2010/04/13

Armarriak aldakorrak izaten dira. Kanoirik ez Nafarroan!

Artikulu honetan Andoni Esparzak apirilaren 10ean Berrian idatzitako artikuluari erantzuna eman nahi diot. Gipuzkoako Antzuola herriko armarriko kanoiak direla-eta sortutako polemikan Angel Rekalderen alde agertzen naiz heraldista bezala.


Apirilaren 10ean, Andoni Esparza Leibar heraldistak erantzun egin zion Angel Rekalde nafarzaleari Gipuzkoako eta Antzuolako armarrietako kanoiak direla-eta. Artikuluak Berria kazetan agertu dira eta polemika horren inguruan, nafarzaleok erantzun argia eman nahi diogu Esparza Leibar jaunari.

Lehenbizi, Andoni Esparza heraldistak Gipuzkoako armarrietako Belateko kanoien alde egiten du sinbolo zaharra gorde egin behar dela adieraziz. Kanoien presentzia eta jatorria, aldiz, ez du aipatu ere egiten. Hortaz, Angel Rekalde jaunak egindako argudioen kontra ezer gutxi aurkezten du artikuluan. Kanoiak armarrian zergatik jarri ziren eta nork egin zuen aipatzea ezinbestekoa da eztabaidan zirt edo zart egin ahal izateko. Heraldistak normalean kolore, ikur eta sinboloen peskizan gauzak nondik datozen eta zergatiak azaldu behar ditu, Angel Rekaldek egin bezala.

Bigarrenik, esan dezagun heraldikan aldakortasuna aski ohikoa dela. Armarriak aldatuz doaz eta heraldista askok hortik sosak ere irabazi dituzte, herritarrarengan, hau da, norbanakoaren baitan dagoelako armarrietan aldaketak egiteko hautua. Adibidez, Nafarroako armarria denboran zehar, mendetan barna, aldatuz joan da. Ikurrak aldatuz doaz sarri. Garai batean zortzi ertzeko izarra edo karbunklo irekia izan zena, bilakatuz joan zen eta karbunklo itxia bihurtu; eta gero, beste batzuk etorri ziren eta kateen itxura eman zioten karbunklo itxiari; edo behintzat aldaketa eragin zuten. Egun, ximenotar errege nafarren armarria ahantzirik dago zenbaitentzat, nahiz eta garai batean euskaldunon estatuaren sinboloa arranaoa izan (XI-XII mende inguruan, Peñalver Restauradorearen garaian).. Bandera eta estandartekin gauza bera gertatu da. Atzo arranoa, gero karbunkloa, orain sasikatea. Armarriak eta banderak joanaren joanean aldatuz doazela ezin uka; eta ematen du, Andoni Esparzak horrela ez duela pentsatzen. Bistan da berak basko-espainiarrek konkistaturiko kanoiak maite dituela. Bistan da ez duela gogoratu nahi, Rekalde jaunak egin bezala, norenak ziren kanoiak. Bistan da euskaldunon erregearen armadakoak zirela kanoiak eta horrek mintzen duke jende asko, are gehiago agian euskalduna izanez gero, Esparza jauna bezala. Tamalez, kanoiei buruz hitz egitekotan historian atzean egin behar dugu benetako tradizioa lortzekotan. Horrela Nafarroako estatua topatuko dugu eta euskaldunon erresuma, Nafarroa izena identifikatuz. Nafarroa izan da euskaldunon estatuaren izena eta basko edo euskaldun izenak izen etnikoak izan dira. Esparza jaunak tradizioa eta historia erreibindikatzen du, baina aldi berean Euskal Herria izenarekin inoiz existitu ez den estatu baten armarria asmatu nahi du (Berria, 2008-XII-31). Artikulu hartan Euskal Herriko blasoia finkatzeko beharraz mintzo da Esparza jauna eta Seiak Bat izeneko armarri pseudotradizionalistaren alde egiten du, Bizkaiko otsoak eta Gipuzkoako kanoiak marraztuz. Abertzaleek otsoak eta kanoiak ezabatzea ez du ondo ikusten Andoni Esparzak. Baina, ez dakiguna da, zergatik ez duen onartzen nafarren armarria... nafarren bandera gorria euskaldunon herriaren ikurra izan baitira Eneko Haritza lehen erregearengandik. Bistan da Andoni Esparzak bere egin duela gaztelarrek, espainiarrek eta euskaldun oinaztarrek kontatutako historia. Bistan da 1.200 eta 1512 data esanguratsuak hutsaren hurrengo direla. Euskal Herriak ez du zertan finkatu behar armarria, aspaldidanik duelako bat, gorria dena.

Bizkaiko herritar heraldista honen ustez, eta zilegi bekit horrela pentsatzea, Mendebaldeko Nafarroan ganboatarrok bizi gara oraindik, batzuen gogoaren kontra bada ere. Guk ez dugu kanoirik nahi Gipuzkoako armarrietan, ez Antzuolan, ezta Lizartzan edo Zizurkilen ere. Gu Mendebaldeko nafarrak gara eta hori dela-eta, salatu egiten dugu gure Estatuaren historia zapaldu dutenen heraldika. Eduki badauzkagu geure armarriak eta banderak. Euskal Herria gure herriaren izen kulturala eta etnikoa da, baina gure estatuak Nafarroa du izena. Ez ditzagun berbak nahastu eta heraldikaren eranskin zitalak sala ditzagun!

No hay comentarios: