Fredi Paia bertsolari getxoztarrari nire arbaso batek erran ziezaiokeen beste garai batean “Euzkadin bizi naiz, hiribilduan eta Bizkaia dut aberri”. Hark Bizkaia zuen nazio edo jatorri, abertzale izanik, eta harentzat nafartasuna reketea izatea zen, sotanaz jantzitako apez salatari armatua... Ene aitite maitea lantokitik bota zuten Gerra Zibila amaitutakoan eta hiribildu bateko mariñela zen; ez zen lekutako baserrian bizi. Aititerentzat, nafarrak, ibarreko jendeak zein mendialdeko herritarrak izan, berdin ziren... guztiak ziren susmagarri. Izua handia zen oso... Arbasoek bazekiten euskal herritarrak zirela, baina historian ez zeuden oso jantzita, Nafarroako erresumako parte izan ginela ez zekitelako. Nafarrak gaiztoak ziren. Nafarroako rekete eta ultraeleizkoiek jende asko akatu zuten Espainiako azken gerran. Milaka. Nafarroa, alabaina, termino geografikoa ere izan da eta bada oraindik. Nik etxekoei toponimoak geografikoak ere badirela azaltzen saiatu naiz noiz edo noiz. Horrela Nafarroa hitzari kutsu negatiboa kentzen saiatuko nintzela uste nuen. Esaterako, Nafarroa Garaia hitza erabiltzea nahiago izan dut beti; beste batzuek, ostera, Nafarroa termino soila nahiago, Nafarroako Erresumatik Hegoaldean geratu dena izendatzeko.
Terminoak geografikoak eta politikoak izaten dira normalean; batak eta besteak, alegia. Geografikoak izan direnek poltikoak izateko bidea egiten dute denboraren poderioz baldin eta herritarrek praktika politikoan horrela erabakitzen badute. Tamalez, Fredi Paiak, Iñaki Anasagastik eta hainbat idazlek, Sabino Arana eta Arturo Kanpion-en arteko eztabaida berriz ere plazaratu dute orain dela ez askorik, termino politikoak eta geografikoak banatuz ezinbestez. Ni ez naiz iritzi horretakoa, horrek galtzen gaituelako euskaldunok. Baina azal dezadan hobeto.
Abertzalezaletasunak “Euzkadi” termino politikoa ekarri zuen ezerez edo hutsetik; eta herriak praxi politikora eraman zuen, denboraren joanean terminoak kutsu politikoa eta geografiko finkoa hartu duelarik. Oraindik orain, behinik behin, horixe ikusi dugu edonon. Zabal eta ezker-eskuin, abertzale orok onartu zuen oraintsura arte Sabin Aranaren termino politikoa, grafia Euskadi zein Euzkadi izanik. Baina, geroago ezker abertzaleko alderdiek (sozialdemokraziatik ezkerreko muturreraino) Euskal Herria hitza zabaldu zuten esparru geografikotik atera nahian eta zelanbait Euskadik gaur egun errepresentatzen duenetik itzuriz-edo. Hortxe hasi zen “eztabaida intelektuala” gure herria izendatzeko. EAJk boto ederrak galdu zituen seguraski Euskal Herria hitzaren kontra egiteagatik EAEko futbol selekzioa izendatzeko ustetan. Abertzale askok, alta, uste izan zuten Euskadigatik hildako gudarien omenez, Euskadi hitzak iraun behar zuela. Hori justifikatuz, toponimoak geografikoak eta politikoak direla sinestarazi nahi izan digute. Euskadi, Baskonia, Nafarroa eta Euskal Herria toponimoak, antza, desberdinak dira erabileran. Betiko bereizketa: berba bat geografiarako, eta bestea politikarako. Horrexegatik ere Sabin Aranak uste izan zuen hitzak asmatu behar zirela... gure nazio edo herriak ere izen potolo eta egokia behar zuela. Eta horri segituz, neologismoak barra-barra sortu behar izan zituen kontzeptu geografikoak politikoetarik desberdintzeko “onoma” diferenteak erabiliz. Horrek min handia egin dio euskarari, hizkuntza erraztu beharrean, zaildu egin duelako. Finlandia/Suomin gertatutakoa gure herrira ekarri genuen, maleruski. Eta Kanpion-ek ere Nafarroa izanik euskal estatu bakarra, Nafarroa Euskal Herria terminotik bereiztu zuen geografikotasuna eta politika bereiztu nahian-edo. Inork ez du, alta, aldarrikatu bereizketa horren desegokitasuna. Eta horrek ez du esan nahi Nafarroa toponimoa Euskal Herriaren kaltetan derrigorrez zokoratu behar dugunik. Ni ez naiz inor izenak inposatzeko, baina praxia dut eta Nafarroa gero eta gehiagotan erabiltzen dut zelanbait alderdi abertzaleek klarki aldarrikatzen ez duten komunitate desberdinen arteko batasunaren alde egitearren.
Gaur egun, Euskadi neotoponimoak toponimo izaera ere badauka eduki. Ikustea baino ez da zenbat mapa eta liburutan agertzen den eta ikastoletan nola sarri erabiltzen duten. Adibide garbia da egun nola hitz asmatu bat toponimo bihur daitekeen. Oraindik gogoratzen dut nola Leioako Eleizalde izendatzeko kazetari batzuk Vencoster terminoa hasi ziren erabiltzen duela ez urte askorik, Vencoster inmobiliaria zegoelako bertan; edota, nola Itsubaltzeta toponimoa Romo-k ordezkatu zuen Getxo herrian. Antza, idazle batzuek ahantzi egiten dute Nafarroa ere toponimoa dela, Bizkaia bezalaxe. Vencoster hitza ere toponimo bihurtuko zen errotu izan balitz. Aranak eta Kanpion-ek ahaztu zuten toponimo soil eta zaharrak ere erabil daitezkeela politikan. Beste garai batzuk ziren. Euskal Herria hitza kutsu politikotik salbatzea aitzakia ederra izan zitekeen zelanbait Euskal Herria terminoa eztabaida politikoetatik aparte egoteko. Baina, tamalez hori ez da gertatu eta herritar batzuek pentsa dezakete termino politikoak eta geografiko hutsak desberdintzeak ez duela ganora handirik. Nik, behintzat, horixe uste dut. Nik toponimo tradizionalak nahiago ditut eta ikerketaren bidez adituek sustatzen dituztenak. Horretan, ia kasu guztietan bat nator Euskararen Akademiak ematen dituen irizpideekin; ez beti, alta, toponimoak idazteko eta ahoskatzeko tradizio desberdinak egon direlako. Eta kasu batzuetan hobe da grafia biak onartzea.
Oharra:
Artikulu hau Creative Commons 3.0 aitortza lizentziapean dago. Beraz, nahikoa da egilearen datu hauek jartzea edonon argitaratu ahal izateko:
Jakobe Palazioberri
Irakaslea. Getxo [Mendebaldeko Nafarroa]
2009/05/01
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario