2009/02/26

Banderak, bandoak eta bandoleroak (I)

Banderak ikur kolektiboak baino ez dira; bandoa zein den adierazteko ikurra, preseski; herri edo talde baten izaera errepresentatzeko sortu dira eta erlijioak bezala jainkotu dira sarri, tamalez. Errespetua behar dute, baina sekula ez dira inposizio prozesuen ondorio izan behar. Eta horrela ulertzen dutenak bandolero bihurtzen dira, bando ezondratu eta itxien alde egiten dutelako ahozko bortxa zein bestea baliatuz. Banderak ez dira inposatzen eta euskaldunok ondotxo dakigu zer den hori. Ni ez naiz inor nire auzokideari esateko bandera hau edo beste erabiltzeko; baina era berean, bera ere ez da inor bandera bat inposatzeko. Bestalde antzinakotasuna erabiltzen dute askok banderaren hidalgia neurtzeko. Espainian ohikoa da hori. Halarik ere, bandera oro sortu da noizbait; hala ikurrina nola izarra edo katea duen bandera gorri nafarra ere. Jendearen onespen maila da garrantzitsuena banderak arrakasta ukan dezan. Eta horri dagokionez, euskaldunok oraindik asignatura ez dugu erabat gainditu. Oraindik gutxi gara ikurrina eta bandera nafar gorria, biak onartzen ditugun herkideok. Abertzale askok oraindik ez dute bandera nafarra guztiz onartzen, eta hori aldatu beharra dago. Sabin Arana eta Arturo Kanpionen garaian abertzaletasun bakarra sortu izana hobea izango zen Hegoaldeko herriak berriz ere baturik ikusteko. Alabaina oraindik ez da berandu baldin eta prozesua traumatikoa ez bada. Beste herri batzuetan ere batze prozesuak gertatu dira eta herriak irabazi du horrekin.

Estatu frantsesean, esaterako, Bretainia herri zeltiarra administratiboki eta kulturalki batzeko urrats handia heltzear dagoke. Nantes hiri handia eta Loira-Atlantiko departamentua beren anai-arrebekin batuko ahal dira bertako politikari orok eskatuta. Bretainia batzeko aukera gero eta hurbilago dagoela-eta, gogoeta egin behar dugu euskaldunok ea geuri noiz egokituko zaigun behingoz gure batasuna gauzatzea. Nahiz eta Hirutik Bira soilik pasatu, hots, Hego Euskal Herriko lau herrialdeak soilik batu, bada garaia auzolana egiteko Nafarroan zein EAEn. Horretarako nafarren bandera gorria ere geure egitea ona izan daiteke. Gogora dezagun Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba nafarrak izan zirela eta hori harro egoteko modukoa izan behar dela, Ekialdeko nafarrak kontent egon daitezen batze prozesua traumarik gabe gauzatzearren. Bistan da Mendebaldean bizi garenok ere aldarrikatu behar dugula gure nafartasuna, gure arbasoak nafar estatuaren barruan bizi izan zirelako eta Nafarroako herkideenganako errespetua erakutsi behar dugulako argikiro esateko guztiok garela anai-arrebak.

Ganboatarrak oraindik bizirik daude Mendebaldeko Nafarroan, Ekialdean agramondarrak bizirik dauden bezala. Arturo Kanpion eta Sabin Arana euskaltzale izan ziren eta nahiz eta historia interpretatzeko diferentziak eduki zituzten, Euskal herrialdeen alde egin zuten, eta nolabait geroko euskal pizkunde politikoaren guraso bihurtu ziren. Egia da batek bandera gorria maite zuela eta besteak ikurriña asmatu zuela gure kolektibitatearen ikur gisa. Egia da zaila dela konbentzitzea batak eta besteak batera edo bestera joka dezaten; baina, lortzen badugu, batzuek eta besteek bi banderak onartzea, urrats handia edukiko dugu emanda. Eskoziarrek ere bandera bi dituzte eta biak darabiltzate problemarik gabe. Era horretan, oinaztarrak eta ganboatarrak bakezkoak egiten hasiko dira, Hegoaldeko euskaldunon komunitatea posible eginez. Elkar errespetatuz eta euskara elkargune izanik.

Federico Krutwig eta Alfonso Irigoien zirenek Jakintza Baitha elkartean bilerak egiten zituztenean euskal banderaren kolore gorria aipatu ohi zuten, ikurrinaz gain euskaldunok bandera gorria eduki genuelako. Euskal erresuma nafarra Bordelaraino, Kantabriako Santoñaraino eta ekialdean Foixeraino heldu zelako. Antza, hori sarritan ez da aipatu ere egiten euskal irakaskuntzan, egungo euskaldun asko jakitun ez daudelako. Akize hiria (Dax) arrotza bailitzan hartzen dute euskaldun askok; eta akizetarrik bada izan, ostera, nafarra sentitzen denik gaur egunean. Berdin gertatzen da Biarnon eta Errioxan ere. Errioxako jokalariek euskal taldeetan jokatu nahi dute eta beren burua euskal selekzioarekin identifikaturik ikusten dutenean eta hori ere aldarrikatzen dutenean, bada gure artean errioxar horiek arrotzak bailiran tratatzen duenik. Nik horrelako euskaldunak ez ditut maite, Nafarroako Erresuma Zaharreko lurraldeetan bizi diren herritarrek guk bezala euskaldun sentitzeko eskubidea dutelako... areago dirua eta bizilekua hemen dutenean. Nahiago ditut nik jokalari errioxar horiek hemengo euskaldun ezondratuak baino. Pentsatzen dut antzinako denboretan ere antzeko eztabaidak gertatuko zirela. Oinaztarrak eta ganboatarrak ere euskaldunak ziren, baina arras diferenteak beren helburuak. Oinaztarrak Gaztelaren aldeko eta ganboatarrak Nafarroako erregearen aldeko. Bi bando, bi komunitate, bi lehentasun.

Historikoki inoiz nafar banderaren pean ibili ziren gure arbasoak, Bizkaian, Araban zein Gipuzkoan ere. XIV eta XV mendeetan, behin Mendebaldeko Nafarroa Gaztelaren menpe geratu eta gero, euskaldunon sakabanaketa gauzatzen hasi zen eta fronte oinaztar-beamondarra gailendu zen Hegoaldean. Ezer izatekotan garai hartan, egungo euskal nazionalistak ganboatarrak izango ziren seguraski. Baina alferrik da historian atzera egitea, garaiak desberdinak dira eta orain berriz ere etorri behar da saialdia mendebaldeko eta ekialdeko nafarrak adiskidetzeko. Bandolero izan nahi ez badugu, geure harri koskorra jarri behar Hegoaldeko elkar-ulertzea gauzatzeko. Horregatik, ona litzateke, EAEn Aberri Egunean ikurriña eta bandera gorria, biak, jartzea balkoietan. Nafarroa Euskadin sartu ordez, Euskadi Nafarroan sartzea ere bada kontua. Bi komunitateak elkarlanean hainbat usadio, dantza eta kirol konpartituz. Hortixek hasi behar batze prozesua. Bestela, alferrik da baldin eta nafar ikurrak eta baloreak albo batera uzten badira Mendebaldeko Nafarroan bizi garenon aldetik. Horretan, ni ganboatarra naiz; ez bandolero, bai, ordea, bandokide euskalduna, agramondarra, alegia.

2 comentarios:

Erramun Gerrikagoitia dijo...

Urte batzuk ba dira jada ze nik Aberri Egunean jartzen dut etxaurrean bi banderak elkarren ondoan, nafarra gorri-horia eta ikurrina gorri-zuri-verdea.

Inoiz ez dut entzun inor ganik ezein kommentariorik. Horrek harritzen nau nahiz-eta nire etxea ba dakit ez dago kale arras importantean baina ezta an izkutuko zoko txatxar bat.

Gorka Jakobe Palazio dijo...

Bai, Erramun... ikusi dut zure photo bat non bandera gorria eskegita ageri baita. Zulako anitz balego, Nafartasuna ezagutua litzateke Bizkaia osoan.