2010/04/19

Navarra toponimoaren forma euskaraz

Zelan idatz lezake Mendebaldeko nafar batek Nafarroa hitza euskaraz? Ba bistan da Joanna Albretekoak eta Joannes Leizarragak erabili bezala, lingua navarrorum-ez Nafarroa (Naparroa) beti erabili delako, edo ia beti, zeren batzuek orain lingua navarrorum-ez Nabarra toponimoa erabili nahi baitute. 'Nabarra' terminoa Arturo Campion-ek eta Pedro Nabaskotzek erabili dute gaztelaniaz beti ere Nafarroa berbaren ordain gisa, Campionek bere lan ederrenak, baita Euskararen Gramatika ere espainieraz idatzi baitzituen.

Ondoren, nik kontsultatutako hiztegi guztiak dakartzat lerro honetara, nafartarrak edo nafarrak kontura daitezen beren herriaren izena euskaraz, hots, lingua navarrorum-ez nola erraiten den. Euskaraz Nabarra hitza erabiltzen dutenak, edo espainiarrak dira hizkuntzaz edota euskarara pasatu nahi dute espainierazko forma euskarazkoa delakoan. Bestalde, Francoren garaian, euskaldun kolonizatuek ere euskaraz egiten zutenean ere erabiltzen zuten Nabarra, Nabarratik, Nabarrako eta antzeko forma arbuiagarriak. Espainieraz erabil daiteke Nabarra eta ondo dakusat hori, baina nafarren hizkuntzak badu onoma amankomun bat gaur egun eta Albret erreginaren garaian ere: Nafarroa. Bestalde, erakunde batek Nabarrako forma atzizkiduna erabiltzen badu, onoma hori edukiko du, baina sekula ezin da inposatu beste batek onoma hori azaltzeko beste hitz batzuk erabiltzen baditu. Nafarroako terminoa erabiltzea, Sanchez-Santxez formekin gertatzen den bezala, herritarren hautuan geratzen da, eta hori ez erabiltzea erabakitzen badu batek nik onartzen dut beti ere izendapen bezala, ez beste arrazoirengatik. Tamalez, Nafarroan batzuek beti pentsatu dute Gartzia edo Santxez bezalako deiturak ezin direla idatzi lingua navarrorumez, euskal grafiaz alegia, eta ez dira konturatzen Sanchez eta García erdal grafiaz egindako formak direla. Nik hori erreibindikatzen dut eta errespetatzen dut grafia arrotzaz idatzitakoa, baina herritarrek libertatea ukan behar dute nahi bezala idazteko. Bestela jai dugu. Herritarrak beren obrengatik dira ezagunak, eta nafarzaleak ere horretan ezagutuko dituzue. Niri berdin zait nire deitura nola idazten duten lagunek, garrantzitsuena nondik datorren jakitea baita, euskarak molde asko eman baitio gaztelaniari antzinako denboreetatik. Baina natorren harira eta jar dezadan hiztegiek zer dioten euskaraz Nabarra edo Navarra onomaz:

Leizarragaren Testamentu berriaren liburuan (Leizarraga, 1506-1601)
:
GUZIZKO ANDRE NOBLE Ioana Albrete Nafarroako Regina Bearnoko Andre gehien
Iainkoak deitzen baitzaitu hala zure Nafarroako resuman ere...

Euskararen Errege Akademia (Euskaltzaindia, alegia):
Navarra: Nafarroa

Plácido Mugicaren hiztegia:
Navarra: Nafarroa, Naparroa
navarro: nafar, napar, napartar

Morris hiztegia
Navarre: Nafarroa

Azkue-ren hiztegia:
Navarra: Nafarroa, Nafarroa Garaia, Nafarroa Beherea (Alta, Baja)
nafar: navarroa

Luis M. Mujikaren hiztegia:
Navarra: Nafarroa

Wikipedia EU:
Navarra: Nafarroa

Etcheberri Ziburua (1636):
nafar: navarro

Euskal hiztegia:
navarro: nafar, nafartar

Harluxet entziklopedia:
Navarra: Nafarroa
Nabarra: Euzko Jaurlaritzaren itsas armadaren bou armatua; bi kanoiz hornitutako bakailao-untzia zen. 1937an, beste hiru bourekin, Euzko Jaurlaritzako Galdames posta-untziaren eskolta-lanetan ari zela, nazionalen Canarias gurutzuntziak eraso zien; posta-untzia laino artean ezkutatu zen. Nabarrak gogor eutsi zion erasoari ia hondoratu zen arte. Tripulazioaren erdia hil eta gainerakoak preso hartu zituzten.

Ez dut hiztegi bat bera ere ezagutzen, Nabarra forma euskaraz dakarrenik, -oa lekuzko lokatiboa falta zaiolako benetako euskal toponimo sena edukitzeko.

1 comentario:

Josu Lavin dijo...

Gorka adisquide preciatua,

Norc ere eçagutzen baitu euscal litteratur traditionea textu originaletan ongui daqui cein içan den lau mendetan EUSCAL GRAPHIA. SANTXEZ eta GARTZIA graphiec oso oraintsucoac dira.
Memoria historicoaren recuperatceac ongui emaiten digu aditcera ecen SANCHEZ eta GARCIA ere (ceinçu berdin ahoscatzen baitira) EUSCAL GRAPHIA CLASSICOAn daudela.
Adeitsuqui