek Bizkaiko Biltzar Etxean ere errepresentazio handia ukan zuten, oinaztarrek bezainbat. Baina denboraren poderioz, oinaztarrak nagusitu ziren, Gaztelakoaren aldekoak, alegia. Oraindik Espainia nazio bezala existitzen ez zen garaian. Bandera gorriari uko egin zioten Mendebaldeko Nafarroan, nafartasuna ahanzteraino helduz. Ahanztura hain handia izan zen ezen Sabin Aranaren abertzaletasunak ere ez zuen aintzat hartu. Orain, berriz, abertzaletasun hori aprobetxatu behar dugu agramondar eta ganboatarren sinbolo eta ikurrak onartzeko. Zerbait izan bada gure herria, Nafarroako Erresumaren garaian izan da. Europan estimatua, Shakespeare-k aipatua eta bandera gorriaren gerizpean.
Euskaldunon hizkuntza larri dago Unesco-k erran bezala. Iparraldean eta Ekialdeko Nafarroan status txarrean. Euskara mesprezatua da eta garai batean hori kanpoan baino gertatzen ez bazen, egun etxean bertan jazotzen da. Euskararen erabilera ere arras eskasa da Mendebaldeko herrialdeetan, nahiz eta politikari askok kontrakoa soilik ikusi nahi... Abagunea da, izan ere, egoerari buelta emateko. Kulturalizazio prozesua gure hizkuntzaren erabileratik eta nafar historiaren berreskuratzetik abiatu behar da.
Bandoleroek herrialdeen arteko loturak eta kulturak aldentzen segiko dute, Herri Katalanetan egin duten bezala. Bandoleroek euskal denominazio, sema eta esangura batzuen aurka egiten segiko dute. Garai batean, Euskadi eta Euzkadi hitzen kontra zeuden. Aspaldi honetan, Euskal Herria denominazioaren aurka ari dira. Bandolero horiek honakoak errateko eran daude: valentziarrak katalanak ez diren bezala, nafarrak ez dira euskaldunak eta mendebaldeko euskaldunak ez dira nafarrak... Horiek dira premisak, jendea nahasteko eta kultur erreferentziak ezabatzeko. Hortaz, Mendebaldeko Nafarroan abertzale asko ere ahaztuta daude amankomuneko historiaz, Nafarroako Erresuma Baskonia zaharreko oinordeko zeneko garaiaz. Agramondarren esku eta nafar kulturalizazio prozesua burutzeko euskal unibertsitatea sortu beharko da gure askazia gal ez dadin. Intelektualek kulturan gehiago pentsatu beharko dute politikan eta gatazkan baino. Arturo Kanpion euskaltzale intelektual handiaren izena eraman beharko litzatekeen unibertsitatea sortzea ongarria dateke, unibertsitate hori birtuala soilik izanik ere.
2009/03/01
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario