2009/05/04

Nafarroako bandera abertzalea

Hauxe duzue Luis Aranak proposatutako bandera Nafarroa Garai eta Beherekorako. Euzkadi konfederazio bezala ikusten zuten Arana anaiek. Ikurriña, azken finean, Bizkaiko bandera bezala sortu zuten Arana Goiri anaiek 1894. urtean. Ikurriña, hots, Bizkaiko bandera, Bilboko Euskeldun Batzokija-n jaso zen lehenengo biderrez 1894ko uztailaren 14an. Kolore gorriak Bizkaiko herria (arraza) adierazten du; kurutze berdeak Lege Zaharrak; eta guztien ganean, kurutze zuria, Jaungoikoaren seinale. Eusko Alderdi Jeltzaleak bere egin zuen ikurriña 1895ean, eta 1933an Euskal Herriaren ikurtzat hartu.

2009/05/03

Nafarroaren bandera, Xahok asmatua

Kantabriako nafarren bandera. 1838. urtekoa. Euskal nazionalismoaren aintzindaria izan omen zan Agosti Xaho (Atharratze, 1811-1858). Zuberoako politikari eta kazetariak Euskal Herrirako asmaturiko bandera duzu honakoa. Gorria eta beltza da bandera. Gorria Nafarroako banderatik hartuko zuen seguraski.

2009/05/01

Toponimo politikoak, Nafarroa eta euskal lurren batasuna (eta II)

Nafar guztien antzinako jatorria Ebro ibaiaren ondoan kokatzen da eta ibarreko herritar ginen hastapenean nafarrok. Bizkaiko eta Kantabriako baserritarren eta isolatzearen mitoak min handia egin du gure herrian sakabanaketa politikoa eragiteko aiko-maikoa izanik. Bizkaiko lurretan, Gipuzkoan legez, oinaztarrak eta ganboatarrak egon ziren eta ez da kasualitatea ganboatar gehiago bizitzea hiribilduetan mendian baino. Nik bizkargoenagatarrak deitzen diet isolaturik bizi direnei; hiribilduetakoei, ostera, ganboatarrak dira, deiturak berak adierazten duen bezala (ganboa edo kanboa gaztelaniaz campo da). Eta gure herria menpean edukitzeko planifikazioan hainbat toponimo erabili dira semantikaz esangurak aldatuz edo sinestaraziz geografikoak direla batzuk eta ez politikoak. Hermeneutak izaten irakatsi digute euskaldun askori, halafede!

Egun, euskal prentsan eta Nafarroa osoko erdarazko hedabideetan hermeneutika aplikatu behar da hitzen adierak interpretatzeko. Euskadi berba esateak oraindik ez du zehazten esangura zehatza baldin eta esatariari eta hedabideari erreparatzen ez badiegu. Gure herrian hermeneutika aplikatuz bizi beharko dukegu luzaro. Euskadi hitzak, maleruski, ez darama zehazpen geografikorik testuingurutik eta esatariaren pentsakeratik at. Kontzeptuoi, gizakiok ematen diegu adiera.

Perotxategi, Arana eta areago Larramendiren garaian aski zabalduta zeuden hipotesi historizistak, jatorria aurkitzeko gaia zernahi zen ere. Errusia toponimo nagusiaren jatorria azaltzeko vikingoen erroak aipatzen ziren, Gartzia euskal deitura petoaren jatorria godoen hizkuntzatik zetorrela zabaltzen hasi ziren esangura adierazteko istorio zelebreak asmaturik: “bere amorantearen zain zegoen gizona” (nik-neuk ikusia Gaztelan duela urte batzuk). Lekuzko toponimo soilen jatorritik erakartzea esangurak gaizki ikusten zuten sasiaditu askok. Denari bilatu behar zitzaion istorioren bat: Tubal, mitoak, helenoen ekia... Unibertsitateko urteetan nik barre asko egiten nuen Perotxategiren hipotesiak irakurtzean. Herrialde edo nazio baten izenak historia eduki behar zuen. Hortaz, istorioak asmatu behar ziren berbak hobeto janztearren. Errusia hitza “Rus” toponimotik eratortzea lar sinplea zen; eta horregatik vikingoen istorioaren hipotesia erabili zuten askok Rus hitzaren erroaren esangura zabaltzeko. Garcia deituraren esangura euskarazko “gaztea” izatea edo Euskal Herria bezala erran/esan aditzaren antzinako formatik zetorrela aldarrikatzea sinpleegia zen. Pitokeriatzat kontsideratuko zuten horrelako hipotesi bat. Mendialdeko jendeek zein hiribilduetakoek (gehiago lehenengoak, jakina) errazago irensten omen zituzten hipotesi historizistak toponimoei karga mistikoei emanez.

Ahaide Nagusien gerrak ere prozesio batean kandelak non eraman zioagatik sortuak izanen zirelako hipotesia ere zabaldu zen garai batean eta entziklopedien garaia etorri arte erraz askoan irentsi zuten herritarrek teoria bailitzan, zinez hipotesi ganorabakoa zena. Nafar estatuaren historia horrelakoa izan da. Euskaltzale handiak eduki ditugu, Arana eta Kanpion kasu, baina bistan denez, epe historiko batean bizi izan ziren. Egun ere, seguraski, bai batak, bai besteak, problemarik ez zuten ikusiko Euskadi ala Nafarroa izeneztapena atxiki ordez Euskal Herria terminoa zabaltzeko. Toponimoak eta exotoponimoak, bakoitzak bere marka darama. Bizkaia toponimoak ere aranismoan marka eduki duen bezala. Termino politikoa Mendebaldeko Nafarroako eskualde batzuk izendatzeko, baita Bizkaiko karlistentzat ere, nola ez. Nik Bizkaia toponimoa entzuten dudanean zenbait testuingurutan termino politikotzat dut. Beraz, Bizkaia toponimoak ere izan du eta eduki badauka oraindik biko esangura: geografikoa eta politikoa. Nik sekula ez dut ikusi zergatik herriak izendatzeko bereizi behar diren terminoak, edo asmatu berriak. Toponimoak historia eta politika liburuetan ageri dira, geografiazkoetan bezalaxe. Beraz, uste dut egungo idazle asko oraindik bizi direla Arana eta Kanpion-en aroan, konturatzeke berben adierak desberdinak direla jasotzailearen pentsamoldearen arabera. Ni ez naiz inor oinaztar baten pentsamoldea aldarazteko, baldin ez bada hitzen kalipua erabiliz. Eta horixe egiten saiatuko naiz, ganboatarren Nafarroa, ostera, desagaertuz joanen da denboraren poderioz horrela segituz gero. Agramontes-ganboatarrek ez dute jakin gure historia eta jakituria herritarrei helarazten, politikan ere gero eta indar gutiagorekin ikusten ditugu, sakabanturik, euskal lurra bezala. Agramontes askok gainera naturaltasunez dakusate Nafarroa Garaiko hiriburutik Zaragozara joanen den abiada handiko trenaren ukaitea, Mendebaldeko hiriburuekiko tren lotura eztabaidaren zentrora ekarriz... Gerra tikietan itsu, handiez ahantzirik... horixe da gure gazte askoren patua. Nafarroa batua lortzea ez da helburua abertzale askorentzat; batzuek diru erraza eta arina nahiago, besteek gerra tiki antzuetan sartzea nahiago. Egoera horrek dirauen bitartean Nafarroa Garaian eta Mendebaldekoan abertzale askok jai dute. Eta horrela segituz gero, paradigma nafarra ukanen duen alderdi politiko berria sortzeko hazia ereiten hasiko gara. Amaiurko seme-alaben aroaren zain adi egonen gara.

Beraz, toponimoak dira oro: Nafarroa, Euskadi, Euskal Herria, Landeta, Akitania, Bizkaia... Eta azken mendeetan zehar Mendebaldeko Nafarroako kostaldeko mendietara bizitzera etorritako ibarreko herritarren arbasoen oinordekoak libertatea eduki behar dugu herriak-eta nahi bezala izendatzeko, baina beti ere kontutan hartuta termino geografikoak politiko bihurtzen direla eta politikoak toponimo. Asmatuak izaten dira errotzeko problemak ematen dituzten toponimoak, zeren eta neologismoak defentsako mugimendu nazionalistetan soilik gailentzen baitira. Nafarroa eta Euskal Herria sinonimotzat hartzea egoki ikusten dut, baina inork ez dezala aldarrika toponimoen adiera ezpolitikoa edo geografikoa antagonian. Munduko herrien izenak onoma toponimikoetarik sortu dira eskuarki, eta herri izenak bereiztea ez da bat ere ona nazio txikien kasuan, behintzat.

Bizkaia politikoa zordun dago Nafarroa geografikoarekin, sarri erabili dugulako bizkaitarrok kontzeptu politiko soiltzat Nafarroarena. Gutako arbaso batzuek horrela erabili dute eta abertzaletasunaren paradigmarekin bizi izandako familietako kideok esfortzu handia egin beharko dugu entitate politiko pluralak sustatzeko beste paradigma baten aroan. Nafarroako Mendebaldeko herrialdea, egungoa, oinaztarrak eta beamondarrak nagusi diren monarkia demokratikoa da eta naturaltasunez eta dolorerik gabe aldatzeko jakintza behar da armen ordez, Krutwig-ek erraiten zuen bezala. Eta egin beza irakurleak hermeneutika apur bat demokrazia hitzarekin, esangura grekoak argiro adierazten baitu antzinatean kutsu negatiboa zeukala (arras negatiboa, apika), zeren “demoa” erraz manipulatu ahal baita arerioen kontra. Abertzale askok ez dute aldarrikatzen gure herriaren batasuna, hots, Nafarroa Garaia eta Mendebaldeko Nafarroako komunitatearena, berdintasunean (alderdi politiko batek ere ez du egin azken hauteskundeetan) oraindik paradigma nafarra errotu ez delako. Ez Mendebaldeko EAEn, ezta Nafarroa Garaian ere. Oraindik, diot. Geroa gorriz kolorezta daitekeelako edozein unetan, bandera nafarrak geure ere eginez Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban. Aranismoak hutsetik dena mendialdeko bizkaitarren independentziaz mukurutu zuenean bezala, paradigma berriak sor daitezke eta arrakasta lortu. Nork erranen zuen XXI. mendean paradigma aranistaren oinordekoak gehienak (ez nagusi, baina) izanen zirela Mendebaldeko Nafarroako hiru herrialde historikoetan.

Oharra:
Artikulu hau Creative Commons 3.0 aitortza lizentziapean dago. Beraz, nahikoa da egilearen datu hauek jartzea edonon argitaratu ahal izateko:

Jakobe Palazioberri
Getxo [Mendebaldeko Nafarroa]

Toponimo politikoak, Nafarroa eta euskal lurren batasuna (I)

Fredi Paia bertsolari getxoztarrari nire arbaso batek erran ziezaiokeen beste garai batean “Euzkadin bizi naiz, hiribilduan eta Bizkaia dut aberri”. Hark Bizkaia zuen nazio edo jatorri, abertzale izanik, eta harentzat nafartasuna reketea izatea zen, sotanaz jantzitako apez salatari armatua... Ene aitite maitea lantokitik bota zuten Gerra Zibila amaitutakoan eta hiribildu bateko mariñela zen; ez zen lekutako baserrian bizi. Aititerentzat, nafarrak, ibarreko jendeak zein mendialdeko herritarrak izan, berdin ziren... guztiak ziren susmagarri. Izua handia zen oso... Arbasoek bazekiten euskal herritarrak zirela, baina historian ez zeuden oso jantzita, Nafarroako erresumako parte izan ginela ez zekitelako. Nafarrak gaiztoak ziren. Nafarroako rekete eta ultraeleizkoiek jende asko akatu zuten Espainiako azken gerran. Milaka. Nafarroa, alabaina, termino geografikoa ere izan da eta bada oraindik. Nik etxekoei toponimoak geografikoak ere badirela azaltzen saiatu naiz noiz edo noiz. Horrela Nafarroa hitzari kutsu negatiboa kentzen saiatuko nintzela uste nuen. Esaterako, Nafarroa Garaia hitza erabiltzea nahiago izan dut beti; beste batzuek, ostera, Nafarroa termino soila nahiago, Nafarroako Erresumatik Hegoaldean geratu dena izendatzeko.

Terminoak geografikoak eta politikoak izaten dira normalean; batak eta besteak, alegia. Geografikoak izan direnek poltikoak izateko bidea egiten dute denboraren poderioz baldin eta herritarrek praktika politikoan horrela erabakitzen badute. Tamalez, Fredi Paiak, Iñaki Anasagastik eta hainbat idazlek, Sabino Arana eta Arturo Kanpion-en arteko eztabaida berriz ere plazaratu dute orain dela ez askorik, termino politikoak eta geografikoak banatuz ezinbestez. Ni ez naiz iritzi horretakoa, horrek galtzen gaituelako euskaldunok. Baina azal dezadan hobeto.

Abertzalezaletasunak “Euzkadi” termino politikoa ekarri zuen ezerez edo hutsetik; eta herriak praxi politikora eraman zuen, denboraren joanean terminoak kutsu politikoa eta geografiko finkoa hartu duelarik. Oraindik orain, behinik behin, horixe ikusi dugu edonon. Zabal eta ezker-eskuin, abertzale orok onartu zuen oraintsura arte Sabin Aranaren termino politikoa, grafia Euskadi zein Euzkadi izanik. Baina, geroago ezker abertzaleko alderdiek (sozialdemokraziatik ezkerreko muturreraino) Euskal Herria hitza zabaldu zuten esparru geografikotik atera nahian eta zelanbait Euskadik gaur egun errepresentatzen duenetik itzuriz-edo. Hortxe hasi zen “eztabaida intelektuala” gure herria izendatzeko. EAJk boto ederrak galdu zituen seguraski Euskal Herria hitzaren kontra egiteagatik EAEko futbol selekzioa izendatzeko ustetan. Abertzale askok, alta, uste izan zuten Euskadigatik hildako gudarien omenez, Euskadi hitzak iraun behar zuela. Hori justifikatuz, toponimoak geografikoak eta politikoak direla sinestarazi nahi izan digute. Euskadi, Baskonia, Nafarroa eta Euskal Herria toponimoak, antza, desberdinak dira erabileran. Betiko bereizketa: berba bat geografiarako, eta bestea politikarako. Horrexegatik ere Sabin Aranak uste izan zuen hitzak asmatu behar zirela... gure nazio edo herriak ere izen potolo eta egokia behar zuela. Eta horri segituz, neologismoak barra-barra sortu behar izan zituen kontzeptu geografikoak politikoetarik desberdintzeko “onoma” diferenteak erabiliz. Horrek min handia egin dio euskarari, hizkuntza erraztu beharrean, zaildu egin duelako. Finlandia/Suomin gertatutakoa gure herrira ekarri genuen, maleruski. Eta Kanpion-ek ere Nafarroa izanik euskal estatu bakarra, Nafarroa Euskal Herria terminotik bereiztu zuen geografikotasuna eta politika bereiztu nahian-edo. Inork ez du, alta, aldarrikatu bereizketa horren desegokitasuna. Eta horrek ez du esan nahi Nafarroa toponimoa Euskal Herriaren kaltetan derrigorrez zokoratu behar dugunik. Ni ez naiz inor izenak inposatzeko, baina praxia dut eta Nafarroa gero eta gehiagotan erabiltzen dut zelanbait alderdi abertzaleek klarki aldarrikatzen ez duten komunitate desberdinen arteko batasunaren alde egitearren.

Gaur egun, Euskadi neotoponimoak toponimo izaera ere badauka eduki. Ikustea baino ez da zenbat mapa eta liburutan agertzen den eta ikastoletan nola sarri erabiltzen duten. Adibide garbia da egun nola hitz asmatu bat toponimo bihur daitekeen. Oraindik gogoratzen dut nola Leioako Eleizalde izendatzeko kazetari batzuk Vencoster terminoa hasi ziren erabiltzen duela ez urte askorik, Vencoster inmobiliaria zegoelako bertan; edota, nola Itsubaltzeta toponimoa Romo-k ordezkatu zuen Getxo herrian. Antza, idazle batzuek ahantzi egiten dute Nafarroa ere toponimoa dela, Bizkaia bezalaxe. Vencoster hitza ere toponimo bihurtuko zen errotu izan balitz. Aranak eta Kanpion-ek ahaztu zuten toponimo soil eta zaharrak ere erabil daitezkeela politikan. Beste garai batzuk ziren. Euskal Herria hitza kutsu politikotik salbatzea aitzakia ederra izan zitekeen zelanbait Euskal Herria terminoa eztabaida politikoetatik aparte egoteko. Baina, tamalez hori ez da gertatu eta herritar batzuek pentsa dezakete termino politikoak eta geografiko hutsak desberdintzeak ez duela ganora handirik. Nik, behintzat, horixe uste dut. Nik toponimo tradizionalak nahiago ditut eta ikerketaren bidez adituek sustatzen dituztenak. Horretan, ia kasu guztietan bat nator Euskararen Akademiak ematen dituen irizpideekin; ez beti, alta, toponimoak idazteko eta ahoskatzeko tradizio desberdinak egon direlako. Eta kasu batzuetan hobe da grafia biak onartzea.

Oharra:
Artikulu hau Creative Commons 3.0 aitortza lizentziapean dago. Beraz, nahikoa da egilearen datu hauek jartzea edonon argitaratu ahal izateko:

Jakobe Palazioberri
Irakaslea. Getxo [Mendebaldeko Nafarroa]

2009/04/27

Gora Nafarroaren Eguna!

Gaur Nafarroaren Eguna izan da. Baigorrin hainbat nafar batu dira Nafarroaren Batasuna aldarrikatzeko. Bizkaiko Nabarraldetik ere ospatu dugu nafarren eguna. Hona hemen proba.

2009/04/13

Iñigo Saldisek Bizkaiko jaunerriaren historia kontatzen digu artikulu bitan

Iñigo Saldise Nafarroa Garaiko jaun doktore agramontesak artikulu ederrak argitaratu berri ditu bere blogean. Bizkaiko historia nafar ikuspuntutik ulertzeko ezin hobeak:

Bizkaia (I): de comarca navarra a señorío castellano
Bizkaia (II): señorío insurrecto en el Reino de Castilla y León

On dagizuela artikulu biak irakurriz, bizkaitar nafar agurgarriak!

2009/04/12

Bizkai maitearen zorra Nafarroarekiko

Argazki makinetan irudia hobeto jasotzeko objektiboak aukera ematen digu fokatzeko. Fokatzea, hortaz, interesatzen zaiguna zehatz ikustea da, gainerakotik nabarmenduz. Kontzeptu hori historiaren arlora ere pasa daiteke. Historiografian fokatzea garrantzitsua da. Historia oso zabala da eta irakasleak eta historialariek aro edo gertaera batzuei garrantzi handia emanez eta beste batzuk ahantziz, efektuak desberdinak izaten dira. Oraindik dut gogoan txikitan nola kontatzen ziguten Espainiaren historia. Cid Campeador, hau da, Rodrigo Diaz Vivarkoa, behin eta berriz ageri zen historia liburuetan, eta berarekin batera Errege Katolikoak, errege horiek Espainiaren batasuna lortu zutelako-edo. Historia bi edo hiru figura horietan fokatzen edo zentratzen zen. Cid gaztelaua eta Isabel-Fernando erregeak non-nahi. Franco-ren garaia zen eta erregimena aladatutakoan euskaldunon historiaz zerbait ikasten hasi ginen. Francoren azken urteetan bizi izandakook geure kabuz ikasi behar izan genuen liburu debekatuetan zegoena eta historiaren fokatzea Foruetan eta Bizkaiko Lopez Harokoaren figuran ipintzen zuten historialari abertzale batzuek. Nik oraindik ditut gogoan beren klaseak euskal kulturaz eta nola goresten zuten Bizkaiaren independentzia, sarri ezkutatuz Gaztelako Erresumaren menpekoa zela Bizkaiko jaunerria. Foruak, antzinako legeak genituen eta Lopez Harokoaren figura buruzagitzat, leinu horren Lopez Iñigez-en traizioa bazter utzita. Ezer gutxi ikasi nuen klase haietan eta historialari haien liburuaz irakurriz. Ausartu ere ez ziren ausartzen Lopez Harokoaren jatorria zein zen zabaltzen, sekula ez zituzten aipatzen gaztelu nafarren funtzionaltasuna, zergatik eraikiak ziren eta hainbat gauza gehiago... denboraren poderioz eta Ekialdeko Nafarroako historialari jakintsu batzuen bidez, zerbait gehiago ikasi dut Bizkaia maiteaz. Hasteko, ezer gutxi kontatzen digute liburuek 1366ko Libourne-ko Itunaz, zeinaren bidez, Gaztelako erregeak nahiago zuen Bizkaia ingelesen esku utzi, errege nafarrei bueltatu baino, zeren Bizkaia Gaztelaren menpe egon baita inolako estaturik sortzeke, Nafarroako Erresuma ez bezala. Historialarien fokatzea Errege Katoliko, Foru eta gerra karlisten garaian izan da, bertoko nahiz kanpoko historialari eta politikarien kasu askotan. Gainera, arras diferenteki presentatu dute historia sarri, ituna bailitzan. Ezer gutxi esan digute Bizkaiko gaztelu nafarrei buruz Iñaki Sagredok ikerlan mardula plazaratu arte. Ezer gutxi esan digute euskaldunon benetako aberriaz, Nafarroaz, hain zuzen ere. Ezer gutxi erran dute Untzuetako gaztelu nafarraz, EITBko albistegietan,lehengo egunean, Untzuetako gazteluazko informazioa eman zutenean bezala. Orain mila urte gutxi gora-behera eraiki zutenean, Bizkaia nafarra zen oraindino. Pedro I.aren anaia Tellok agindu zuen Untzuetako gaztelua eraisteko. Gaztelauek ez dituzte gogoko izan gaztelu nafarrak, ez. Baina egungo Bizkaian eta Araban nafar gazteluek oraindik diraute. Harriek edo gomutek dirauten bezala, Bizkaian nafar sentitzen garenok bere hemen gagoz Nafarroako beste lurrekin noiz batuko zain. Penagarria da euskaldunok pairatzen dugun akulturalizazio prozesua eta zeinen eskasa den gure ezagutza euskal historiaz, nafar historiaz alegia.

Txikitan ezin nuen ulertu zergatik Nafarroa Garaia eta Hiru Probintziak bereizirik zeuden, ezin ulertu kultura berbera edukita... Espainiarren historiak ere ez zidan balio. Hasieran pentsakor geratzen zara esaten dizutenean Nafarroako Konkista justifikatzeko Nafarroako erregeak frantsestu egiten hasiak zirela. Nik pentsatzen nuen ea hori esaten zutenek berdin pentsatzen ote zuten Borboi eta iberiarrak ez ziren beste erregeei buruz. Ez, ixilik geratzen dira, badakitelako Nafarroako Konkista gure herriko errege legitimoen aurka egin zela. Bizkaia, Araba eta Gipuzkoa bezala esnatu egin behar dira loalditik konturatzeko benetan nafarrak direla. Era horretan, inoiz baino hurbilago edukiko dugu elkar-ulertzea Ekialdeko eta Mendebaldeko euskaldunon artean. Bi aldeetan, nafarrak bizi dira oraindino eta abertzaleek paradigma aldatuz gero, komunitate bakarra osatu ahal dugu. Liburuetatik hasi beharko da hori.

Ikastola, lizeo eta institutuetan irakurtzen diren testu historikoak irakurtzen hasten naiz eta ezer gutxi aurkitzen dut Amaiurko gudaz, ezer gutxi Nafarroako Konkistaz, ezer gutxi Ipar Nafarroaz (Gaskonia, Foix, Biarno...), ezer gutxi nafar erregeei buruz, euskaldunon estatuaz alegia. Nabarraldeko lagunek egiten dituzten liburuak hor daude Ikastola eta lizeoetako irakasleek euskaldunon historia hobeto fokatzeko, hobeto zentratzeko. Asko dago egiteko, asko dago Mendebaldeko nafarrak iratzartzeko. Bizkaiak zorra du Nafarroarekin eta geure historia, kendu digutena, irakasten hasi beharko, gure seme-alaben hizkuntzak iraun dezan; euskaldunon herriak iraun dezan.

Oharra: irudia edo mapa, Untzueta izeneko Flickr-erabiltzaileari esker ageri da.

Artikulu hau CC 3.0 aitortza lizentziaduna da. Beraz, nahikoa da egilearen datuak hauek jartzea edonon argitaratu ahal izateko:

Jakobe Palazioberri
Getxo [Mendebaldeko Nafarroa]

2009/04/03

Otsorik ez, Bizkaiko armarrian

Jakin badakit, asmo onez egindako armarria dela alboan duzuena. "Nafarroako bizkaitarrak" dio testuak. Eta, agian konturatu gabe, Bizkaiko Jaun traidorearen sinboloa ipini dute zuhaitzean. Arbolaren aurka ez dut ezer, jakina. Gernikako arbola onar dezagun, euskalduon guztion arbola delako, baina nik behintzat ez ditut maite otso biak, Lopez Haroko jaun nafar traidorea baitakarkit burura. Aranak horrexegatik kendu zituen lupuak edo otsoak Bizkaiko armarritik. Bilbo hiriak oraindino darabiltza otsoak tamalez. Ez dut uste oker nagoenik, otso horiek Lopeztarren leinu eta deituratik datoz. Okertzen banaiz, norbaitek esango dit. Gero eta argiago dut Bizkaiko armarri zaharra erabili behar dugula, pendoi gorria, alegia, edo Gernikako arbola, euskaldunon sinboloa delako, Amaiur bezala. Otsoek Lopez Harokoaren kutsua daramate.

2009/04/01

Amaiur herritik, Gora Nafarroa Batua!

Amaiur iruditan. Martxoan eginiko argazkiak dituzue eta himno nafarra, jakina. Gora Nafarroa batua!

2009/03/28

Nafarroa 1210. urtean

1210. urtean iberiar erresumak zein diren ageri da ingelesezko mapa honetan. Gaztelak Nafarroari egungo EAE kendu osteko mapa da, bistan denez. Diego Lopez Harokoak ederki egin zuen traizioa. Mapan klik egindakoan, tamaina handian ikusi ahal da iberiar penintsularen mapa hau.

Nafarrok non erosi

Nafarrok euskara dugu hizkuntza. Eta bidaiak-eta egiten ditugunean zergatik ez kontsumitu BAI EUSKARARI ziurtagiria duten enpresetan. Nik, bidaiatu aurretik, BAI EUSKARARI zigilua duten enpresak bilatzen ditut: jatetxeak, tabernak, kinkiladendak... Nafarrok gure hizkuntza sustatzen duten dendetan erosi ahal dugu... Nafarroaren aldeko ekintza da, solidarioa eta komunitatea sortzen duena. Euskara, Bakea eta Nafarroa maite ditugulako.