2010/02/23

Nafarrak nabetako herritarrak ote?

Nafarroa euskaldunen estatua izan da hainbat mendez, euskaldunen lurraldearen izena eta jentilizioa ere izan da, bai Mendebaldeko Nafarroako lurraldeetan bizi izan diren herritarrentzat, bai eta Goi Nafarroan eta Ipar Nafarroan bizi izan direnentzat ere. Nafar Estatua handia izan da eta oraindik kontserbatzen du errege leinu berezkoa Blas de Beaumont erregeordearen bitartez.
Nahiz eta azken 500 urte honetan populazio kopuruak asko aldatu diren Mendebaldeko nafarren nagusitasuna agerian utziz (Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan), oraindik badago jenderik Nafarroa estatutzat duena herrialde eta eskualde guztietan. Pentsa dezagun, Goi Nafarroa konkistatutakoan, 1530. urtean, 322.000 herritar nafar bizi zirela egungo Hego Euskal Herrian eta populazio horren ia erdia (150.000) Goi Nafarroako herritar ziren(1). Zentralitatea, alta, amaitzen ari zen Gaztela eta Aragoiko konkistatzaileen sarraskien ondorioz, eta estatu nafarrak Pirinioetarik harantzago joan behar izan zuen abaroa bilatu nahian. Eta hori iragana izanik, egun nafarzaletasuna birpizten ari den honetan hainbat herritar irrikitan daude Nafarroaren inguruko testu eta ikerlanak kontsumitzeko (Nabarralde, Navarrate, Azpilikueta kultur elkarteak, kasurako).
Estatu nafarra ezagutu arren, hainbat herritarrek ez dakite nondik datorren Nabarra-Nafarroa-Navarra toponimo eta nazio izena. Hori dela-eta, artikulu hau idaztea deliberatu dut dauden hiru hipotesiak azalduz.
Nabarra toponimo eta herri izenaren inguruan idazle ospetsuek idatzi dute. Euskaldunen herriaren deitura horren etimologia eta misterioa argitzea lan ederra baitzen eta bada izan oraindik, orain mende batzuetara arte eskualdunen estuaren izena izan baita. Horrez gain, XXI. mendean, aurreko mendeko Ortueta eta Campionen nafarzaletasunaren pizkundeaz batera, berriz ere itzultzen gara Nafar eta Nafarroa hitzen etimologiaren gaira.
José María Jimeno Jurío ikerlari goinafarrak dio gaztelaniaz (2), navarro toponimoa 800. urtearen inguruan agertzen dela lehenengoz frankoen literatur iturrietan Carlomagno-ren balentria goraipatuz (778), Iruñea oppidum Nauarrorum bezala kontsideratuz latinez. Kodize Kalixtinoak (liber V, VII. atala) dio nafarrak eta baskoak berdin-berdinak direla eta hizkuntza bera darabiltela, erabat barbaro eta arrotza dena. Hortaz, bistan da nafarrak eta baskoak berdinak zirela, enda berekoak eta euskara zutela hizkuntza.
Ibon Sarasolaren Euskal Hiztegian, 1636an Etcheberri Ziburukoak idatzitako liburu bateko adibideetan oinarriturik, nafar izenlaguna ageri da, baita nafartar berba ere Nafarroakoa adiera emateko. Nafartar jentilizioa Ipar Nafarroako lurraldeetan erabiltzen da, Nafarroa penintsularrean, ostera, nafar eta napar usuago entzuten dira.
Plácido Múgica Berrondo apez urnietarraren hiztegiak navarro sarreran napar, nafar edo napartar hitzak dakartza. Hiztegi berean, eta Nabarra/Nafarroa hitzaren etimologia ulertzeko gure intereseko hitz bi ageri dira: nabar eta naba. Naba sarrerak honako informazioa dakar gaztelaniaz: planicie, llanura próxima a los montes (adiera komun eta zabaldua); vertiente (zuberoeraz); barranco, hondonada, quiebra (zuberoeraz). Bestalde, nabar euskarazko hitzak 11 adiera ditu euskararen dialektoetan, pardo izanik adiera hedatuena. Gogoeta egindakoan, nabar hitza nahiko berezkoa delako ondorioa atera dezakegu, hots, euskaran berba komun eta aski zaharra. Baten batek pentsa dezake lautada hitza erabiltzen dela naba hitzarekin adierazten dena esan nahi izateko, baina horrek ez du kentzen hitzaren karga semantikoa. Nabar adjektiboa ere egokia izan daiteke zenbait pertsona edo gizatalde izendatzeko, bistan denez. Gainera, nabar hitza aspaldidanikoa da, hedatua eta aberatsa adierari dagokionez. Gauzak horrela, ondorioa erraz askoan atera dezakegu: nabar, napar edo nafarrak lautadetako herritarren izena izan daiteke; eta hori horrela izan ezean, nafarrak aspektu edo kolore horretako herritarren izena da. Beltza eta Baltza ere erabilia izan da euskal deituretan jendearen aspektua edo tankera izendatzeko, Gorria deiturarekin gertatu den bezala. Hortaz, nabar jentilizio bihurtzea giza talde bat izendatzeko ez litzateke harrigarria izango. Dena den, posibleago ikusten dut lehen hipotesia (nabetako herritarrena), horrela erakutsi ahal delako euskaldunen izendatzeko bi modu logikoak, non bizi diren kontutan harturik: nafarrak eta baskoak, agian lautadakoak eta baso ingurukoak bailiran. Behitiarrak eta goitiarrak, nolabait errateko.
Honaino, bi hipotesi ikusi ditugu eta hirugarrena falta zaigu. Hirugarren hori Manuel de Lecuona apezak azaldu zuen Nafarroako Errioxako aldizkari batean eta geroago “Etimología de la voz Navarra” izenburupeko artikuluan. Lecuona ikerlariak judeo-arabierazko nahar (erreka, ibaialdea) hitzetik datorrela aipatzen du. Hipotesia abiarazteko Nafarroako lehen erregeen dokumentuetako esaldi batzuk aipatzen ditu apez oihartzundarrak, errege haiek “Nafarroan eta mendietan agintzen” utzi zutelako idatzirik. Nafarroa eta mendialdea banaturik agertzen dira eta horrek zer pentsa eman zion Lecuonari. Nahar hitz semitikotik nafar eta navar datozela esaten du, Nafarroa eta nafar romantzera pasatzen dira nabar edo napar forma ertainen bitartez. Baina horretan, nik zalantza bat ikusten dut, nabar eta napar formak navar frikatiboaren ordainak izan beharrean, alderantziz ere gerta zitekeelako. Nauarrorum formak duen u hori, bistan denez, v letraren ordaina da, baina hemen kontua honakoa da: f letra maiztasun txikikoa da euskal hiztegian eta zalantza gertatu ahal da datatzeko momentuan, nahiz eta antzinako denboretan agian b eta v soinuak bereiz zitezkeen Nafarroa Beherean kontserbatu den bezala. Batzuek esango dute antzinako euskaran sekula ez zirela bereiztuko bi soinu horiek, baina hipotesiak nolanahikoak izan daitezke eta zalantza plazaratzea ongarria izan ahal da.
Bistan da naba hitzaren adiera, hau da, lautada, izan daitekeela nabar, navar edo nafar hitzaren etimologia. Hortaz, nabar edo naparrak lautadetako bizilagunak izendatzeko erabili zuten gure arbasoek -(t)ar atzizkia baliatuz. Hipotesi hori sinpleegitzat jo zuen Manuel de Lecuona Oihartzungo ikerlariak eta hipotesi bitxia argitaratu zuen nahar hitz semitikotik zetorrela esanez. Bakoitzak pentsa dezakeela logikoen edo posibleen iruditzen zaiona.
Eta Nafarroa hitzak duen -oa bukaera nondik dator? Horra hor galdera, baten batek bere buruari egin diona. Nabarra ala Nafarroa esan behar ote den ez dute argi batzuek. Nik hemen azaltzen dudan hipotesian Nafarroa berbaren alde egiten dut eta -oa bukaera euskarazko atzizki zaharra dela adieraziko dut.
Hainbat dira euskal deiturak -oa (-ua) bukaera dutenak, -ona forma zaharretik etor daitekeena. Hala nola, Mutiloa, Andrinua, Larrinoa, Larrona, Aranoa, Lekuona, Agirreoa, Laboa... Jaime de Querexetak dioen bezala (3), -oa eta -ona bukaera horiek lekutasuna adierazten dute. Egia esan, euskarak atzizki asko du lekutasuna adierazteko, eta batzuk forma bakarretik datoz; hala, -tza, -tzaga, -aga atzikizki beretik datoz aldakiak izanik eta landareekin usu erabiltzen direnak (artatza, gorostitzaga, gorostiaga, elortza...); horren parekoak dira -eta, -dui eta -di (amezketa, amezti, elordui...). Nafarroa hitzaren kasuan, bistakoa da -oa bukaera nondik etor daitekeen eta zergatik dagoen ondo formatua, antzinako euskal erara. Hipotesia den honi ez diot inoiz teoria deituko, batzuek hipotesiekin egin duten bezala, baina posibleena bezala ikusten dut nik. Bakoitzak atera dezala ondorioa eta guztionean bego nafarzaletasuna.

Oharrak

1- PAL idazle taldea. “Euskalherria, hombres, tierras, cultura”, Bilbao, Mensajero, 1981, 41 or.
2- Jimeno Jurío, José M. “Navarra. Historia del euskera”, Tafalla, Txalaparta, 1997.
3- Querexeta, Jaime de. "Diccionario Onomástico y Heráldico Vasco". Bilbao, Biblioteca de la Gran Enciclopedia Vasca, 1970.

Artikulu hau Creative Commons 3.0 (by-shlk, egilearen izenaren aipamena eta lizentzia bera mantentzea eratorritako lanean) lizentziaduna da.

Jakobe Palazioberri
Getxo [Mendebaldeko Nafarroa]

No hay comentarios: